Katean idatzitako ipuinak
Irati eta Ekaitz Goikoetxeak, «distantziak gainditzeko» helburuarekin sormena dantzan jarri, eta katean ipunak idazteko proposamenarekin datoz, etxealdia arintze aldera.
Ekaitz eta Irati Goikoetxeak, berezkoa dute sortzaile izatearena. Eta etxealdi honetan «zer egin pentsatzeko ordu asko» daudenez, «herria egiteko» proposamena abiatu dute. Familian, denbora pasa bezala hasi zutena, herritarrei ireki eta «distantziak gainditzeko» helburuarekin datoz.
Iruñan bizi da Irati, Beasainen berriz Ekaitz, eta egunotan, harremantzeko erreminta preziatuena erabiliz, ipuin baten lehen lerroak bidali zizkion batak besteari. Helburua, istorio bat osatzea: «Norberak hasi eta bukatu beharrean, zerbait erraza egin, kate modura», hori da zer egina. Hala, ipuin baten lehenengo lerroak idatzi eta anai-arreba artean partekatu zuten, batak hasitako istorioa, besteak osatzeko. «Ipuina nola datorren kontutan hartu eta jarraipena eman behar zaio».
Mugikorretik mugikorrera
Etxe barruan hasi zutena, gertukoekin partekatzen hasi, eta orain, «Beasainen eta Ordizian hedatu» dute. «Etxetik atera ezin gaitezkeen egunotan, besteekin harremantzeko modu erraz eta polita izan zitekeela» pentsatuta, «belaunaldi eta etxe desberdinetako pertsonak» inplikatu dituzte, «herria egiteko eta sormena lantzeko helburuarekin».
Beasainen, «hasiera bat eman zitzaion ipuinari eta beste bat Ordizian, eta kontaktuz kontaktu eta herritik atera gabe, 10 bat eguneko epean, eta bakoitzak pare bat esaldi gehituz, ipuina osatzea litzateke kontua». Jasotako ipuinari, «pare bat esaldi gehitu eta herriko beste kontaktu bati pasa, berak ere gauza bera egin dezan, eta honek hurrengoari gauza bera, eta honek hurrengoari gauza bera…». Uste du «gutxi eskatzen» duela eta «asko jaso» dezagula. Ikasleekin ere, Ekaitz irakaslea baita, praktikan jarri du.
Astean zehar, mugikorretik mugikorrera salto eginez, guztion irudimenarekin, ipuin desberdinak osatzen ari dira, eta «aste amaieran, ipuinak osatuta ezagutzera eman nahiko genituzke, beraz, tira egin beharko dugu, ipunak aurrera egin duen bide hortan, atzera egin, eta horrela, ea denok aukera dugun, idatzitako horrek zein bide hartu duen ezagutzeko».
Idazten hasitako ipuinak bidean gelditzeko arriskua ere badute, baina Goikoetxea anaiak esan du «jarraipena ematen ari zaiola», jendea ari dela, alegia.