GuraSOSek "osasun ekimena" egingo du igandetik aurrera
GuraSOSek Zubietako errauskailuaren "ondorio kaltegarriez" ohartarazi nahi du gizartea. Horretarako, apirilaren 5ean, igandean, 12:00etan, "bost minutuz, eta handik aurrera konfinamenduak dirauen egun guztietan, Gipuzkoako herrietan hegazkinen aurkako alarmen soinu aztoragarria entzungo da".
GuraSOSen ekimenez, apirilaren 5ean, igandean, 12:00etan, “bost minutuz, eta handik aurrera konfinamenduak dirauen egun guztietan, Gipuzkoako herrietan hegazkinen aurkako alarmen soinu aztoragarria entzungo da”. Horretarako, ekimenaren deitzaileek audio bat zabaldu dute sare sozialetan “sirena batekin, eta halaber, bideo bat herritarrek sirena hori entzunaraz dezaten beren etxeetatik bafleekin”.
GuraSOSen esanetan, “dioxina eta beste toxiko batzuengatiko osasun alerta” da sirena hori, “Gipuzkoako erraustegiak koronabirusarengatiko konfinamendu betean isurtzen dituenak“.
“Bonbardaketa sistematikoa jasateko arriskua”
Horrekin guztiarekin, “hegazkinen aurkako sirenak, dioxina eta beste toxiko arriskutsu batzuen bonbardaketa sistematikoa jasateko dagoen arriskuaz” ohartarazi nahi dute gizartea.
Izan ere, GuraSOSen esanetan, “egoera larriagotzen ari da segur aski erre egingo direlako lehen Zaldibarko zabortegian pilatzen ziren industria-hondakinak. Martxoaren 13ko EHAOk Ingurumeneko Kontseilariaren martxoaren 4ko Agindua argitaratu du, ildo horretan“.
Horrekin batera, ohartarazi dute, “Europar Batzordeak, martxoan egindako adierazpenean, baztertu ditu erraustegiak finantza-jarduera jasangarrietatik, haiek bateraezintzat jotzen dituelako ekonomia zirkular eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin”.
Abaiarazte fasean
GuraSOSen esanetan, erraustegiak “abiarazte fasean” jarraitzen du, “erredimendu osoan funtzionatzen hasi aurreko fasean, “eta aipatutako bideoan martxoaren 31n egin zituen isurketa itzelak oso ondo ikusten dira, funtsezko ez diren jarduera eta obren geldiaraztearekin batera aireratuak”.
Ekimenaren helburuak
- Herritarrek kontzientzia hartzea “zer nolako arriskua dakarren instalazio honek euren bizitza eta osasunari begira, eta gogorrarazten du ildo honetan, ezen Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), 1.600.000 pertsona hiltzen direla munduan kutsaduragatik.”
- Hondakinak kudeatzeko modu “hain kaltegarri eta arriskutsuen aldeko apustuan diharduten politika publikoak aldaraztea, haietan atzera egin dezaten eta ingurumen jasangarritasun eta ekonomia zirkularraren aldeko politiken alde egin dezaten”.
Era berean,, gogorarazi nahi izan dute, “iragan martxoan, Europar Batzordeak baztertu dituela erraustegiak finantza-jarduera jasangarrietatik, haiek bateraezintzat jotzen dituelako ekonomia zirkular eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin”.