Joseba Insausti: "Ezin gara gelditu, baina nik nola frogatu dezaket artaldeari ilea beranduago mozteagatik eta abar galerak izan ditudala?”
Artzain Eguna ospatzekoa zen gaur Ordizian. Joseba Insausti artzainak azaldu du ez duela egun osoa Ordizian pasatzeko ohiturarik, denborarik izaten ez duelako. Iaz 3. aldiz irabazi zuen Insaustik Idiazabalgo Jatorri Izendapenak ematen duen erregulartasun saria. Koronabirusa dela eta, baserri lanetarako kontratatzen dituzten zerbitzu batzuk geldirik daudenez, “aurrera jarraitzeko moduak” aurkitu behar izan dituela adierazi du.
Zer plan zeneukan Aste Santu eta Pazko Astearen ingururako? Artzain Eguna egin behar zuten gaur.
Ez daukagu denborarik ia ezertarako. Ni Artzain Egunean jaitsi izan naiz azokara, ez beti, baina hangoa egin, udaletxeko ekitaldira joan eta etxera etorri izan naiz. Nire inguruko artzain askok egun pasa egiten dute, baina nik ez daukat ohitura hori.
Nola eragin dizu koronabirusak zure egunerokotasunean?
Asko eragin dit, guztioi bezala pentsatzen dut. Konfinamendu alde horretatik batere ez, guk negu garaian sei hilabete behintzat pasatzen ditugulako horrela, menditik jaitsi eta berehala, jezten uzten diegun arte. Gertatzen dena da guk kontratatzen ditugun hainbat zerbitzu geldituta daudela, izan arkumeei belarritakoak jartzea, edo ilea moztea, edo albaitariaren tratamenduak jartzea… Aberiak ere izan ditut, galdara hautsi zitzaidan eta galdara-etxea itxita zegoen. Eta gazta egiteko ur beroa behar dut. Azkenean iturgina den bizilagun batek konpondu zuen. Aurrera jarraitzeko moduak bilatu behar izan ditugu.
Ile moztaileenak tontakeri bat dirudi, baina artalde bakoitzak bere garaia dauka ilea mozteko, eta astebete atzeratzeak galerak ditu: ardiek ez dute jaten, esne ekoizpenean ikaragarri jaisten dira, jezte gelan sartzeko ere hainbeste ilekin esfortzu handiagoa egin behar du animaliak. Nire kasuan 15 egun atzeratu da; Nafarroatik etorri behar ziren ilea moztera, baina ezin izan zuten etorri, eta beste kuadrila bat etorri zen.
Horrez gain ere, askotan laguntzera dator jendea momentu puntualetan, familia, lagunen bat, gurasoak egunero…baina orain ezin direnez etorri niretzako lan gehiago gelditzen da. Badirudi dena geratu dela, baina guretzako ez da horrela.
Zuk lanean jarraitzen duzu, produkzioa ez da geratu.
Azkenean gu gastuan gaude egunero, eta produzitzen ari gara, baina ez dugu saltzen. Arkumeak, adibidez, garai honetan kiloko 3,15 euroan saldu ditugu, eta orain 2 eurora jaitsi da. Ba pentsa, guk kostuak berdinak dauzkagu. Nekazariok beharrezkoak garela esaten da egunotan; egoera honetan ari gara lanean eta aurrera ateratzen, baina nik uste dut dena merkeago ari garela saltzen, gure osasuna arriskuan jartzen eta dirua galtzen.
Eta gaztari dagokionez, galerarik izan duzu?
Gazta ere geldi dago. Eskaerak eta dendak, eta jatetxeak nahiz eta guk ez dauzkagun, hori guztia geldi dago. Badakit lagun askok jarri dituztela iniziatibak martxan gaztak etxera eramateko. Niri gazta ez zait hondatu behar, kamaran dago eta ni gainera beranduago hasi nintzen aurten. Otsailean hasi nintzen gazta egiten, orduan ez daukat presarik, Idiazabal gazta berez 3-4 hilabeterekin hobeto dago eta, birekin baino. Ontzen ari dira kamaran. Baina kamaran ere lekua egiten duzu saltzen zoazelako, baina saltzen ez baduzu lekurik ez duzu.
Azokak itxi zituen Eusko Jaurlaritzak joan den astean, eta atzera egin eta berriro ireki zituen egun batzuk beranduago. Zuri eragin al zizun zuzenean azokak ixteko erabakiak?
Niri pertsonalki ez, ni azoketara ez naizelako joaten, baina zentzugabekeria bat iruditzen zait. Eskerrak Eusko Jaurlaritza konturatu dela tontakeri horretaz eta bertan behera utzi duen. Ze azokara joatea supermerkatura joatea baino arriskutsuagoa bada… esango didazu. Ez dauka zentzurik. Zuzenketarekin geratuko gara. Niretzako balio izan du krisiak, neronek behintzat baloratzeko herri txikietan dauzkagun dendak.
Bertako ekoizpenaz ari zara?
Ekoizpena eta banaketa ere bertakoa izatea niretzako ezinbestekoa da. Gertutasuneko elikadura bat eta denda txikiak bultzatu behar dira. Erosketak egiteko nire lehengo ohitura zen supermerkatuetara joatea. Espero dut hemendik aurrera herriko dendetara joatea; zerbitzu jatorra, momentuko arreta, gertutasuneko tratua…iruditzen zait ez garela horretaz jabetzen horrelako krisialdi bat gertatu arte. Espero dut bertako nekazaritzak eta abeltzaintzak duen garrantziaz konturatzea.
Autonomoentzako laguntzak emango dituztela jakinarazi du Espainiako Gobernuak, baina horretarako aktibitatea gelditu behar da. Zuk laguntzarik eskatuko duzu?
Nire kasuan garaian garaikoa tokatzen da. Laguntzak jasotzeko fakturazioa bertan behera utzi behar da, baina gure sektorean ezin da gelditu, bestela kanpaina guztia mozten da. Fabrika batean produkzioa utzi zenuen leku berean berrabiaraziko duzu. Hemen produkzioa etetean kanpaina osoa galdu duzu, zikloa eten egin delako. Aktibitatea gelditzen badugu, urte osorako geratu behar dugu. Mozten bada, ardiak lehortu egiten dira, esnea joan egiten zaie. Ezin gara gelditu, baina nik nola frogatu dezaket artaldeari ilea beranduago mozteagatik eta abar galerak izan ditudala?