Ezin seguruagoa dena, zalantzan
Udaberriko produktuen etorreraren pozari kezka nagusitu zaio, Eusko Jaurlaritzak azokak bertan behera uzteko agindua eman baitu. Ikusteko dago datorren astean zer gertatuko den.
Laugarren astez egoerak eskatzen duen segurtasun baldintza ezin zorrotzagoak errespetatuz zuzeneko salmenta egiten ari zen momentu berean jakin zuen Ordiziako alkate Adur Ezenarrok Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak astelehenean aldizkari ofizialen argitaratutakoaren berri: «Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizionalen jarduera aldi baterako etetea ezartzen da».
Ordiziako azoka eredu izaten ari da segurtasun neurriei dagokionez ere. Nekazal sektorearekiko hurbiltasuna eta honen aldeko apustu sendo eta argia egiten ari da Ordiziako herria, alkatea buru dela. Segura Irratian egindako adierazpenetan harriduraz eta haserre hitz egin du: «Ezin dut ulertu lehendakariak berak haserrea erakustea enpresak gelditzen direlako, bezeroak dituztelako baita atzerrian ere, eta nola bertako ekoizleei, produktu galkorra duten gure baserritarrei eta bertako bezeroak dituztenei halako agindu bat eman. Hau eraso bat da baserritarrei eta baita udalei ere beren eskumenekiko».
Ordiziako alkatearentzat erabakia «ez da serioa ezta proportzionala ere», eta «oso krudela» iruditzen zaio egunero-egunero bertatik bertarako produktua ekoizten ari diren pertsonekiko: «Ate guztiak itxi nahi zaizkiela iruditzen zait».
Azokari eusteko ahalegina
Ezenarrok adierazi du ez duela etsiko salmenta hau mantentzeko ahaleginean. «Azken unera arte defendatuko dugu eta edozein zirrikitu bilatuko dugu benetan salmenta zuzen hori ez eteteko, Madrileraino jo behar badugu ere joko dugu».
Enba sindikatuak ere bere harriduraren berri eman du prentsa ohar bidez: «Erabakia ulertezinaz gain, tamalgarria da, bai azokatara joaten diren baserritar eta kontsumitzaileentzat eta baita azokak elikagaiak erosteko gune direla defendatzen dugun ororentzat ere». Enbak dei berezia egin die Eusko Jaurlaritzari eta Eudel elkarteari elkarlanean jardun eta elikagaien azokak bababestu eta sustatu ditzaten. EHKolektiboan ere kanpaina abiatu zuen atzo baserritar txikien ekoizpenaren defentsan.
Natura bere bidea egiten
Eta bitartean, naturak bere martxa darama, indarberritzen, neguko lozorrotik ateratzen, baserritar zaintzaileak lagun izanik bere uzta ematen. Atzo ere horren lekuko izan zen Ordizia. Baba berria hasi da 4-5 euroan kiloa. Ilarra ugaritzen ari da, hiru mota ezberdinetakoa aukeran, 9-12 euroan kiloa. Eta atzotik landareak ere eros daitezke. Oraintxe gaude landare salmentaren gorengo garaian. Hau ere produktu galkorra da, dagokion neurrikoa eta garaian landatzea ezinbestekoa da. Aukera handia da tomatea, piperra, kuiatxoa, urteko zerba, zainzuri zainak, leka… Loretan ere udaberri eta udakoen aukera ugaritzen ari da, atzo lehen surfiniak, geranioak eta begoniak zeuden salgai.
Ardi gazta berria salgai
Bestalde, azken lau aste hauetan ardi gaztarik ez da izan. Atzo hasi zen berriz ere etortzen Naroa Irigoien Idiazabalgo Goiburu ardi gaztarekin. 19 euroan kiloa berri naturala, eta 19,5 euroan ketua. Azaroan hasi ziren gazta egiten eta ekainera arte segituko dutela dio Irigoienek. «Etxetik bertatik aritu gara orain arte saltzen, hona ekartzeko adina oraintxe izan dugu».
‘Azoka, baserritik etxera’
Egoera berezi honetan jende eta bide berriak ageri dira. Eguneroko lan martxak eragozten dien gazteak hurbiltzen dira orain. Astean zehar enkarguak hartu eta poltsetan bezeroak eskatutakoa prest ekarri dute hainbat baserritarrek. Izan ere udalak aste honetan abiatu du Azoka, baserritik etxera zerbitzua. Ordizian zuzenean postua jartzerik ez duten ekoizleei telefonoz eskaria egin dakieke, eta banaketa 09:00etatik 12:00ak artean egin dute Beti Alai frontoiaren kanpoaldean. 40 eskaritik gora jaso dituzte, eta eskertuta daude oso.