Lazkaoko San Prudentzio festarik ez da ospatuko aurten
Koronabirusaren hedapena mugatzeko eta herritarren osasun segurtasuna bermatzeko, bertan behera utzi ditu udalak. Txosna Batzordeak ere lehengo astean iragarri zuen ez dituztela txosnak muntatuko.
Koronabirusaren eragina apirilaren bukaerara arte iritsiko da, gutxienez. Lazkaon ez da San Prudentzio festarik izango aurten. Udalak gaur jakinarazi du bertan behera utzi dituela antolakuntza-lanak eta festak eurak.
“San Prudentzio jaiak, penaz, baina ezin izango ditugu ohiko datetan ospatu. Une honetan bertan behera utzi ditugu. Lehentasuna herritar ororen osasun-segurtasuna bermatzea da eta birusaren hedapena mugatzea. Horretarako aglomerazioak ekidin behar dira, eta jaiak ezin dira uztartu premisa horrekin”, azaldu du gaur goizean Kepa Zubiarrain alkateak.
Konfinamendua printzipioz apirilaren 11ra arte baldin bada ere, luzatuko ez denik ez dagoela oso argi gaineratu du udalak: “Ez baldin badakigu ere hemendik egun batzuetara zein izango den egoera, zuhurtziaz eta arduraz jardun eta jaiak bertan behera uztea da egokiena”.
Txosna Batzordeak, bere aldetik, lehengo astean iragarri zuen hark ere bertan behera utziak zituela txosna jartzeko asmoa eta lanak. Azkeneko 9 urteetan karpan jarri izan dituzte.
EH Bilduk ere bat egin du erabakiarekin. San Prudentzio festetarako izendatutako dirua bi helburutara bidera daitekeela proposatu du: San Migel jaiak indartzeko (irailaren 29an), edota itxialdiagatik ekonomikoki larrien igarotzen ari diren merkataritza-negozioei laguntzeko.
Udalak ez du argitu San Prudentzio jaien ordez zer izango den edo izango denik ere. “Udalak Jai Batzordearekin batera aztertuko du zein urrats jarraitu eta etorkizunean zein jardun egin, behin koronabirusaren pandemia gainditzean”.