Enpresek tamainaren arabera hartu dituzte lana eteteko neurriak
Konpainia handiek opor egunekin edo ordu poltsekin estaliko dute derrigortutako geldialdia. Enpresa txikiek eta autonomoek aldi baterako espedienteetara jo dute
Osasun alarma egoeran astelehenetik indarrean den lan jardunaren geldialdiari estrategia desberdinekin aurre egin diote Goierriko enpresek. Eskualdeko konpainia handienek krisialdiaren lehen astean bertan erakutsi zuten zein bide hartu duten: erregulaziorik egin gabe, gero berreskuratzekotan eta ohiko ordainpean geratu dira langileak etxean. Baina orain, erabateko etenaldia «ezinbesteko» sektoreetakoak ez diren enpresa ertain eta jardunean jarraitzen zuten autonomoetara iritsi da, eta bestelako neurrietara jo dute.
Enpresaren tamainak zerikusia du, ordea, kasu honetan ere. Idiazabalgo Jasok, adibidez, Espainiako Gobernuaren dekretuak aurreikusitako «baimen ordaindu berreskuragarria» aukeratu du. «Baina ez da erraza suertatzen ari. Ez da erraza enpresa bat ixtea, hau ez da argiak itzali eta etxera joatea. Aguraingo lantegian, adibidez, segurtasuna jarri behar izan dugu, makina guztiak itzali… Larunbat arratsalde batean hartzeko erabakia ez da hori gobernu batentzat», deitoratu du Jasoko ordezkari batek.
Bestetik, Jasok nazioartean diharduenez produktuak saltzen eta mantentzen, kinka eragin die itxiarazteko erabakiak. «Zerbitzuak mundu mailan ematen ditugu. Australia eta Ingalaterra dira gure bezero handienak orain, eta haiei ere erantzun beharra dago. Zerbitzu minimo batzuk utzi behar zituzten. Alemanian lanean ari dira, eta egindako eskariak bidaltzen ari zaizkigu, kamioiak iristen dira… Erotu beharrean ari gara. Nominak prestatzen dituena ere etxean dago, hilaren bukaera da…».
Apirilaren 9ra arte egongo da industri eta lan jarduna etenda, eta bien bitartean, enpresa txiki gehienak aldi baterako erregulaziora joango dira, ABEEra. «Mikroenpresa eta autonomo sarean mugitzen gara gu batez ere, eta dekretuagatik itxi duten gehienak albi baterako erregulaziora joan dira», argitu du Beasaingo Gertu aholkularitza zerbitzuko Pello Barandiaranek. «Tailerretan eta enpresa txikietan, itxiera 15 egunerako denez printzipioz, malgutasunez hartu dute: oporretatik egun batzuk, ordu poltsa bat baldin bazeukaten hortik… horrelako neurriak hartu dituzte».
Kezka ondorenak sortu du
Oraingoz, lehen urratsa hamabost eguneko geldialdia nola kudeatu da galdera. Baina egoera luzatzen bada, kezka apirilaren 11tik aurrera etor daitekeenak sortzen du. «Hau orduan altxatzen ez bada eta luzatzen bada, txikizioa izugarrizkoa izango da: konkurtsoak, itxierak… Oso beltza ikusten dut egoera», dio Barandiaranek.
«Enpresa traktoreek beste dinamika bat daukate, eta beste egoera bat dute. Baina enpresa txikiek kolpe polita jasoko dugu, eta zutik irauteko aukera geratzen bada, gaitzerdi. Halako egoerek ondoren aukerak ere ematen dituztela esan ohi da, baina aldi oso gogorra eta hemen oso gutxi ohituta gaudena pasatu beharko dugu seguru asko», gehitu du Barandiaranek.
ALDI BATERAKO ENPLEGU ERREGULAZIOA (ABEE)
· Zer da? Konpainia batek kontratu bat edo hainbat denboraldi mugaturako eteteko jasotzen duen aldi baterako baimena da.
· Ondorioa. Enpresako enplegatuen zerbitzua ezeztatzen da, eta ez dauka haiei ordaindu beharrik. Langileek enpresarekin lotuta jarraitzen dute, baina ez dute kobratzen, ez opor edo soldata gehigarririk sortzen.
· Aplikazioa. ABEE krisialdi jakinetarako pentsatuta dago, eta krisi garai hori amaitzen denean baldintza beretan itzul daitezke langileak enpleguetara.
· Nork. Koronabirusaren alarma egoeran, krisiak eragin dien enpresa guztiek eska dezakete, soldata-gastua arintzeko edo lantaldearen lana gutxitzeko.
· Diferentzia. Ohiko enplegua erregulatzeko espedientetik dagoen alde nagusia da, ABEEa edozein enpresak eska dezakeela. Erregulazio espediente arrunta, aldiz, enpresaren langil kopuruaren arabera zehazten da. ABEEak denboraldi bateko krisietarako planteatzen dira, eta langileak enplegura itzul daitezke, eta ez dago kalteordainik.
· Eskubideak. ABEEak dirauen bitartean langileak langabezia kobratzeko eskubidea du, nahiz eta prestazioa jaso ahal izateko normalean behar diren gutxieneko 360 egunak ez kotizatu.
Enpresei gobernuak ordainduko die langileagatik Gizarte Segurantzari ordaintzeko kuota.
· Euskaraz nola. ‘Enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente’ (ERTE ez). Laburtua: ‘aldi baterako erregulazio’ edo ABEE.