Elkartasuna herritarrak saretzeko
Maskarillak egiteko ekimena jarri dute abian Seguran, eta dendariek azaldu dute bertako kontsumoa bikoiztu egin dela segurar gehienek erosten dutelako herrian
Gainontzeko Goierriko herrietan bezala, Seguran pixkanaka ari dira egokitzen alarma egoerak eragindako neurrietara. Kaleak ia hutsik daude; eguneko erosketa egitera ateratzen dira herritarrak kalera. Fruitadendan, okindegian eta harategiaren inguruan ikus daiteke jendea, ilaran, haien txanda itxaroten, bata bestetik bi metrora. Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldu du herritarren jarrera ona ari dela izaten: «Oso ondo ari dira errespetatzen; ikusten da jendea neurriak barneratzen ari dela». Azaldu du erosketak egitera ateratzen direnean ere, etxe bakoitzetik pertsona bakarra ateratzen dela.
Herritarren elkartasuna ere nabarmendu du: «Balkoietan sekulako giroa dago; Iparra-Hegoa egitekoa zen asteburuan, eta balkoietan ekintza ugari egin dituzte». Horren harira, Anje Duhalderen Maitasun nortasun kantua abestu dute hainbat segurarrek bideo bidez, Iparra-Hegoa jaialdiaren antolatzaileen deialdiari erantzunda.
Elkartasun unea
Segurarrak sareak osatzen ari dira aparteko egoera honetan. Jostun boluntario talde batek maskarak egiteko ekimena jarri du martxan. Herritarrek kotoizko oihala eman dute, eta udalak haria eta gomak jarri ditu. Urdalleta alkateak azaldu du «elkartasuna» erakutsi dutela segurarrek egoera berri honi aurreko egiteko garaian. Honela, «lehenengo behar gehiena dutenei hasiko gara banatzen eta Zerain eta Mutiloari ere lagunduko diegu honetan».
Bakarrik bizi direnentzako erosketak egiteko bolondres taldea ere osatu dute, baina oraingoz ez dute izan haren beharrik: «Bolondres talde horri tira egin beharrik ez dugu izan; denak oso ondo ari dira moldatzen, seme alabekin, bizilagunekin…nahiz eta bakarrik bizi ere, nabarmendu behar da ez daudela bakarrik», eman du aditzera alkateak.
Herriko merkataritza gora
Etxean geratzeko aginduak iraun bitartean, lan egitera edo enkarguak egitera aterako dira herritarrak kalera. Egoera horretan, erosketak Seguran bertan egiteko erabakia hartu dute askok, eta bertako merkataritzan eragin zuzena izan du: «Herriko kontsumoa nabarmen igo da; orain gutxiago ateratzen dira herritik eta jendeak ez du kotxea hartzen erosketak egiteko», azaldu du Segurako alkateak. Gehitu du herriko merkataritzarentzako «positiboa» dela. Hainbat merkatarik azaldutakoaren arabera, egoera honek Segurako merkataritzaren garrantzia eta indarra azaleratu ditu.
Herriko dendetan ere hainbat neurri ezarri dituzte koronabirusaren hedapena saihesteko. Denda bakoitzeko sarreran eskularruak eta zakarrontzia daude, erosleek sartzerakoan eskularruak jarri eta ateratzerakoan zakarrontzira bota ditzaten.
Pagosa okindegiko Ixabel Urbizuk kezka eta ardura agertu du, eta dendariek euren burua arriskatzen dutela eman du aditzera: «Egoera larria da, eta guk asko esponitzen dugu geure burua; gero etxera joan eta lixibarekin garbitzen dugu guztia».
Herritarrak, dendari zein erosle, arduraz ari dira jokatzen. Segurako kale ia hutsetan, dendak dira elkarguneak. Bata bestearengandik bi metroko tartea utzita, elkarrekin mintzatzen dira herritarrak itxaronaldia arintzeko.