Herritarren osasuna aurretik
Idiazabalgo Udalak hainbat neurri abiarazi ditu herritarren ongizatea ardatz hartuta. Herriko dendak goizez zabalik daude erosketak bertan egin ahal izateko.
Idiazabaldarrak «oso-oso ondo portatzen ari dira». Hala adierazi du Iñaki Alberdik, Idiazabalgo alkateak. «Herritarrak ezarri diren irizpideak ederki jarraitzen ari dira, kalean ikusten diren pertsonak herriko dendetan erosketak egitera atera direnak dira, eta jokaera oso arduratsuarekin ikusten ditut». Idiazabaldarren jarrerarekin «pozik» agertu da alkatea. Orain, garrantzitsuena «herritarren osasuna» eta «kutsatuen kopuruak behera egitea» dela nabarmendu du.
Aurreko bi asteetan «lantegiak irekita zeudenez, kotxeen joan etorria handiagoa» zela esan du. Aste honetan berriz, «hori nabarmen aldatu» dela dio. Goizetan eta arratsaldeetan ikusten den jende kopurua ere «»oso deberdina da». Dendak «goizez daude zabalik eta herritarrak beharrezko gauzak erostera ateratzen», direla azaldu du.
Aparteko egoera honen aurrean, udalak neurri bereziak hartu ditu. «Lehenengo momentutik udalaren zerbitzuak bertan behera gelditu ziren, kirol eta kultur zerbitzuak, besteak beste». Gainera, «haurrentzako parkeak, kiroldegia eta pilotalekua itxita daude, alarma egoera ezarri baino bi egun lehenago».
Udal langileei dagokienez, «etxetik ari dira lanean, gizarte langilea eta administraria». Kalean lanean ari diren udal langileak «aguazila eta garbiketa zerbitzukoak dira».
Alberdik esan du «udala osatzen duten bi taldeak gizarte zerbitzuetako eta eguneko zentroko langileekin elkartu» zirela, «jarduteko moduaren inguruan erabakiak hartzeko». Gainera, «pisu tutelatuetan dauden pertsonen egoera aztertu eta behar duten arreta» ematen ari dira. Eguneroko jana jasotzea bermatu die udalak. Gainera, «hainbat herritarrek erosketak etxean jasotzeko eta hondakinak ateratzeko eskaria egin» diote udalari. Alkateak argitu du, «Gurutze Gorriak kudeatzen duen boluntario taldea ari dela lan horik egiten ari».
Herrigunean bizi diren herritarren ongizateaz gain, herrigunetik kanpo bizi direnekin ere ardura erakutsi du udalak: «Aguazila inguruko baserrietara gerturatu da zer moduz dauden eta zerbait behar ote duten galdetzera». Gainera, 70 urtetik gorako herritar guztiei deitu diete gizarte zerbitzuetako langileek, «haien beharrak detektatzeko».
Horretaz gain, «udaletxeko 3D inprimagailua erabilita, komentuko monjentzat eta udal langileentzat maskarak» egin dituzte. Herriko emakume talde bat ere, gelditu gabe lanean jardun du eta maskarak josi dituzte. Gurutze Gorriari eman dizkiote «behar den tratamendua eman diezaioten».
Arlo ekonomikotik, herritarrei laguntzeko hartu dituzten neurriei dagokienez, batetik, «ibilgailuen tasa ordaintzeko epea luzatu» dute, baita zaborren tasarena ere; alarma egoera amaitzen denean erabakiko dute nola egin.
Bestalde, etxealdian kirol pixka bat egiteko zerbitzua ere abiarazi dute. Udalaren webgunean jarriko dituzte ariketen bideoak.
Elkartasun unea
Idiazabalgo kaleetara begiratu eta Goierriko gainontzeko herrietan bezala, herriko establezimenduetan ilarak aurki daitezke. Dendariak lanean ari dira. Izpar denda da horietako bat. Tere Barrena arduraduna eskularru eta maskara jantzita dago «bezeroen osasuna oso kontuan» duelako. Egunotan, «prentsaren salmentak gora» egin duela kontatu du. Horrez gain, beste produktu batzuk ere baditu salgai: «Puzzleak eta hezkuntza jokoeak, sekula baino gehiago saltzen dira, etxerako denbora pasa polita dira».
Arantxa Mertzeriakoek garai berezi hauetara egokituz, etxez etxeko zerbitzua eskaini dute; Whatsapp bidez ari dira. Mertzeriako produktuez gain, etxeko garbiketarako, higiene pertsonalerako eta beste hainbat eta hainbat produktu dituzte. Informazio guztia, whatsappez +34 943 187 506 telefonora Kaixo eta izena idatzita jaso daiteke. Eskaerak egiteko, telefono zenbaki horretara deitu daiteke.