Sagardotegiak, jota
Koronabirusa sagardotegiek lan gehien egiten duten garaian heldu da. Gehienek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eskatu dute. Batzuk sagardoa etxez-etxe saltzen ari dira
Koronabirusak oso garai txarrean harrapatu ditu sagardotegiak. Urteko sasoi honetan inoiz baino lan gehiago egiten dute eta ateak itxi behar izan dituzte. Gainera, botilako sagardoa saldu ezinik dabiltza, tabernak eta jatetxeak itxita daudelako. Batzuk etxez etxe saltzea erabaki dute.
Legorretako Aulia sagardotegiko Iñaki Begiristainek «izorratuta» daudela dio, sagardotegia geldi dutelako eta botilen salmenta ere asko jaitsi delako: %90 inguru. Halere, sagardo botilak telefonoz eta inguruko dendetan saltzen dituzte.
Denboraldia erditik moztuta, irabaziak ere erdiak izango dira. ABEE bat (ERTE) egin behar izan dute. «Urte guztian dugu irekita eta ea ahalik eta azkarren zabaltzerik dugun. Baina irekitzen badugu ere, jendea etorriko den kezka dut: langabeziak gora, turismoa ere txikiagoa…».
Ordiziako Tximistako Amaia Blazquezek koronabirusa oso garai txarrean heldu dela dio. «Txotx garaiak diru poltsa osatzeko balio izaten digu, hilabete txarrak etortzen direnean ere izateko. Aurten ez dugu halakorik izango». Langileak ere ABEEn dituzte. «Printzipioz, gurekin jarraituko dute. Baina kezkatuta nago ea etorkizunean lanik izango dugun. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara ahal dugunean zabaltzeko baina ez dakigu nola izango den: aforoa txikiagoa izango da? Jendeak etorri nahiko du?». Sagardoa saltzen dute zuzenean. Nahi baino beranduago hasi dira saltzen prozesua «kate» bat delako, eta hornitzaileak ere arazoekin dabiltzalako.
Zeraingo Oiharteko Maite Retolazak «belarrondokoa» jaso dutela dio. «Jatetxea noiz ireki ahal izango dugun ez dakigunez, sagardo botila ahalik eta gehien saltzen saiatzen ari gara. Horretarako Whatsapp talde bat sortu dugu. Jendea ondo ari da erantzuten».
Sagardotegia iraila amaiera arte edukitzen dute zabalik, baina ez dakite aurten zer egingo duten. «Hilabeteko epean jatetxeei buruz zerbait esatea espero dut. Baldintza gogorrak jarriko dituztela pentsatzen dut eta baldintza horien berri izandakoan erabakiko dugu zer egin».
Olaberriko Etxezurikoek botilako sagardo gutxi saltzen dute. Hori dela eta, inongo diru sarrerarik gabe gelditu dira. «Martxoa, apirila eta maiatza dira guretzat hilabete onenak. Lazkaoko jaiak, jaunartzeak, udaberria… dena galduko dugu. Maiatzean irekitzen uzten badigute ere, jendea ez da hola eta hola etorriko: beldurtuta egongo dira oraindik. Egun hauek garbiketa lanak egiteko baliatzen ari gara», aipatu du Tomas Urrak.
Zeraingo Otatzako Gorka Izagirre ere burumakur ageri da. «Kalte handia egin digu. Segurako Iparra-Hegoarekin, adibidez, lan asko edukitzen dugu. Garairik okerrenean tokatu zaigu. ABEErik ezin dugu eskatu, langileak sagardotegi denboraldirako kontratatzen baititugu. Generoa etxez etxe saltzen ari gara: sagardo kaxak, txuletak eta 24 zatiko bakailao poltsak».
Ataun eta Altzaga
Ataungo Urbitarte sagardotegikoak ere sagardoa etxez-etxe saltzen ari dira. «Demetrio astean behin ateratzen da sagardoa banatzera. Sagardotegia ixtea kolpe latza izan da. Ez dakigu zer gertatuko den, baina laguntza gabe zaila izango da aurrera egitea. Lau langile ABEEn gaude. Demetrio bakarrik ari da lanean», azaldu du Ixiar Irastortzak.
Altzagako Olagi sagardotegiko Jose Antonio Olano baikor agertzen saiatu da. «Gauzak datozen moduan hartu behar dira. Lan pixka bat egin dugu eta gauza okerragoak gerta daitezke. Hau ere pasako da. Egun batzuk izango dira eta saltzera ez ateratzea erabaki dugu».
Sagardotegiak, sagardo salmenta
- Aulia (Legorreta). Botilak enkarguz eta inguruko dendetara saltzen ari dira.
Telefonoa: 943 80 60 66. - Etxe-Zuri (Olaberria). Ez dituzte sagardo botilak saltzen.
- Oiharte (Zerain). Whatsapp talde bat sortu dute sagardo botilak saltzeko. Enkarguak ere hartzen dituzte. Telefonoa: 943 50 10 13
- Olagi (Altzaga). Ez dute sagardoa etxez-etxe saltzen.
- Otatza (Zerain). Sagardoa, txuletak eta makailoa enkarguz saltzen ari dira.
Telefonoa: 943 80 17 507 - Tximista (Ordizia). Deitu eta zuzenean eramaten dute etxera. Telefonoa:943 88 11 28
- Urbitarte (Ataun). Sagardoa banatzen ari dira.
Telefonoa: 943 18 01 19