«Gizarte hiperaktibo bat gara; aspertuta egoten ikastea inportantea da»
Aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Olatz Berastegik egun hauetako kezkak argitze aldera. Errutina bat izatea garrantzitsua den arren, gurasoek malguak izan behar dutela azaldu du.
Familia psikoterapeuta da Olatz Berastegi. Harremanak Hezkuntza Elkartearen sortzaileetako eta zuzendarietako bat ere bada. Familientzako aholkularitza lanetan aritzen da Gipuzkoako hainbat udaletxetan, eta koronabirusa eta konfinamendu-egoera dela eta, Legorretako Udalak ezarri duen aholkularitza zerbitzua eskaintzen ari da egun hauetan. Telefono bidez, sor daitezkeen zalantzei, kezkei eta tentsio momentuei aurre egiteko baliabideak ematen ditu Berastegik.
Zein gomendio emango zenieke familiei konfinamendu egun hauek arintzeko?
Nik uste dut egoera hau berezia dela guztiontzat. Orokorrean esaten dena da errutina mantentzea inportantea dela. Bai, baina gurasoak malguak izatea ere garrantzitsua da, haien buruarekiko eta haurrekiko. Egoera bakoitza, etxe bakoitza, desberdina da, orduan ulertu behar dugu denentzat egoera berezia dela, emozioak pil-pilean daudela eta etxe bakoitzean ordutegi batzuk eta betebehar batzuk daudela.
Malgutasun horrekin zer esan nahi duzu?
Egun hauetan, adibidez, agian telebista gehiago ikusiko dute. Ulertu behar dugu zein egoeratan gauden guztiok. Bestalde, gure betebeharretan ere integratu ditzakegu umeak. Ahal duten neurrian, eta adinaren arabera, lagundu dezakete.
Denbora guztian haiei begiratzea da, baina familia bakoitzak egoera bat izango du. Haurrek jolastu behar dute, mugimendua behar dute, eta hortik aurrera bakoitza kokatu dadila.
Asperraldiak eta amorrualdiak ere izango dira. Nola kudeatu daitezke momentu horiek?
Horietakoak ere egon behar dira. Hasieran ekintza ugari egin ziren. Nik uste dut gizarte hiperaktibo batean bizi garela. Unibertsitateko paziente asko agobiatuta daude, eta DBHko ikasleak ere lanak ezin entregatu dabiltza. Txikientzat ere ezdakit zenbat eskulana. Hor ikusten da gizarte hiperaktibo bat garela. Horregatik, aspertuta egoten ikastea garrantzitsua da.
Umeen emozioak ere jaso behar ditugu,eta ulertu guztioi eramaten gaituela egoerak urduriago egotera eta amorrua ateratzera. Orduan, kulpa itzuli gabe jaso behar ditugu haien emozioak, eta ulertarazi denei eragiten digula konfinamenduak.
Umeek ere badakite etxean geratzea ez dela ohikoa. Nola azaldu diezaiekete konfinamenduaren arrazoia?
Adinak ere markatuko du. Egia azaldu behar da, amorrua sartu gabe eta beldurra zabaldu gabe. Beraiek etxean daude eta badakite egoera berezia dela. Nik azalduko nieke egia kontatuz: gaixotasun bat dela eta zaindu behar dugula. Baina beldurrak ezin du izan istorioaren oinarria.
Ipuinak modu egokia izan daitezke azalpenak emateko?
Bai. Askotan ere haurrek galdetzen dute, eskatzen dutenaren eta haiek azaltzen dutenaren neurrian azaldu dezakegu. Ipuinak izan daitezke modu bat, eta hitzek ere balio dute.
Nik beti esaten dut argiak eta egiak kontatu behar direla, baina emozioarekin ezin da istorio guztia bete.
Hainbat plataformatan eskaerak egin dituzte haurrak kalera ateratzen uzteko. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Haurrek mugimendua eta jolasa behar dute. Nik uste dut hori ahalko litzatekeela planteatu. Ez dakit nola izan daitekeen, ordu bat ezarrita edo agian. Etxean dagoen giroaren arabera, eta dauden emozioak kudeatzen ditugun eraren arabera, haurrak ondo egon daitezke. Baina faktore asko daude hor ere: etxea bera, etxeak terraza daukan ala ez ere eragiten du. Iruditzen zait kontuan hartu beharko luketela.
Zer ondorio ekar ditzake egoera honek etorkizunean?
Bai egoera nola ari garen kudeatzen ikusteko, eta baita horrek izan ditzakeen ondorioak aztertzeko ere, faktore asko hartu behar dira kontuan. Faktore sistemikoa garrantzitsua da, nola zegoen sistema egoera baino lehen eta ondoren nola izan behar dugu kontuan. Nik uste dut momentu honetan ezin dugula aurreikusi zer ondorio izango dituen. Baina hor dago haurrek eta helduek sozializatzeko dugun beharra; adi egon behar dugu emozioak nola bizi ditugun garai honetan…eta ondorioetara ere adi egon behar dugu.
Ondorioak gero sufrituko ditugu, guztia pasatzen denean.
Askotan gauza askorekin, momentuan bizitzean, ez gara kontziente, eta ondorioak denbora pasatzean ikusten dira. Gorputza egokitzen da, baina ondoren, gorputzaren erantzunak eta antsietateak pairatzen ditugu.
Beti bezala, ondorioak izango dira bakoitzak duen egituraren araberakoak, bai familian eta baita inguruan ere.