Zozabarro, Iparragirreren benta
Joxe Mari Iparragirre koblakaria hil zen tokian atzo 139 urte, Itsason Zozabarrotxiki baserria zegoen lekuan, Gernikako Arbolaren landare bat aldatzekoak ziren igandean. Atzeratu egin da.
Aldatua aurkitu zuen Euskal Herria Joxe Mari Iparragirrek (Urretxu, 1820 Itsaso, 1881) Amerikatik itzuli zenean, 1877an. Asko estimatzen zuen jendeak artean Gernikako Arbola ereserkiaren egilea, mito bat zen; baina errealitate berrian nekez aurkitu zuen lekurik, nahiz pentsioa eman zioten aldundiek. Azken lau urteetan Gabiriako Txapartegi baserrian bizi izan zen, amaren jaiotetxean, txiro eta atsekabez.
Txapartegitik Itsasoko Zozabarrotxiki bentara 300 metro zeuden, lerro zuzenean. Santa Lutzi bailaran, Anduaga erreka zeharkatzea besterik ez zen. Baina horrek ekarri zion heriotza. Bi baserriak desagertu ziren.
«Iparragirrek egun guztia gure etxean pasatzen omen zuen. Bere etxea Txapartegi zen, eta lo egitera bakarrik joaten omen zen hara», oroitu du Zozabarron 1947an jaiotako Jose Antonio Ugarteburuk, aurrekoengandik jasoa. Baserri hori 1972an bota zuten, Iberdueroren argindar zentrala egiterakoan. Zumarragatik Ormaiztegirako errepidearen eskuin aldean zegoen.
Erreka hazita ezin etxeratu
1881eko martxo bukaera edo apiril hasiera hartan, beti bezala Zozabarron afaldu, eta etxera abiatu zen Iparragirre. «Eurite handia gertatu omen zen. Iluntzean, gure etxetik berera zihoala, erreka pasatu behar zuen. Egurrezko zubi bat zegoen, eta errekak gaindituta zeukan bera joan zenerako», kontatu du Ugarteburuk. Bustita eta hotzez, buelta.
Heriotzaren kausa zein izan zen ziur eta garbi transmititu dute Zozabarron: «Pulmoniarekin hil zen. Aurrena, perretxikoekin pozoinduta hil zela zabaldu zen, baina hori ez zen egia. Nola harrapatu zuen ere badakit: gure etxeak zeuzkan aldamenean eranskin batzuk. Han geneukan ogia egiteko labea eta zestoak egiteko tailerra , gure etxean zegen zesteria zegoen, nire aitona zenak egiten zituen. Zubia ezin pasatuta, gure etxera itzuli eta han lo egiteko asmoa hartu zuen Iparragirrek».
Baina oheratuta zeuden ordurako bentakoak, etxea itxita. «Iparragirrek bazekien gure etxeko berri, eta haiek ez molestatzeagatik, labea-eta zegoen lokal horretara sartu eta gaua hor pasatu omen zuen. Baina pulmonia harrapatu zuen. Hurrengo egunean ohera eraman zuten, gure etxean». Alferrikakoak izan ziren bronko-pneumonia gainditzeko medikuen ahalegin guztiak, eta 1881eko apirilaren 6an hil zen Iparragirre.
Zozabarro erre
Postetxea izandakoa zen Zozabarro baserria, diligentzien geralekua. 1899ko martxoaren 28an erre egin zen, Francisco Lopez Alen margolari eta idazle donostiarrak idatzi zuenez (Revista Bascongada, 1909-1-15).
Berreraiki, eta taberna izaten segi zuen, 1952 ingurura arte. Iparragirre ez zuten ahaztu han: «Nire amona Felipa Aranburuk kontatzen zuen Iparragirrerekin dantza egindakoa zela, baserrian, neskatoa zenean».
Casares medikua eta Castañeda laguna, heriotzaz
Iparragirreren heriotzaren berria berehala zabaldu zen Euskal Herrian. Lehen unean, foruen aurkakoen eskua ikusi zuenik izan zen, eta perretxiko pozoitsu batzuk janarazita hil
zela zabaldu zuen konspirazioteoria batek. Antza, 15 egun lehenago bentan afaltzen batera ziren mikelete sarjentu bat 48 ordura hil zen, Beasainen. Iparragirreren lagun Joaquin Castañedak La Union Vasco Navarraegunkarian gutun bat atera zuen, 1881-4-9an, perretxikoena gezurtatuz. Han jan zuten beste mikeletea eta beste afaltiarrak onik zeudela argitu zuen. Iparragirre bezala, sarjentua ere pneumoniak jota hil zela gehitu zuen.Castañedak dio, hil baino lau egun lehenago jaso zituela Iparragirrek heriotzako sakramentuak. Zozabarro bentako familiaren ondradutasuna, ontasuna eta zainketa lan bikaina goraipatu zuen, bestetik. Heriotzaren berri zuzena Ignacio Casares medikuaren ahotik plazaratu zuen, geroago, J.M. Ojarbidek Montevideoko Euskal-Erria aldizkarian, 1921-3-20an, ‘Como murio Iparraguirre’ artikuluan. Casares Gabiriako medikua zen 1881ean, eta hark artatu zuen azken egunetan, baita Beasaingo eta Zumarragako medikuek eta Ormaiztegiko zirujau Pedro Zangituk ere. Casaresen hitzak: «1881eko apirilaren 4an deitu zidaten. Iparragirre larri zegoen. 15:00etan sartu nintzen bere gelara. Asko poztu zen ni ikusita: besoak zabaldu, besarkatu eta bere kontra estutu ninduen, ‘erremedio bat behar dut’ esanez. Bizpahiru egun lehenago, Urretxuko plazara misiolari baten sermoia entzutera joan, hoztu eta gaizki sentitu zen. Katarroak neke handia eragiten zion. Errekonozitu nuen, eta berehala ikusi nion bi birikak hartzen zizkion bronko-pneumonia. Ia ezin zuen arnasa hartu. Oso larri zegoen».