Etena, etorriko denaren zain
Goizez irekitzen dituzte dendak Ormaiztegin, eta udaletxeko zerbitzuak telefonoz eskaintzen dituzte. Jon Enrique alkateak herritarren jarrera azpimarratu du.
Goierrin 115 koronabirus kasu positibo daude dagoeneko. Ormaiztegin, oraingoz, ez dute kasurik atzeman. Herri lasaia izan ohi da, eta egunotan are eta hustuago daude kaleak. Herritarrek, ordea, balkoietatik zabaldu dute bizitasuna. Hainbat ekimen sortu dituzte: disko jartzaile saioa asteburuan, trikitixa emanaldiak edo danborrada egin dute hainbat auzotan. Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkatearen arabera, herritarren erantzuna «zoriontzeko modukoa» izan da: «Nik uste eredugarri izaten ari dela, herritarrak zoriondu eta horrela jarraitzera animatuko nituzke», adierazi du.
Arreta telematikoa
Udaletxeko zuzeneko arreta bertan behera geratu da koronabirusagatik, baina zerbitzu telematikoek martxan jarraitzen dute, alkateak azaldu bezala: «Telefonozko arreta badago, eta epaitegia eta gizarte langilea normal ari dira lanean». Enriquek gehitu du etxez etxeko laguntzek ere berdin jarraitzen dutela. Bestalde, boluntario talde bat sortu zuen herritar talde batek, eta udalak herri ekimen hori bideratu zuen harremanetarako telefono zenbaki bat eskainiz. Dena den, ez dute izan haren beharrik: «Zorionez esan behar dugu ez duela inork erabili, beraz, beteta dauzkagu adinekoen eguneroko beharrak, bizilagunekin ez bada, familiarekin», azaldu du alkateak.
Dendetako kezka
Goizez irekitzen dituzte dendak Ormaiztegin. Estankoko Maria Eugeniak azaldu du herritarrak arduratsu agertu direla egunotan: «Binaka sartzen dira, eta kanpoan itxaroten dagoen jendea ikusita, azkarrago egiten dute erosketa, itxaronaldiak eta ilarak arintzeko». Etxeetarako zerbitzua ere eskaintzen dute estankoan: «Deitu eta ate ondoan uzten diegu eskatutakoa».
Pagosa Okindegiko Idoia San Migelek azaldu du jende gutxiago dabilela: «Ahal bezala ari gara moldatzen, baina eutsiko diogu». Lapurreta izan zuen duela hamar egun inguru okindegian, eta atea puskatu eta kutxako dirua eraman zuten. Kostata, baina kristalzaleak konpondu die hautsitakoa.
Arraindegien egoera bestelakoa da: «Arrantzale batzuk geldirik daude, eta horregatik genero gutxiago dago; ostiralean oso aukera gutxi zegoen lonjan, eta gehiago ordaindu behar izan nuen», adierazi du Josetxo Arraindegiko Miren Josebek. Telefono bidezko enkarguak eta bizum bidezko ordainketak egiteko aukera jarri dute.
“Ezjakintasun handia dago eta ondo aztertu behar dugu gertatzen den guztia”
Jon Enrike Galarza (Ormaiztegiko alkatea)“Jendea arduraz ari da, binaka sartzen dira, eta arinago egiten dute erosketa”
Maria Eugenia (Estanko denda)“Arrantzale batzuk geldirik daude, eta horregatik genero gutxiago dago”
Miren Josebe (Josetxo Arraindegia)
Iñaki Autozerbitzuan lehen egunetako emana lasaitu da, baina egunero dabil jendea. Genero aldetik produktu batzuk falta izan dira, baina oinarrizko jakiak badituzte. Aforoa 12 pertsonara mugatu eta eskularruak jarri dituzte sarreran, baita langileentzako babes pantailak ere.
Ekonomian eragina
Udalerri guztien moduan, tasen ordainketa atzeratu du Ormaiztegiko Udalak ere. Eragin ekonomikoa «oso gogorra» izango dela eman du aditzera Enrique alkateak. Foru Funtsetik % 20-25 inguru galduko du udalak: «Hori guretzako 230.000 euro izango lirateke aurtengo aurrekontuetan».
Halere, neurri ekonomikoak egoerak aurrera egiten duen heinean aztertuko dituzte: «Momentu honetan ezjakintasun handia dago eta ondo aztertu behar dugu gertatzen den guztia».