Baloia gelditu egin da
Goierriko kirol talde gehienek denboraldia amaitutzat jotzen dute, nahiz eta ez duten baieztapen ofizialik jaso. Geldialdiak kalte ekonomikoak eragingo dizkie. Datorren denboraldia prestatzen hasita daude
Goierriko kirol taldeak ezkorrak dira, eta 2019/2020 denboraldia amaitutzat jotzen dute modalitate guztietan. Hutsartea luzatzen ari da, inork ez daki egoera noiz etorriko den bere onera eta egutegia estutzen ari da falta diren partidak jokatzeko. Kirol zuzendariak datorren denboraldia prestatzen hasi dira jokalariak etxean entrenatzen dabiltzan bitartean, hala moduz bada ere.
Ampo Ordizia denboraldi ona ari zen osatzen, titulurako kanporaketetan aldeko kantxa faktorea bermatzen dioten postuetan baitzegoen. «Denboraldia bertan behera geldituko denaren susmoa dugu, eta ez dira kanporaketak jokatuko», azaldu du Igor Eguren klubeko kudeatzaileak. «Federazioak apirilaren 30ean jarri du erabaki bat hartzeko muga, baina egoera nola dagoen ikusita, Ohorezko Mailako Kluben Elkartea osatzen dugun taldeek denboraldia bertan behera uztea ebatzi genuen».
Futbolean ere federazioaren zain daude. «Esaten duten guztia profesionalei begira pentsatuta dago: ekainean, uztailean edo abuztuan amaitzea. Guretzat, ezinezkoa da hori», azpimarratu du Unai Zurutuza Beasaingo kirol zuzendariak. Koldo Zaldua Goierri Gorriko arduraduna Gipuzkoako Futbol Federazioan ere ibiltzen da, eta aitortu du profesionalak ez diren maila guztien jarduna eteteko lanean ari direla. «Beste herrialdeetan ere horrela egin dute, eta gurean ere laster egingo dela ofizial pentsatzen dut». Bi klubetako talde nagusienak ez daude igoera edo jaitsiera postuetan, eta argi dute datorren denboraldian non jokatuko duten.
Zuloa ekonomian
La Salle Legazpi taldea eskubaloiko lurraldeko lehen mailako sailkapeneko bigarren postuan zegoen liga bertan behera gelditu zenean. Ondo bidean, igoera fasea jokatuko lukete, baina ikusteko dago: «Ez da justua ligako partida denak jokatu gabe igoera fasera sailkatzea», dio Manuel Mugerza entrenatzaileak. «Ez dut uste berriz ere kantxara itzuliko garenik. Talde profesionalek interes ekonomikoak dituzte eta nahiko dute itzuli, baina ez dut ikusten noiz egin dezakegun. Guretzako, gutxienekoa da», gaineratu du.
Goierri saskibaloi taldearen kasuan, nesken lehen taldea matematikoki igota dago, eta gizonezkoena maila galtzeko zorian zegoen. «Aukeretako bat da dena bere horretan uztea, igoerarik eta jaitsierarik gabe. Ez dakit guretzako irtenbiderik onena den, uste dugulako nesken maila lurraldeko lehen mailakoa delako eta ez dakigulako beste denboraldi batez EBA ligan jokatzeko gaitasun ekonomikoa izango dugun», azaldu du Sergio Gonzalez kirol arduradunak.
Taldeei kalte ekonomikoa eragingo die geldialdiak, batzuei besteei baino gehiago. «Azken kuotak ez ditugu ordainduko, herriko komertzioek ere diru gutxiago izango dute guri laguntzeko eta laguntza publikoak txikiagoak izango dira», dio Gonzalezek. Eguren ere kezkatuta dago eta galerak nola txikitu pentsatzen dabiltza. «Ordiziak soldatapeko langileak ditu, eta beraiekin hartutako konpromisoak bete egin behar ditugu. Diru sarrera txikiagoekin, aukera guztiak aztertzen ari gara nola lortuko dugun jakiteko».
Jokalariak etxean ari dira entrenatzen: «Skype bidez gelditzen gara ariketak taldean egiteko», dio Zurutuzak. Ordiziako jokalariek sailkapen bat sortu dute egin beharreko ariketen umore onari eusteko. «Gureak erdi oporretan daude», aipatu du Mugerzak. «Bakoitza nor bere kabuz ari da ariketak egiten, komeni delako eta egunak horren luzeak izan ez daitezen».