Aurkia eta ifrentzua itxialdian ere
Olaberriko herri-kaskoa hutsik eta mugimendurik gabe dagoen bitartean, Ihurreko merkataritza-gunea Goierriko toki jendetsuena da. Bi egoerei aurre egin behar zaie.
Mila biztanle baino gutxiago dituzten Goierriko herrietan ere eragina izaten da koronabirusaren krisialdia. Egunerokoan, agian ez da horrenbeste antzematen itxialdia, normalean ere patxadako eta mugimendu gutxiko lekuak direlako. Olaberrian bailarako bederatzi herri txikien artean biztanleria handiena duena bi egoerak dituzte.
Batetik, baserri eremuetan eta herri-kaskoan hustasuna da nagusi. Beti bezala, alde horretatik. Eskolako haurren kontu eta kantu alarik ez egotea, aldea. Edo jatetxeetako bezeroen joan-etorriak falta izatea, itxita baitaude.
Baina beste aurpegia ere badauka Olaberriak, Goierriko merkataritza-gune handiena bertan baitago, baita industrialde zabalenetakoak ere. Apirilaren 14ra arte, enpresen jarduera baxuenera murriztuta egongo da; ez ala komertzio zentroena. Herriarentzat ez da erraza hain izaera desberdineko bi aurpegi aldi berean kudeatzea. «Zer pauso eman, zalantza asko sortzen dira askotan», dio Jokin Garmendia alkateak.
Kale garbiketa indartuta
Olaberriko Udala «gutxieneko zerbitzuetan» dago, izurriteko hiru asteotan. Baina oso bestelako ahaleginak eskatzen dituzte kaskoak edo Ihurreko merkataritza guneek, eta erantzunak ere moldatu dituzte baterako eta besterako. «Garbiketan zerbitzu minimoak dauzkagu, kaleetan jendea dabilen eremu apurrak desinfektatzen ari gara. Zentro komertzialekin eragin handia dugu, bestalde. Izugarrizko zabor piloa ari dira sortzen kanpoaldean. Jendeak eskularruak edonon botatzen ditu, erosketak egin ondoren, zuzenean lurrera…Egunero horiek biltzen ari gara», dio alkateak.
Herrigunean ez bezala hutsik dago, aktibitaterik gabe, Ihurre aldean kale garbiketa zerbitzua indartu behar izan du udalak, bete samar dagoelako. «Bestela, aparteko arazorik ez dago: batzuek konfinamendua ez dutela errespetatzen, besteek haiek salatzen dituztela… toki guztietako komeriak».
Ekoizleak bide berrietan
Bigarren eta hirugarren sektoreez gain, lehen sektorea ere indartsua da Olaberria. Etxean elikagaiak ekoizten eta saltzen dituzten baserri sorta ederra dago, horietako bat Etxeberrigoiko Beiheko gaztak. Behi esnea ekoizten urte asko daramaten arren, gazta egiten duela bi urte hasi ziren, langile gehiago hartuta eta dimentsioa hazita. Salmentak ugaritzen hasten diren udaberri partean harrapatu ditu geldialdiak, eta «hasieran sustoa handia» izan zuela aitortu du Judit Garciak.
Ekoizpen eta salmenta eredu bertakoa dutenez, produktua ateratzeko ere hasieran zailtasunak izan zituzten. «Gure bidea kanal motzekoa da: azokak, kontsumo taldeak, herriko dendak, azoka bereziak… horiek dira gure saltzeko bideak. Eta jatetxe eta taberna batzuetan ere zerbitzatzen dugu. Historia honekin, dena kolokan jarri zen: asteroko azokak hasieran bertan behera utzi zituzten, jatetxeak itxita, azoka bereziak ere ez… Dena supermerkatu handietara bideratzen ari zen, eta sustoa hartu genuen»,dio Garciak.
Baina behiek esnea ematen segitzen dutenez, gaztagintza ez dute eten. Gertuko azokak berrabiaraztea eta kontsumo taldeak izan dira flotagailuak: «Horietan badago jende kontzientziatua, eta erabaki du orain ere bertako produktuaren alde egitea. Kanal batzuk mantendu dira, edo areagotu ere bai, jende gehiago batu delako eredu honetara».
Dena «hankaz gora» jarriko zela zirudien arren, dinamika berriekin saiatu dira etxez etxeko banaketa, webgunea, beste ekoizle batzuekin ekimen bateratuak…, eta nola-hala eta printzipioei eutsiz «moldatzen» ari direla diote Behieko gaztandegikoek, «lan eta buelta gehiagorekin». «Guk ez genuen pentsatzen halako bideetara joko genuenik, baina honelako historia batek gauza asko aldarazten ditu».
Ihurreko festak eta Santikutz jaia ez dira egingo
Maiatzaren hasieran Olaberrian ospatu ohi dituzte bi festa bertan behera utzi dituzte. Koronabirusagatik alarmaegoerak printzipioz apirilaren 26ra arteko indarra izango badu ere, oso litekeena da gehiago luzatzea. Ikuskizun dago, gainera, zer mailaketa izango duen itzulerak. Hori dela eta, Olaberriko Udalak ezeztatu egin ditu Ihurre auzoko festak –maiatzaren 1aren bueltan egin ohi dira–eta Santikutz eguneko jaia –maiatzaren 3an–.