Herri ataria, plazaren ordezko
Lehenaz gain, herritarrak informatu eta kohesionatzeko toki bihurtu da 'zaldibia.org' webgunea. Itxialdia arintzeko hainbat proposamen plazaratzen ditu egun biz behin
Komunitateari lekua egiteko sortu zen, eta komunitatearekin hartuemanean jarraitzen du. Zortzi urte beteko dira ekainean Zaldibiako Udalak zaldibia.org herri ataria sustatu zuenetik, herri informazio guztia bildu eta herritarren zerbitzura jartzeko. Hogeita hamar eragilek baino gehiagok dute atarirako sarbidea, eta jaio zenetik hona komunikazio digitalean baliabide berriak sortu diren arren Whatsappa eta sare sozialak, batez ere eusten dio oraindik herria kohesionatzeko nahiari.
Ataria bizirik dagoenaren zantzuak nabarmenak izan dira azken hamabost egunetan. Atariaren kudeatzaileak izan ziren konfinamendua hastearekin batera hainbat proposamen plaza digitalean jarri zituztenak Ibon Magoaren saioa, haurrentzako marrazki proposamena, Elena Ruanoren eskulan proposamena…, baina egunak pasa ahala, herritarrek ere adierazi dute parte hartzeko nahia.
Bertsoak bidaltzeko deia
«Guri bururatzen zaizkigunez gain, herritarrek ere ideiak proposatzen dituzte. Beti-Gazte elkartekoek, esaterako, egin zuten sukaldaritza ikastaro bateko bideo korteak pasatu zizkiguten, eta guk egin duzu edizioa. Papiroflexia lantzeko proposamenak ere iritsi zaizkigu…», adierazi du Orkatz Gorrotxategi atariaren kudeatzaileetako batek.
Joan den asteburuan, esaterako, Aitziber Garmendiaren bideo bat plazaratu zuten mila ikustalditik gora ditu, eta herritarren arteko pintxo lehiaketan ere jende askok hartu zuen parte. Asteburuan herritar batek helarazitako errezeta bat ere zabalduko dute, eta herriko bertsozaleek egindako proposamenetik zer irudi jasoko zain daude: bakarka edo familian egindako bertsoak grabatu eta iganderako bidaltzeko deia dago egina. Asmo gehiago ere badituzte, eta herritarrek ere proposamenak egin ditzakete posta elektroniko bidez: zaldibiaorg@gmail.com.