Botikak etxean jasotzeko aukera izango dute arrisku handieneko pertsonek
Osakidetzako ospitaleen kasuan, farmazia zerbitzuek kudeatuko dute banaketa, eta sendagaiak farmazietan jasotzen dituztenen kasuan, boluntario sareek eta Beti On telelaguntza-zerbitzuak
Botikak etxez etxe eramateko sistema jarri dute martxan. Horrela, arrisku handieneko eta ahuleneko pertsonei botikak emateko plana abiarazi dute, bi hilabeterako, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenaren arabera.
Alarma egoera ezarri zenetik, boluntariotza sareak, farmazia banaketako enpresak eta Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzak eta Osakidetzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin, foru aldundiekin eta Farmazialarien Elkargo Ofizialekin eta farmaziekin batera, jarduera plan batean oinarritutako hainbat ekintza planifikatu dituztela eman dute aditzera: «Helburua da erantzuna ematea gure autonomia erkidegoko pertsonei, beren botikekin lotuta gerta dakizkiekeen egoerei erantzuna emateko», azaldu du Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez.
Medikazioa etxez etxe
Orain arte, tratamenduen luzapena eman dute. Hau da, tratamenduak hiru hilabete gehiagoz luzatu dituzte, eta farmazietan gaixo kronikoentzat bi hilabeterako medikazioa emateko neurria ezarri dute. Horrez gain, pertsona ahulenek etxean jaso ahal izango dituzte botikak, ospitaleetako farmazia-zerbitzuetatik eta farmaziatik: «Lanean ari gara foru aldundiekin, Farmazialarien Elkargo Ofizialekin eta farmaziekin, boluntariotza sarearekin eta farmazia banaketarekin, etxez etxeko entrega-prozesua garatze aldera».
Oharrean azaldutakoaren arabera, lan hori aurrera eramateko deiak egiten ari dira egunotan, informazioa eman eta medikazioa jasotzeko tokiak baieztatzeko. Osakidetzako ospitaleen kasuan, farmazia zerbitzuek kudeatuko dute banaketa, eta sendagaiak farmazietan jasotzen dituztenen kasuan, boluntario sareak eta Beti On telelaguntza-zerbitzuak.
Arreta zerbitzuak
Premia larria dutenek eskaerak egin ditzaten, lan protokolo bat ezarri du Jaurlaritzak. Herritarrentzako arreta zerbitzua eta 012 Zuzenean arreta telefonoa jarri dute herritarren eskura.
Telefono horretan botikak lortzeko jarraitu behar diren urratsak azalduko zaizkie interesdunei. Jarduera plan honen bidez artatu beharreko kolektiboak osasun egoeraren arabera lehenetsi dituztela azaldu dute.