Eskola osoaren urrutiko lezioa
Arbelaren ordez tableta, liburuen partez ordenagailua eta jolastokiaren lekuan balkoia aldatu zaizkie ikasleei. Irakasleek lanean segitu dute, urruntasuna gaindituz
Aste Santuko oporraldiagatik, Goierriko ikastetxe guztiek jai daukate gaurtik apirilaren 20ra. Batzuek atzo hartu zituzten oporrak, besteek ostiralean. Baina azkeneko hilabetea denentzat ezohikoa izan da. Elkarrengandik lan egin behar izan dute irakasleek eta ikasleek, koronabirusaren itxialdiagatik. Agian, aldaketara ondoen egokitu den sektorea izan da.
«Eskolan digitalizatuta eta aurreratuta geunden lehendik ere: DBH 1, 2 eta 3an bere Chromebooka daukate ikasle guztiek ikastetxeek ikasleentzat jartzen dituzten gailu elektornikoak, eta besteei ere eskatzen zitzaizkien digitalki lanak egiteko eta. Beraz, ez da pauso zaila izan», aitortu du Beasain BHI institutuko (Txindoki eta Loinazpe) zuzendari Josune Lopetegik.
Martxoaren 13tik
Martxoaren 13an jada ez ziren ikasleak eskoletara joan. Harrezkero, klaseak Classroom aplikazioaren bidez ari dira ematen. «Irakasle bakoitzak ahal duen bezala. Hasieran 15 egunerako zen, eta neurriak ere 15 egunerako hartu genituen. Baina konturatu ginenean luzerako doala, beste patxada batekin hasi ginen gauzak lantzen eta planteatzen».
Aurreikus litezkeen eta bidean sortu diren arazo gehigarrien aurrean, «malgutasuna» izan da lehentasunezko printzipioa hezkuntza sisteman. «Nahiko malguak izan gara, eta malgutasuna transmititu dugu, etxeetan ere egoera ezbedinak daudelako: ordenagailu bakarra agian eta hiru ume, gurasoak agian etxetik ari dira lanean…».
Eskolako ordutegian disponibilitatea edukitzeko eskatu zieten irakasleei haiek ere etxetik ari dira lanean, eta bilera telematikoak egiten dituzte. «Baina lanak entregatzeko epeak eta malgutatsunez utzi ditugu. Telematikoki aritzeko bere ordutegia behar da, baina bestela malgu». Irakaskuntzako langileak lan gehiago egiten direla ziurtatatu du zuzendariak.
Ebaluazioa, erabakitzeke
Lanean ari dira, baina ikusteko dago kurtsoa nola edo noiz bukatuko den. Horrekin batera, ebaluazioa eta azken notak. Egiten ari diren lana ebaluatuko da. Ez dakigu nola ebaluatuko den kurtso bukaeran, jarraibideen zain gaude. Momentuz, ikasleak egiten duen lana ari gara kontuan hartzen. Mintegi bakoitza maila berean, berdintsu jarraitzeko ere pautak ezarri ditugu», azaldu du Lopetegik.
Ikastolen sarea ere «unean uneko egoerari erantzuna» ematen saiatu da. Baldintzak bermatu, eta telelana eta tele-klaseak aplikatu dituzte. «Ahalik eta azkarren ikasten eta egokitzen gabiltza, genituen jarduteko moduak moldatuz eta modu berriak diseinatuz. Azken batean, ikastolako antolaketa osoa berregituratu behar izan dugu», azaldu du Lazkaoko San Benitoko zuzendari Josune Aranburuk.
Egoera honetan, lehen helburua ikasleen eta familien «beharrei» adi egotea dela gaineratu du zuzendariak. Ondoren, ikasketa-prozesuari eutsi, eta ikasle edo familien eta irakasleen arteko harremana mantendu.
Oporrak bai, lanak ere bai
Horretarako, ikastolek ezarrita daukaten Alexia programa informatikoan oinarritu dira, «komunikazio kanal nagusia» da, eta ikasleek hortik jasotzen dituzte irakasleen bideo, proposamenak eta planifikazioak. «Gure ikasleen hezkuntza prozesuak aurrera egitea bermatuko dugu», dio Josune Aranburuk.
Orain Aste Santuko oporrak dituzte hezkuntza sisteman. Oporrak bai, baina ohi bezala, etxerako lanak ere bai. «Beste oporretan bezala. Beti bidaltzen zaizkie etxeko lanak. Baina etenunea izatea ere nahi dugu: lasai egon eta atseden hartu dezatela esan diegu irakasleei eta ikasleei», azaldu du Josune Lopetegik.