Beasainen ez da asteroko eta hileko azokarik egingo
"Helburua azokako ekoizleak eta herritarrak babestea" dela argudiatuta hartu du erabakia Beasaingo Udalak, plazaren inguruan azokak eragingo lukeen "dei-efektua eta jende-pilaketak" saihesteko asmoz. Beasaingo EH Bildu ez dago ados hartutako erabakiarekin.
Beasaingo Udalak asteroko eta hileroko azokak ez egiteko erabakia hartu du, “azokako ekoizleak eta herritarrak babestea” helburu nagusitzat hartuta. “Beasaingo Udalak asteroko eta hileko azoka ez egitearen arrazoi nagusiak plazaren inguruan honek eragingo lukeen dei-efektua eta jende-pilaketak saihestean datza”, argudiatu du udalak ohar bidez.
Azoka bertan behera geratu zenetik, udalaren zeregin nagusiak koronabirusa hedatzeko arriskua saihestea, eta merkatuko produktuak eskuratu eta udalerrian behar gehien duten pertsonen artean banatzea direla azaldu du. “Zuhurtziaz eta zentzuz jokatzeak kutsatze-zantzu oro saihestera eta ondorioz Beasaingo azoka ez egitera eraman du udala”.
Udalaren iritzirako, salmenta-postuak kokatzen diren esparruaren barruan hartzen diren prebentzio eta kontrol-neurri zorrotzak hartuta ere, “plazatik kanpo hutsean geratzen dira neurri horiek bermatzerik ez baitago”. Oharrak dioenez, azokan biltzen diren bezero asko adinekoak dira eta horiek dira “lehentasunez babestu nahi” dituztenak.
Produktuak erosteko konpromisoa
Udalak gaineratu du azokara joaten diren ekoizleekin harremanetan jarraitzen duela, eta “duela aste batzuk hasitako etxez etxeko salmentako produktuen soberakinak erosteko konpromisoari eusten” diola. “Era honetan, udal gobernuak 0 Km produktuak saltzen dituen ekoizlearen ekonomiari arnasa ematen dio”.
Udalak orain arte bezala ekoizleei produktuak erosten jarraituko du, Gurutze Gorriaren eta Caritasen bidez behar bereziak eta zailtasun gehien duen jendearen artean banatzeko. “Babespeko etxebizitzak, adineko egoitza eta pertsonak, eta ongizate sailetik beharra duten atzemandako jendea dira orain arte bezala produktu horien hartzaileak”.
Beasaingo Udal gobernuak gogoratu du tokiko ekoizleek merkatuan eskaintzen dituzten produktuen etxez etxeko salmentak bere bideari eusten diola, “lehentasun nagusien artean tokiko ekonomia eta merkataritza sustatzeko eta laguntzeko ekimenak aurrera eramatea” baitago. Saltzaileen zerrenda eta eskaerak egiteko harremanetarako bitartekoak taula batean laburbildu dituzte.
EH Bilduren iritziz, erabakiak ez du zentzurik
Beasaingo EH Bildu ez dago ados da udal gobernuak hartutako erabakiarekin, eta oposizioak horren berri izan aurretik webgunean publikatzea kritikatu du, “aldebakartasunez” aritzea leporatuz. “Atzo jakinarazi zieten asmo hau baserritarrei. Jaurlaritzak atzerapausua eman ondoren, zentzurik ez duen erabakia hartu da. Berme osoz burutu zitekeen salerosketa hau”.
Koalizioak ohar bidez adierazi du “Plazapeko espazioak ahalbideratzen dituen aukerak aztertu eta proposamen zehatz” bat bideratu zuela azokak egiteko aukera zabaldu bezain pronto. “Bertan, bai ekoizle bai kontsumitzaileentzako neurri zehatzak azaltzen genituen, azoka segurtasun berme guztiekin egin ahal izateko, eta baserritarron produktuak herritarron eskura jarriz”.
Ekoizleen eta kontsumitzaileei eskubideei aipamena egiten die EH Bilduk, zaintzari erreferentzia eginez. “Gure baserritarrak, kontsumo taldeak, bertako produktuak eta hauek kontsumitzen dituzten bezeroen zaintza dugu jomuga. Eta ez bakarrik tokiko merkataritza eredu baten sinesten dugulako, jakin badakigulako baserritarrek ekoitzitako produktu galkorrei irtenbide azkar bat eman ezean, horiek galdu eta horrek dakartzan ondorio kaltegarria guztiak eurek pairatuko dituztelako”. Horrez gain, herritarrek bertako lehengaiak erosteko eskubidea defendatu du, eta horregatik, azoka egin ahal izatea eskatu dio udal gobernuari.