Ordizian aho batez onartu dute 2020. urterako aurrekontua, bilkura telematikoan
Koronabirusaren krisiak eragindako urgentziazko egoerari aurre egitea lehenetsi dute udal ordezkariek. Egoera aldakorra denez, aurrekontuak aldaketa gehiago izango ditu
Ordiziako historian lehen aldiz, ez-ohiko osoko bilkura telematikoan onartu dute udal agintariek 2020 urterako udal aurrekontua. Udalbatzako 17 zinegotziek, aho batez onartu zuten. Adur Ezenarro alkateak nabarmendu duenez, «ezinbestekoa zen Ordiziako Udalak aurrekontua onartua izatea, dagoeneko ditugun konpromisoei erantzuteko, eta aurrera jarraitzeko lan-tresna behar-beharrezkoa delako». Horrela, hasierako aurrekontu proposamena oinarritzat hartuta, baina koronabirusaren pandemiagatik sortu den egoera berrira egokituz, hainbat aldaketa eginda onartu dute aurrekontua. Hala nola, 200.000 euroko partida ireki bat gehitu dute, pandemiak sortutako beharrei erantzuteko.
Covid-19 birusaren pandemia hasi baino lehen, Ordiziako Udal Gobernuak, Ordizia Orainekin adostutako, 15.614.380,62 euroko aurrekontu proposamena onartzeko batzarra deitu zuen martxoaren hasieran. «Ordiziarren iritzia kontuan hartuta» eta lanketa «zabal» baten ondoren gorpuztua. Egun haietan EH Bilduk eta Ordizia Orainek iragarri zuten, «Ordiziaren egonkortasuna eta garapena bermatzeko aurrekontu proiektua» zela. Martxoaren 16rako deitu zuten udalbatza, baina koronabirusaren osasun krisiaren aurrean ezarritako alarma egoerak, bilkura bertan behera uztera behartu zuen.
Hasierako aurrekontu proiektu hark «krisi honen aurreko egoerari erantzuten zion», eta horregatik, «pandemia eragiten ari den ondorio guztietara egokitu beharko da». Hori horrela, «aurreikusita zeuden inbertsioak kendu dira, emendakinak eta oposizioren proposamen ezberdinen arteko eztabaida eta erabakiak atzeratuz».
Diru-sarreretan ere «murrizketak» aurreikusi dituzte, «Foru Funtsaren %20ko murrizketa» bat iragarriz. «Finantza egoera berria zehazten den unean aurrekontu osoa berregin beharko da». Hilabete igaro aurretik izan daiteke hori.
Une honetan udalak duen erronka handiena, herritarren ongizatea bermatzeko laguntzen kopurua zenbatekoa izan daitekeen zehaztean dago, egoera zenbat luzatuko den definitzea « oso zaila» baita. Ezenarrok argi utzi du, «aurrera egiteko aurrekontua» dela onartutakoa, eta egoeraren eta beharren arabera «etengabe aldatuko» dela.
Alderdi guztien babesa
Oposizioko bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE, «urgentziazko aurrekontua» dela iritzita eman diote babesa proposamenari. Baiezko bozka emanda ere, EAJko Jose Migel Santamariak adierazi du, «aurrekontuak ez diola errealitateari erantzuten, ez gastuei edo ez diru sarrerei», baina orain ez dela oztopoak jartzen hasteko unea, eta «lanean jarraitu ahal izateko erraminta» horren beharra lehenetsi du.
PSE-EEko Iñaki Dubreuilek aurrrekontua onartzearen arrazoien artean aipatu du, «jo puntua, eragin ekonomikoak dituen osasun krisi hau, krisi sozial edo politiko batean bihurtzeko arriskua ekiditean» dagoela. Etor daitekeenari aurrea hartzeko «lan talde baten beharra» ikusten du zinegotzi sozialistak.
Ordizia Oraineko Mila Sukiak ere begirada aurrera bota eta etor daitekeenari aurre egin ahal izateko, «aurrikuspenak egitea beharrezkotzat» jo du.
Udal gobernuak, udal talde guztiei «eskerrak» eman zizkien, «halako egoeran egindako esfortzuagatik». Esfortzua, «halako salbuespen egoeran plenoa burutu ahal izanagatik», eta horrez gain, «krisi honen aurrean iritzi ezberdinen arteko eztabaidak atzeratzeagatik». Orain, «ez da eztabaida garaia, ordiziarren lehentasunei erantzun eta indarrak batzeko garaia da».
Gainontzekoak ere aurrera
2020 urterako udal aurrekontua onartuta, beste bi puntu ere baziren mahai gainean. Batetik, 2020 ekitaldiko Plantilla Organikoaren hasierako onarpena ,eta bestetik, lanpostuen zerrendaren hasierako onarpena. Bi puntuak aho batez onartu zituen udalbatzak.
200.000 euroko partida beharrei erantzuteko
Oso epe laburrean pandemiak sortutako kalte eta behar berriei erantzuteko aurrekontu proiektuak 200.000 euroko partida irekia izango du. Helburu edo xede finkorik ez duen partida bat dela argitu du udalak, «kontingentzia edo aurreikusi ez diren gertakizun berriei erantzuteko erabiliko dena». Oraintxe bertan eta gizarteak bizi duen egoera honetan «ezinbestekoa». Frente asko daude zabalik, eta diru partida hori «txiki» geldituko dela ere uste du Ezenarrok. Hala ere, herri mailan sor daitezkeen beharrak aztertzeko lanean ari dira, «autonomoei, merkataritzari eta beste jarduerei, laguntzak bermatzeko, besteak beste».