Kalean katurik ere ez dabilenik ezin esan
Etxealdiko hirugarren astea eta hemezortzigarren eguna doa. Nekea nabaritzen hasi da, baina ez kutsatzeko neurriak bere egin ditu jendeak. Ataunen ere ohitu dira herritarrak etxeratze agindura. Janari-dendak eta botika daude bakarrik zabalik.
Ataun San Martinen mantentzen dira oinarrizko zerbitzuak martxan. Tabernak, elkarteak eta udal eraikin guztiak itxita, kalea ere desertu dago asteazken goizean. Herritar banaka batzuk azaltzen dira plazara, asko kotxean; lau gauza erosi, eta atzera isolamendura. Artaldea pasatu izanaren markak soilik daude plazan, eta kale katu bakarti bat, kasu egiten dionarengana hurbiltzeko bezain aspertuta.
Tristura eta beldurra dira galdetutako guztiek lehenengo azaltzen dituzten sentimenduak. «Jendea sartzen da, lehenbailehen erosten du behar duena, eta segituan joaten da dendatik. Kalean ere ez dabil inor… Jendearekin egoteko ere aukerarik ez dago; lehen, kafe bat hartuz hitz egin zitekeen, orain kafetegia itxita daukagunez, ezin», kontatu du Martintxo Ogiguneko Lurdes Labakak.
Denda ere badute, eta horregatik segi dezakete lanean. Fruta eta ogia saltzen du gehien orain. «Aditzen diren gauzekin, jendea kezkatuta dago, eta ez da harritzekoa ere», dio maskararekin estalitako aho-sudurren atzetik argazkirako soilik kendu du. «Batzuek oraindik katarroarekin al nagoen galdetzen didate», esan du, maskarari buruz.
Neurri berezietara jartzen
Izan ere, oraindik zenbait gauza arraro suertatzen diren arren, Ataungo herritarrak ohitu dira koronabirusaren kutsadura ez zabaltzeko ezarri diren arau, neurri eta baldintza berezietara. «Jendeari hasieran kostatu zitzaion, egia esateko. Ilaran zain kanpoan geratu beharra, metro eta erdiko distantzia gorde beharra, esku-diruarekin ordaindu beharrean txartela erabiltzea… ohiturak aldatzea kosta egiten zaigu, eta batzuk hasieran muturtuta igual jartzen ziren. Baina ari gara ohitzen», zehaztu du arkupe berean aurreraxeago dagoen Errotaundi janari dendako Maitane Aizpuruak.
Maskararekin babestuta dago bera ere. «Herritar batzuek egin dizkigute, eurek josita. Ez dira homologatuak, eta gu ez kutsatzeko ez dute balio. Baina borondate ona dauka jendeak», gehitu du Aizpuruak.
Lana egin beharra daukaten herritarrentzat, herrikideei zerbitzua emateaz gain, beren burua zaintzea ere lehentasuna da, jakina. «Ea ez garen gaixotzen, horrek kezkatzen nau. Lanerako moduan gauden bitartean, ondo gaude. Gaixotuz gero ezin da lanik egin, eta fakturak berdin egongo dira ordaintzeko», dio. Eta egoera ez dago duda-mudarako. «Hemengo langileen bikotekideak etxean daude, batzuk aldi baterako erregulazioan. Jendeak gaizki pasatuko du».
Janari-dendako apalak produktuz beteta ageri dira, eta erosketa-bolumena nabarmen igo dela aitortu du Aizpuruak. «Orain gehiago saltzen da. Gu, alde horretatik, ondo gaude. Baina kontziente gara honen buelta gero etorriko dela. Ohitura asko aldatuko dira betiko, eta kolpea eta galera iritsiko da herrietako komertzio txikietara.
Hornidura arazorik ez dute orain. Krisialdiaren hasieran, bai. «Supermerkatu handietara bideratu zuten hasieran dena, eta hemen falta sumatu zen. Baina banaketa enpresek ere erritmoa hartu dute, eta orain ondo ari gara salgaiak jasotzen».
Eskuetako jela egiten
Kalean gora eginda, Ataungo Botikako bikoteak ere «ondo» dagoela erantzun du. «Babesgarriak eta neurriak jarri ditugu, mostradoreko manpara hori adibidez. Ondo gaude. Jendea ikaratuta dago, hori bai», dio botikariak.
Osakidetzaren datuen arabera, Ataunen koronabirusak kutsatutako bizilagun bakarra dago, ofizialki. «Gu normalidadean ibiltzen saiatzen gara, mugen barruan. Nik, adibidez, hiru lagunentzat sendagaiak daramatzat, denok etorri beharrik gabe», dio farmazian erosi berri duen ataundar batek.
Ataungo botikariek eskuetako jel desinfektatzailea eurek ekoitzi zuten, krisaren hasieran. «Osagaiak edukiz gero, ez da zaila». Jada ez daukate bertan egin beharrik, ohiko banaketatik zerbitzatzen dietelako. «Bestela, alkohola eta jela saltzen da gehien. Maskararik ez dago».