Balkoian, antzokiak noiz irekiko diren zain
Antzerki saioak, telesail eta pelikula filmatzeak, kontzertuak... bertan behera gelditu dira. Kultur munduko langileak etxean daude eta oraingoan ere kultura galtzaile irtengo den beldur dira.
Krisi bat dagoen bakoitzean kultur munduak kolpe latza jasotzen du eta Goierriko sortzaileak oraingoak ere kulturari bereziki eragingo dion beldur dira. Xegun Altolagirre gidoilariak eta Sara Cozar eta Jon Plazaola aktoreek beraien iritzia eman dute.
Alarma egoerak eskuartean zuen azken proiektua amaitu berritan harrapatu zuen Altolagirre. «Lasai harrapatu nau. Gainera, etxetik lan egitera ohitua nago. Hori bai, dena gelditu egin da eta ezinegona sentitzen dugu, ez baitakigu noiz itzuliko garen. Telebista saio batean lan egiteko eskaintza nuen, baina eten egin da ezin dutelako ikuslerik hartu». Hala, bere proiektuak lantzen ari da. Eta Legazpiko sortzaileen webgunea bultzatu du, beste herritar batzuekin batera. «Helburua herriak bizirik mantentzea da».
Hori bai, etorkizunean zer gertatuko den beldur da. «Lehentasunak zeintzuk izango diren pentsatzeak kezkatu egiten nau: zertara bideratuko da dirua? Kultur jarduera etetea ez zitzaien asko kostatu eta antzoki batean 200 pertsona sartzeak beldurra emango du».
Legazpitik Donostiara
Altolagirre Legazpin bizi da emaztearekin eta bi seme-alabekin. Cozar, berriz, Donostian bizi da, bikotearekin eta 4 urteko semearekin. Jardueraren eteteak oso une txarrean harrapatu du. «Azken bost urteetako une onenean nengoen: Erlauntza eta Utzi mezua seinalearen ondoren antzezlanetan lan egiten, eskolak ematen eta Alarde telesaila grabatzen ari nintzen. Hurrengo bi hilabeteetan lan asko nuen eta gure lanbidean halako boladak ondo aprobetxatu behar dira. Egunotako antzerki saioak bertan behera gelditu dira, ez dakigu telesaila grabatzen jarraituko dugun… Antzerki saio horiek errekuperatzea zaila izango da, udazkeneko agendak nahiko beteta baitaude. Batzuk udazkenean egingo dira, beste batzuk datorren urtean… ez dakigu oso ondo zer gertatuko den, ez baitakigu noiz arte luzatuko den egoera hau».
Krisi honek aldaketa handiak ekarriko dituela uste du. «Larriena jende asko hiltzen ari dela da, noski. Baina arazo ekonomikoa ere latza izango da. Denok gelditzea beharrezkoa da, baina horrek ondorioak izango ditu. Baina tira, honetatik ere aterako da. Oso egoera larria bizi dugu, baina gure etxean gaude, janari-dendara joan gaitezke, janaria dugu, berogailua eta ur beroa dugu… Munduan katastrofe askoz ere handiagoak pairatzen ari dira beste asko. Egia esan, telebista ikusteari utzi nion, nekatzen hasi bainintzen. Etxean egon beharra dudanez, nahiago dut lasai egon».
Ez zuen uste etxean horren gustura egongo zenik. «Beti kale zalea izan naiz eta gaizki moldatuko nintzela uste nuen, baina oso gustura nago. Lau urteko semearekin eta mutilarekin nago. Haurrarekin jolasten dugu, ingelesa ikasten ari naiz, paretak margotu ditugu… Etxean egoteaz eta semearekin egoteaz gozatzen ari naiz. Balkoia txikiegia zela esaten nuen eta egunotan sekulako bizia eman digu. Egunero balkoian gosaltzen dugu».
Donostiatik Zumarragara
Jon Plazaolak ere ondo darama konfinamendua. Madrilen lan egiten ari zen, eta hango egoera asko okertzen ari zela ikusirik, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. «Que nadie se mueva antzezlanarekin, martxoaren 29a arte saioak genituen. Alarma egoera dekretatu aurretik ikastetxeak itxi zituzten eta etxera itzultzea erabaki nuen. Ez nuen nahi konfinamenduak Madrilen harrapatzea. Gainera, apirilaren 3an Aitziber Garmendia eta biok Losers antzezlanarekin hastekoak ginen». Que nadie se mueva lanaren bederatzi funtzio galdu dituzte. Losers-enei dagokienez, berreskuratzea espero dute.
Beste behin, kultur munduko langileek gaizki pasako dutela uste du. «Mundu honetan autonomo asko dago. Lankide askori kuota kobratu diete, baina azken hilabetean ez dute batere lanik izan. Eta konfinamendua bukatzen denean kulturari zenbaterainoko garrantzia ematen zaion ikusi beharko da. Egunotan zuzenekoak eskatzen dizkigute jendea entretenitzeko. Ea normaltasunera itzultzen garenean ere gutaz gogoratzen diren».
Konfinamendua ondo
Egunotan ETB1eko Gure Kasa saioan lan egiten ari da, etxetik. Konfinamendua ondo daramala dio. «Egunak pasa ahala gogorragoa izango dela uste dut, baina gure esku dago entretenituta egotea. Goiz jaikitzen naiz, lasai gosaltzen dut, zereginen zerrenda egiten dut, ariketa fisikoa egiten dut, irakurri, telesailak eta pelikulak ikusi…».