Goienerrek krisialditik babesteko proposamena egin dio ministerioari
70 energia merkaturatzaile independentek bost puntuko proposamena luzatu diote Trantsizio Ekologikoko Ministerioari. Energiaren prezio justua bermatu nahi dute
Etxeetako energia kontsumoa gora egiten ari da, eta hilabete bukaerako faktura gizenduta helduko da kasu askotan. Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak beste 69 energia merkaturatzaile independenterekin batera, bost puntuko proposamen bat prestatu dute «argindarraren prezio justua» bermatzeko. Martxoaren 24an helarazi zioten proposamena Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioari eta oraindik ez dute erantzun ofizialik jaso. Halere, Espainiako hainbat hedabidek aurreratu dute eskakizunak onartuak izango direla. «Hala izatea espero dugu, baina oraindik ez dakigu. Erantzuna laster jasoko dugula pentsatzen dugu, eta egoera berezi honi elkarrekin aurre egiteko eta ondorioak ahalik eta txikienak izateko».
Proposamenak bost puntu ditu: bezeroak kontratatutako potentziak aldatzeko eta tarifak egokitzeko aukera izatea alarma egoerak dirauen bitartean gehi urtebeteko epean; ekipoetan egin beharreko aldaketak gauzatzeko instalazio elektrikoaren ziurtagiria aurkezteko salbuespena; alarma egoera amaitu eta 30 eguneko tartea izatea kosturik izan gabe bezeroek berriz ere balizko egokitzapenak egin ditzan; kontratatutako jatorrizko potentzia berreskuratzeko bermea, merkaturatzaileak jakinarazpena bidaltzen duenetik gehienez ere zazpi eguneko epean; eta, bezeroen zatikako ordainketak eta ordainketa geroratuak errazteko neurriak, eta merkaturatzaileek sarbide-bidesarien ordainketa atzeratu ahal izatea. «Bezeroei argindar potentzia erregulatzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu, fakturaren kostua bizi dugun egoerara moldatzeko», laburbildu du Erika Martinez Goiener kooperatibako komunikazio arduradunak.
Ekonomia ia erabat geldituta, herritarren diru sarrerak ere txikiagoak izango dira. Horregatik, energia hornitzaile independenteek ezinbestekotzat dute jendearen ahalmen ekonomikora moldatzeko erraztasunak eskaintzea. «Erabakiak ongi hausnartuta hartu behar ditugu, ezin baitugu orain zerbait esan eta urte bukaeran kontrakoa. Horregatik, epe luzera begiratu behar dugu eta proiektuaren jarraipenaren eta prezio justu baten arteko oreka topatu».
Martinezek dio egoerari ongi ari zaiela eusten, eta bezeroen kopurua hazten ari dela. «Etxetik bada ere, lanean gabiltza», azpimarratu du. Energia kontsumoak, orokorrean, behera egin du nahiz eta kontsumo domestikoa igo egin den.