Ekintzaile txikiak kezkatuta daude etorkizuna ezezaguna delako
Autonomo eta enpresa txiki askok garapen agentzietara jo dute laguntza eske. Gipuzkoako hogei eragilek baino gehiagok zalantzak argitzeko plataforma bat jarri dute martxan
Autonomo eta enpresa txikietako nagusi asko begiak ezin bildu dabiltza egunotan, diru sarrerarik ez baitute, ezin dutelako jarduera ekonomikoa garatu. Kezkak galdera asko sortzen ditu, baina erantzun gutxi daude. «Aurreko asteetan jende askok deitu du laguntza eske», azaldu du Iosune Telleria Uggasako enpresa garapeneko arloko arduradunak. «Aste honetan jarduera gehienak itxita daudenez, eskaria jaitsi egin da. Baina kezka nabarmena da, egoera ez baita erraza».
Gipuzkoako Foru Aldundiak, zehazki Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamentuak, Covid19ak eragindako zalantza ekonomikoak argitzeko kontsultategi digital bat sortu du. Lurraldeko hogei eragile ekonomiko baino gehiago daude harremanetan plataforman, tartean Goieki eta Uggasa garapen agentziak. «Orain arte emandako informazioa ez da oso argia izan, eta zalantzak areagotu egiten ziren. lan jarduera, enplegu eta laguntza ekonomikoei buruzko informazioa erraztu nahi dugu», dio Telleriak. Plataforma digitalaz gain, garapen agentziak telefono bidez lanean ari direla gogorarazi du arduradunak.
Webgune berri horretan, autonomoak eta enpresa eta langileak bereizi egiten dira, eta bakoitzari dagokion informazioa eta dokumentazioa lau alorretan sailkatuta dago: osasun laborala, arlo laborala, laguntza publikoak eta zerga arloa. «Jendeak, bereziki, laguntza ekonomikoengatik galdetzen du», azaldu du garapen agentziako langileak. «Ekintzaile txikia izaten da kontsultak egiten dituen bezeroaren perfila. Autonomoak eta enpresa txikietako jabeak».
Telleria ez da ausartzen geldialdiak eragingo dituen ondorioak iragartzen, egoera ezezaguna delako, baina eragina izango duela ukaezina dela dio. «Askoren egoera lehen ere ez zen nahi bezain ona, eta ikusi egin behar nola irteten garen hemendik. Baina lehen datuak kezkagarriak dira: langabeziak gora egin du, eta hori aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak zenbatu gabe».
«Ez dago jakiterik egoerak luze joko ote duen. Askotariko teoriak daude. Badirudi 2008ko krisialdia baina laburragoa izango dela, errekuperazio datuek L forma eduki beharrean U forma izango dutelako», aipatu du Telleriak. Epe ertainetarako eta luzeetarako estrategien garrantzia ere azpimarratu du. «Laguntza ekonomiko guztiak oraingo arazoak arintzeko bideratuta daude, baina gerora ere etorriko dira. Garapen agentziei eta administrazioari dagokigu horiek prestatzea».
Legorretako udalak diru laguntzak iragarri ditu
Legorretako udalak 5.000 euroko partida bideratu du zaintza lanak diruz laguntzeko: «Hezkuntza zentroen itxieraren ondorioz zero eta hamabi urte bitarteko haurren zaintzarako eragozpenak arintzeko eta eguneko zentro nahiz beste antzeko zerbitzuen itxieraren ondorioz dependienteen zaintzarako eragozpenak arintzeko» diru laguntzak direla zehatu du udalak.
Deialdia eta laguntza eskatzeko beharrezkoak diren gainontzeko dokumentuak Legorretako Udalaren webgunean daude erakusgai, diru-laguntzak atalean. Laguntzak norbanakoei eta familiei daude
zuzenduta. Legorretan erroldatuta egon behar da, eta bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu gehienez.Legorretak eta Goierriko gainerako udalerriek Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako diru laguntzekin bat egin dute. Diru laguntza hauek bost ataletan banatzen dira: abalak, ezaldiak, maileguak, inplantariak eta ezohiko prestazioak. Laguntzak bateragarriak dira maileguen kasuan izan ezik. Udalen bitartez tramitatu behar dira eskariak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa txikiak eta ertainak digitalizatzeko laguntzak ere iragarri ditu. Etxetik lan egin ahal izateko, digitalizazioa ezinbestekoa da eta administrazioak baliabide digitalak eskaintzen dituzten hornitzaileak eta bezeroak elkartuko ditu.