Etxealditik Euskaraldira ekimena sustatuko du Beasaingo Aittu Euskara Elkarteak
Azaroaren 20tik abenduaren 4a bitartean egingo den Euskaraldiari bultzada bat emateko, Etxealditik Euskaraldira ekimena bultzatuko du Aittu Euskara Elkarteak, gaur hasi eta maiatzaren 10era bitartean.
Aitturen esanetan, Etxealditik Euskaraldira ekimena familiei zuzenduta dago, “Beasaingo familietan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabil dadin, azken batean, euskara etxeko hizkuntza nagusia bihur dadin”.
Etxealditik Euskaraldira Beasaingo ikastetxeen eta guraso elkarteen bidez sustatu eta helarazi nahi da herriko familietara eta, horretarako, datorren asteazkenean, apirilak 22, 17:00etan bideo-bilera bat antolatu du Aittu Euskara Elkarteak.
Plaza, telefono mugikorra
Ekimenaren plaza Aittu Euskara Elkarteak WhatsApparen bidez sortu duen kanala izango da. Horretarako, Etxealditik Euskaraldira ekimenean parte hartzeko “Aittu Euskara Elkarteko telefono zenbakia norberaren telefonoaren kontaktuetan gorde behar da eta mezu bat bidali ondoren Aittu Euskara Elkartearen telefonora WhatsApp taldean sartzeko eskatuz. Aittu Euskara Elkartearen telefono zenbakia norberaren telefonoaren kontaktuetan gordetzen ez bada, ezin da mezurik jaso ez eta bidali ere. Hauxe da gorde beharreko telefonoa: 688 76 86 09″.
Familiek Etxealditik Euskaraldira ekimenaren baitan egiten dituzten ariketen argazkiak eta bideoak Aittu Euskara Elkarteko 688 76 86 09 telefono zenbakira bidaliko dituzte etxean egindako ariketa argitara emateko.
Ekintzen proposamena
Etxealditik Euskaraldira kanpainaren barruan hiru proposamen finkatu ditu Aittuk:
- Lehenik eta behin, Euskaraldiko web orrialdean dagoen erakundeen erregistroan, familiaren izen-ematea egitea proposatuko da. “Izan ere, familia da euskararen gordailu eta pizgailu eta gizarte antolaketaren oinarrizko erakunde”.
- Balkoiak apaintzeko ariketa: Euskaraldia gaiarekin apaindutako balkoiak, Etxealditik Euskaraldira ekimenak irauten duen bitartean, “parte hartzen duten familien balkoiak euskarenganako atxikimenduaren erakusgarri izan daitezen”.
- Hirui asteonta, hainbat ariketa proposatuko dira egunez egun Beasaingo familiek egin ditzaten. Aipagarrienen artean mozorro eta kantu saioa daude, hirugarren astean egingo da, maiatzaren 4tik 10era: “batetik, taldeka edota banaka mozorrotzeko ariketa proposatuko da eta, bestetik, euskararekin lotutako kantak kantatzea. Aurten Beasaingo festarik izango ez denez, festak aurreratu eta etxean bertan mozorro eta kantu festa egitea da proposamena”.
Argazki eta bideoen zabalkundea
Herriko familiek bidalitako argazki eta bideoak erakusteko eta zabaltzeko plaza nagusia Aittu Euskara Elkarteak sortuko duen WhatsApp taldea izango da. Plaza horretaz gain, Aittu Euskara Elkarteak hiru bide erabiliko ditu herritarrei Etxealditik Euskaraldira ekimenaren berri eman eta parte hartu dezaten esateko: batetik, sare sozialak (Facebook, Twitter eta Instagram kanalak) eta Whatsappean Aittu Euskara Elkarteko kideek dituzten taldeak.
Bestetik, komunikabideen bitartez zabalduko da, eta azkenik, posta elektronikoa erabiliko da: Euskaraldiaren lehenengo edizioan Ahobizi eta Belarriprest izan ziren herritarrei ekimenaren berri emateko posta elektronikoa bidaliko zaie.