CAFen apirilaren 20an hasiko dira lanean
CAFeko enpresa batzordeak akordioa erdietsu du enpresako zuzendaritzarekin, Beasaingo eta Irungo lantegietan apirilaren 20an lan jarduerak hasteko
Akordioa gaur erdietsi dute. Akordio horren arabera, Beasaingo 4. sailean industria jardueraren hasiera mailakatua izango da. Sail horretan aritzen da jende gehien lanean.
LAB sindikatuak prentsa ohar bat bidali du, akordioaren berri emateko eta orain arte emandako pausoak gogoratzeko. “Martxoaren 16an, lanean hasi ondoren, plantilak produkzioa gelditzeko ekimena hartu zuen, langileen eta familien segurtasuna bermatzeko eta, beraz, gizartearena oro har. Ekimen horren alde egin zuen LABek hasiera-hasieratik. LAB-CAFentzat inoiz ez da izan, ezta orain ere, ekonomia osasuna baino lehen jartzeko garaia”.
CAFeko zuzendaritza ixtearekin “mesfidatia” izan zela dio sindikatuak. “Segur aski, iritzi horretan zerikusia izango zuten Adegi eta Confebask euskal patronaleak eta Eusko Jaurlaritzak berak. Baina plantilaren erabakia geldiezina izan zen eta, ordutik, Beasaingo eta Irungo CAFeko 3.000 langiletik gora, 6 astez egon gara gure etxeetan sartuta, osasun-agintariek eta gizarteak berak eskatzen zutenari erantzun eredugarria emanez”.
Gobernua kritikatu dute, ez duelako berdin jokatu. “Gobernuak amore eman du kapitalaren interesen aurrean, eta behar baino lehenago ekin die funtsezkoak ez diren jarduerei. Egoera horren aurrean, gure desiorik handiena da behingoz segurtasunari dagozkion gaietan arreta jartzea. Aurrean dugun erronka eta erantzukizuna oso garrantzitsuak dira, langileen eta, oro har, gizartearen segurtasuna dago jokoan”.
Jarduera uzteko eta berriz hasteko akordioek honako hau jasotzen dute:
- Telelana bultzatzea: horren ondorioz, bulegoetako ehunka langilek ez dute beren jarduera eten.
- Galdutako 16 ekoizpen-egunetatik 13 berreskuratuko dira. Gainerako hiru egunak ordaindutako lizentzia gisa ordainduko dira kasu gehienetan, eta aparteko orduen poltsetatik deskontatuko dira kasu batzuetan.
- Gutxienez behin-behineko 100 langile kontratatzea erabaki da.
- Enpresako goi-kargudunek eta administrazio-kontseiluak soldata %5 murriztea adostu da. Hala ere, langileen soldatak bere horretan jarraituko du.
Gainera, jarduera hasteko, segurtasun protokolo batzuk adostu dira, kutsatze arriskua ahalik eta gehien ekiditeko.
- 4. sailean 700 langilek baino gehiagok lan egiten dute. Hilaren 20an, astelehenez, langile hauen %50 hasiko da. Asteazkenean, hilaren 23an, beste %25 batuko zaie eta azkenik, ostiralean, apirilaren 25ean, gainerako %25a hasiko da.
- 350 pertsona inguruk jarduera modu mailakatuan hasteak sortzen duen ordu-desoreka Beasaingo eta Irungo langile guztiek hartuko dute bere gain, lan osasunari buruzko on-line bidezko prestakuntza bat eginez (2,5 ordu pertsona bakoitzeko).
- Beasaingo gainerako sailetan eta Irungo lantegian jarduera hilaren 20an hasiko da, hainbat ordutegi ezberdinetan sarrerak eta irteerak eginez.
- Industria jarduerak prebentzio eta higiene neurri iraunkorrei eusteko beharra izango du. Lantegien sarreretan kontrolak egongo dira, aldagelak eta bainugelak modu arautuan erabiliko dira, maskarak eta eskularruak erabiliko dira, langileen artean bi metroko tartea utziko da eta instalazioak eta lanpostuak etengabe garbituko dira, besteak beste.
- Balizko kutsatze kasuetarako edo arrisku egoeretarako protokoloak sortuko dira.
- Jantoki zerbitzua itxita egongo da.
- Telelana mantenduko da eta ez da aurrez aurreko bilerarik egingo.
- Enpresak zaurgarriak izan daitezkeen 100 langile inguru identifikatu ditu eta beraiekin neurri bereziak hartuko dira.
LABek aipatutako neurri guztien betetzea zorroztasunez zainduko duela aurreratu du.