Zegama-Aizkorri eta Ehunmilak probak ez dira jokatuko aurten
Bi antolatzaile taldeek sei probak bertan behera uztea erabaki dute. Zegama-Aizkorriko dortsalak gorde egingo dira; Ehunmiletakoak, ez. Galera ekonomikoak iragarri dituzte
«Ez da guk nahi genuena, baina beharrezkoa zen», dio Alberto Aierbe Zegama-Aizkorri mendi maratoiko antolatzaileak. Aurreko astean iragarri zuten proba bertan behera utzi zutela koronabirusak eragindako salbuespenezko egoeragatik. Ehunmilak ultra traila ere ez da jokatuko: «Izorratu egiten gaitu, baina hartu beharreko erabakia zen», azaldu du Mikel Valdivielso antolatzaileak. «Arduraz jokatzeko unea da. Gizarte osoaren osasuna dago jokoan eta erabaki zuzenena da», gaineratu du.
Bi antolakuntzen artean sei proba antolatzen dituzte: Zegama-Aizkorri mendi maratoia, junior mailako proba eta kilometro bertikala alde batetik, eta Ehunmilak ultra traila, Goierriko bi handiak eta Marimurumendi mendi maratoia bestetik. 2021era atzeratu dituzte guztiak. «Egokiena ohiko datari eustea da. Arrazoi asko ditugu uztailean egiteko: argi orduak, milaka boluntario mugitzeko erraztasunak, egutegiaren koordinazioa…», aipatu du Valdivielsok. «Lasterketa udazkenean egitea beste probekiko errespetu falta iruditzen zaigu. Egutegiak bere mugak ditu», osatu du Aierbek. Bi antolatzaileek aipatu dute probak pilatzeko arriskua dagoela, eta hori ez dela ona: «Lan berdina edo gehiago egin beharko dute askok, eta jendearen erantzuna txikiagoa izango da. Korrikalarientzat eta zaleentzat ez da ona».
Zegama-Aizkorriko dortsal guztiak gorde egingo dira 2021erako, nahiz eta korrikalariei ordaindutakoa osorik itzuli zaien. Ez da izen ematerik egongo, baina ordainketa berriz egin beharko dute. Ehunmiletan, aldiz, ordaindutakoa osorik itzuli zaie, baina dortsala ez zaie gordeko: «Erabaki dugu berriz zerotik hastea zela justuena. Zer gertatzen da lesio baten erruz aurten dortsalari uko egin dionarekin? Kasuistika asko daude, eta beti egin bezala, edizioz edizio joatea erabaki dugu».
Ekonomia, larri
«Galerak handiak izango dira. Ikusi egin beharko da nola irteten garen hemendik, eta gero aztertu ea 2021ean beste edizio bat antolatu dezakegun», azpimarratu du Valdivielsok.
Aierbek dio eurei zuzenean ez diela horrenbeste eragingo, baina babesleek kezkatzen dute. «Trail munduari ziur eragingo diola. Babesleei gogor joko die, eta baita inguruko ostatuei, tabernei, enpresei…».