Suhiltzaileek istripu jaitsiera nabaritu dute, konfinamendua dela eta
Koronabirusagatik protokolo zorrotza jarraitu behar dute. Etxe batera doazenean, segurtasun neurriak hartu behar dituzte. Adinekoen egoitzak garbitzen ari dira
Suhiltzaileak beti laguntzeko prest daude eta oraingoan ere ez dute kale egin. Adinekoen egoitzak desinfektatzen ari dira, beraien ohiko lanak egiteaz gain. Konfinamendua dela eta, istripu kopurua asko jaitsi dela diote.
Gipuzkoan zortzi parke daude eta guztiek egitura bera dute, Irungoak izan ezik. Irungoan goardia bakoitzean zazpi suhiltzaile egoten dira eta besteetan bost. Parke bakoitzean (Irungoan izan ezik) 30 suhiltzaile daude guztira. Horietatik sei kaboak dira. Beraz, sei talde egoten dira.
Larrialdiren bat dagoenean, gertuen dauden bi parkeetako taldeak abiatzen dira. Lehenengo iristen den taldeak hartzen du ardura: larrialdiaren garrantzia neurtzen du eta bigarren taldea beharrezkoa den edo ez erabakitzen du. Egoera larria bada, hirugarren talde bat eskatzen du.
Koronabirusak eragindako konfinamendua dela eta, larrialdi kopurua asko jaitsi da. Baina suhiltzaileak ez daude besoak uztarturik. Arazo larri bat dagoen bakoitzean gizarteak suhiltzaileen laguntza behar izaten du eta oraingoan ere beraiengana jo du. Krisi honetan adinekoen egoitzak desinfektatzeaz arduratzen ari dira.
Koronabirusa dagoeneko adinekoen egoitza batzuetan sartu da. Suhiltzaileak kutsatzea oso albiste txarra izango litzatekeenez, Norbere Babeserako Ekipoekin lan egiten ari dira. Bide batez, ondo dauden adinekoak ez kutsatzea ere ekiditen da.
Lixibadun ura
Lixibadun urarekin guztiek erabiltzen dituzten tokiak garbitzen dituzte: adinekoen egoitzen sarrerak, barandak, etengailuak, denek erabiltzen dituzten gelak… «Lixibadun urak minutu batean birusa hiltzen du», aipatu du Igor Altzelai suhiltzaile legazpiarrak. Altzelai Legazpiko parkeko kaboetako bat da.
Krisiak iraun bitartean, zaharren egoitzak garbitzen jarraituko dute. Lana bukatu ondoren, Norbere Babeserako Ekipoak desinfektatu egiten dituzte produktu berarekin.
Gainontzeko lan guztietan ere oso protokolo zorrotza jarraitzen ari dira. «Gure lanetako bat etxeetara sartzea da. Protokoloa aldatu dugu, barruan koronabirusa duen norbait egon baitaiteke. Hala, jantzi bereziak janzten ditugu etxe batera sartu aurretik. Etxe batera sartu ondoren ere, erabiltzen dugun arropa erabat desinfektatzen dugu».
Protokolo berriak suhiltzaileen parkeetan nola lan egin ere zehazten du. Hor ere neurri zorrotzak jarraitu behar dituzte. «Parkeak itxita daude. Ezin da kanpoko inor sartu. Hori dela eta, bisitak eten egin dira. Bestalde, ez da komeni suhiltzaile taldeek elkar kutsatzea. Hori dela eta, txanda aldaketa egin aurretik parkea desinfektatzen dugu. Guk 24 orduko txandak egiten ditugu, baina Espainiako toki batzuetan txandak luzatzen ari dira talde batek bestea kutsatzeko arriskua txikitzeko».
Koronabirusa gutxi balitz, aste honetan elurra egin du. «Alerta horian egon gara. Elurteetan erabiltzen dugun makineria prest eduki dugu. Izan ere, gure lanetako bat elurteetan ospitaletako bideak garbitzea da». Albiste onak ere badaude, zorionez. «Etxean egon beharra dugunez, lan, aisialdi eta auto istripuak asko jaitsi dira. Suteak ere bai. Egunotan lapikoek ez dute su hartzen, ondoan baikaude. Hau luzerako doala dirudi, baina etxean jarraitzen badugu azkarrago geldituko dugu».
Josu Ormazabal suhiltzaile segurarra iritzi berekoa da. Ormazabal Ordiziako parkeko kaboetako bat da. «19 urte daramatzat lanbide honetan eta sekula ez zait halako egoera arrarorik bizitzea suertatu. Normalean aurrean duguna ikusi egiten dugu (sua, istripua…) eta horrek arriskua baloratzen laguntzen du. Oraingoan ez dugu ikusten».
Aste honetan Beasaingo eta Ordiziako adinekoen egoitzak desinfektatu dituzte. Koronabirusa bertan sartu da dagoeneko. «Egoera ez da batere erosoa: bertan daudenak ezin dira atera, kezkatuta daude… Ea ez den gehiago zabaltzen eta gaixo dauden guztiak sendatzen diren. Gu ere kezkatuta gaude, noski. Protokoloaren jarraipenean akatsen bat egiten badugu kutsatu egin gaitezke eta ondoren jende asko kutsatu dezakegu».