Beasaingo Udalak azoka ez egitearen arrazoiak argitu ditu
Beasaingo Udalak beharrezkoa ikusi du asteroko eta hileko azoka ez egitearen zergatia berriz ere azaltzea, "Beasaingo azoka beasaindarron artean zeresana eragiteko erabili nahia" ikusita.
Beasaingo Udalak astero egiten zen azoka debekatzea erabaki zuen koronabirusa hedatzeko arriskua dagoela iritzita, jende-pilaketak eta dei-efektua saihestu nahian.
Azoka plazaratzearen ordez, ekoizleen produktuak erosi eta zailtasun gehien dituzten familiei, Gurutze Gorriaren eta Caritasen bidez, banatzea adostu zuten. Apirilaren 18an Beasaingo Udalak zabaldutako oharraren bitartez, Gurutze Gorriak, Goierrin bakarrik janari beharra duten 600 familia daudela dio.
Horrez gain, etxez etxeko salmenta martxan dago: “Ekoizleen telefono zenbakiak, egunak eta saltzeko duten produktuarekin orriak egin eta banatu dira”.
Bestalde, udalak aurrez aurreko salerosketa ez egitearen arrazoiak berretsi ditu. Segurtasun neurriak (urruntze soziala, eskularruak edo maskarak) betetzea erraza izan arren, 65 urtetik gorako pertsonen osasuna babestea zaila dela uste dute: “Salmenta eremu barruan, 65 urtetik gorakoak ari dira erosten eta kasuren batean baita saltzen ere. Bestetik, azokak sortzen duen dei efektua ematen ari da. Ordizia da horren adibide garbia. Inguruko herrietatik etortzen dira, batez ere pertsona helduak, hain justu, gehien babestu behar ditugunak”.
“Udal gobernua azokaren kontra dagoenaren leloa eta azoka politikoki erabiltzea zilegi ez dela” salatu du Beasaingo Udalak zabaldutako oharrean. “Ziur gaude ekoizle eta baserritarrak asko poztuko direla udal gobernu hau bezala Beasaingo azoka ORAIN! plataforman sinatu duten guztiak bertan erosten ikusten dituztenean, hori izango baita benetako babesa eta bultzada azokari”.