Latxa Esnea, Larsabi eta Artzai Gazta, Eusko Jaurlaritzak arkumea merkaturatzeko egindako proposamenaren kontra
Jaurlaritzak "gardentasunik gabe" jokatu duela salatu dute artzainek, eta proposamenaren aurka agertu dira. Berehalako elkarrizketa eskatu dute, "proposamen eta irtenbide adostu eta duin bat" onartzeko.
Koronabirusak eta hark eragindako alarma egoerak, zuzeneko eragina izan dute lehen sektorean. Nahiz eta elikagaien ekoizpena oinarrizko jardueratzat onartua izan den eta nekazari eta abeltzainak lanean ari diren, zailtasun ugarirekin topo egiten ari dira eguneroko jardunean. Hala adierazi dute Latxa Esnea, Larsabi eta Artzai Gazta elkarteek, elkarrekin atera duten oharrean. “Ahaleginean jarraitzen dugu lanean, eta gobernuak birusaren hedapena saihesteko eskatzen eta gomendatzen dituen protokoloak gehitzen dizkiogu eguneroko lan horri, ez bakarrik lanari, baita familia eremuari ere”.
Baina egoera horretan, “ekoizpen gunean arkumearen prezioa %65era jaisten” ari dela, eta “produktua preziorik eta ordaintzeko eperik gabe entregatzen” ari direla salatu dute, “sektorearen eta kontsumitzailearen kaltetan”. Horren aurrean, Hazi Fundazioak eta Haraki Kooperatibak sinatutako hitzarmenari buruz, “Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenak dio animaliak erostea bermatuko duela, prezioei eusteko”, eta Eroski izango dela “arkumeak merkaturatzeko katea”, azken produktua kontsumitzaileari helaraziz. Akordio hori sinatu duten erakundeek, “ardi latxa sektorearen parte handi baten ordezkari gisa”, uste dute Jaurlaritzaren proposamena ez dela “irtenbide duina” sektorearentzat, “ez egungo larrialdi-egoerarentzat, ez krisi hau amaitzen denerako”. Izan ere, elkarte horien ustez, “onurak eta laguntza publikoak zenbait bitartekariren interesak finantzatzera bideratuta” daude.
Gardentasun falta
Latxa Esnea, Larsabi eta Artzai Gazta elkarteen ustez, “kaltea lehen sektoretik haratago” iristen da, kontsumitzailea ere “zuzenean kaltetuta” ateratzen baita, “gaur egungo prezio berdina edo altuagoa” ordaindu beharko du, “eta horrek ere eragina izango du etorkizuneko prezioetan”. Prezioen kontrola ezartzerako garaian “gardentasun falta” ere salatu dute, eta “berriro ere bitartekoei mesede” egiten zaiela deritzote. Hori guztia krisi egoera betean gertatzen dela ikustea “oso larritzat” jo dute.
Elkarteon ustez, “Eusko Jaurlaritzak ez du zuzenean inplikatutako sektorea kontuan hartu edo kontsultatu” bere proposamena egiterako garaian, eta “ez da modu argi eta zehatzean hitz egiten prezioei buruz”. Beste merkaturatze aukera batzuk ere ez direla aztertu diote. “Artzainari ordaintzen zaionaren eta kontsumitzaileari saltzen zaion azken prezioaren arteko aldea non geratuko den
ere ez da argitzen”. Eta hori “noren esku” gelditzen den galdetu dute.
Hori guztia dela eta, Latxa Esnea, Larsabi eta Artzai Gazta elkarteak “proposamen honen aurka” agertu dira. “Proposamen hori gure bizkarrean diseinatu da, eta, berehala, elkarrizketa bat eskatzen dugu, proposamen eta irtenbide adostu eta duin bat sortzeko”. Era berean, sektoreko sindikatu eta eragileei dei egin diete eskaera horien inguruko jarrera har dezaten. Izan ere, “onurak eta laguntza publikoa etorkizuneko lehen sektore bat eraikitzeko, gizarte osoaren onurarako” izatea nahi dute.