Bi hilabeteraino luzatuko da
Koronabirusaren izurriteari eusteko konfinamendua maiatzaren 9ra arte luzatuko dute. Haurrek kalera irten ahalko dute apirilaren 27tik, une batean. Lan arloa itzarrarazi dute
Tantaka bada ere, oraindik koronabirusarekin kutsatutako kasu positibo gehiago ateratzen ari dira Goierrin. Guztira, 256 goierritarrek daukate edo pasatu dute gaitza. Azken datu ofizialen arabera igande iluntzekoak, bezperan baino hiru lagun gehiago daude kutsatuta; larunbatean, lau kasu berri, ostiralean 12. Ia bailara guztira zabaldu da, gainera: 19 udalerritan dago kasuren bat. Zumarragako Ospitalean 13 lagun daude ingresatuta Covid-19 birusagatik.
Aste Santuko oporraldi etxekotutik bueltan, atzo berreskuratu zen Goierrin koronabirusaren izurriteko normaltasuna. Bost asteko konfinamendua igarota, seigarrenari ekin dio egoera ez arruntak. Lanerako itzulera izan zen askorentzat atzokoa, etxetiko telelanari heltzekoa ere bai. Zenbait negoziok itxita jarraitu beharko dute, haatik: publikoarekin zuzenean lan egiten duten establezimenduek, jatetxe eta tabernak barne, ekaina baino lehen hasterik izango dutenik ez dute espero.
Maskarak banatzen hasi dira, bestetik, kaleetan. Aurreko astean iritsi zen sorta bat, eta boluntarioek eta larrialdi zerbitzuetakoek banatu zituzten.
Osasungintzako zerbitzuek berealdiko garrantzia hartu duten honetan, anbulantzien segizioak ikusi ahal izan dira azkeneko bi astebukaeretan, Goierriko herrietan. Larunbat-igandeetako 20:00etako txaloaldiaren garaian, 8-10 anbulantziako ilarak igaro dira kaleetan, sirenak piztuta eta tutuak hoska.
Haurrentzat liburuetara itzultzeko eguna ere izan zen atzo. Martxoaren 12an utzi zituzten ikasgelak, eta ezohiko kurtso bukaerarantz bideratu dituzte orain ahaleginak eskola-komunitateek. Ikuskizun dago ikastetxea zapaltzerik izango duten ekainean udako oporrak hartu aurretik. Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak baiezkoa adierazi du.
Gaitzak zaharren artean eragin duen kalteak erakarri du, ordea, azken hamar egunotan arreta handiena. Adinekoen egoitzak bereziki bortitz harrapatu ditu koronabirusak. Goierrin kasu gehien dauzkaten udalerriak Ordizia (67), Zumarraga (61) eta Beasain (43) dira, eta gerontologikoei dagozkie asko.
Haurrentzat arnasa, azkenean
Espainiako Kongresuak aste honetan onartuko du alarma egoera beste bi aste luzatzea. Maiatzaren 9ra arte iraungo du, gutxienez. Hirugarren luzapena da, hamabost eguneko zikloen ezarketan laugarrena.
Maiatzean konfimanedua arintzen hasiko diren zantzu batzuk azaldu dira. «Deseskalatzeaz» mintzatzen hasi dira osasun arduradunak, eta arrakalak sortu dira erantzun politikoetan, neurrien arintzeak non eta, batez ere, zenbat behar duen.
Konfinamenduaren zazpigarren astean, aldaketa nabarmen bat izango dela iragarri du Espainiako Gobernuak, apirilaren 27tik aurrera: haurrek kalera irten ahalko dute. Oraindik ez dute xehetasunik jakinarazi, baina irteera «mugatua» izango da: «une batean» eta etxekoekin bakarrik ibili beharko dute. Hamabi urtetik beherako haurrentzat soilik da neurria.
Pedro Sanchez presidente espainiarraren arabera, maiatzetik aurrera neurri «sakonagoak» hartuko dituzte, deseskalatze horretan. Tokian tokiko errealitate desberdinak aintzat hartzeko zirrikitua ere ireki du, prozesua «asimetrikoa» izan daitekeela aipatuz. «Beste zerumuga bat» ageriko da maiatzaren 9an.
Azken astean asko ozendu da haurrentzat zabaltasun handiagoa eskatzen duen korrontea. Balkoietan gero eta gehiago dira aldarrikapen hori egiten duten mezuak eta oihalak.
Horrez gain, konfinamendua luzatzeko moduaz ere jada alderdi guztiak ez datoz bat. EAEko eta Nafarroako agintariek, kirola egiteko irteten uztea ere baimen dezan eskatu diote Espainiari; espazio irekietan, denbora mugatuan eta banaka. Establezimendu, enpresa txiki eta saltoki batzuk irekitzeko garaia dela ere galdegin du Urkullu lehendakariak.
Konfinamenduaren zurruntasunean, eragin handienetakoa jasaten ari den hurrengo kolektiboa adinekoena dela ohartarazi dute zenbait gizarte eragilek. Haiek ere ariketa egiteko modua izan dezaten eskatzen duten ahotsak gero eta ugariagoak eta altuagoak dira.
Hala, pentsiodunen hainbat elkartek salatu dute adina erabiltzea konfinamendurako irizpide modura; itxialdia adinaren arabera luzatzea giza eskubideen aurkakoa dela diote.
Lan jardunaren mardulena, abian
Ezinbestekoak ez diren sektoreen geraldia eta Aste Santuko oporraldia igaro ondoren, Goierriko ehundura industriala berriz ere abian da. Enpresa gehienek apirilaren 14an berrekin zioten lanari, Espainiako Gobernuak geldialdia hilaren 9an bukatu eta gero. Baina lantegi batzuetan, jaiegunetan ere lan egin dute, aurrez itxita egondako lanaldiak berreskuratu nahiz.
Lanean hasi bai, baina ez lehen bezala. Lantegi barruko hartu-emanak urritzeko, taldeak murriztu dituzte batzuek; ekoizpen erritmoa beheratu dute besteek, edo txandak nahiz lanegunak banakatu dituzte.
Goierriko enpresa handienetatik bi, CAF eta Irizar, atzo itzuli ziren ekoizpenera. Alarma egoera ezarri zenez geroztik geldirik zeuden biak martxoaren 16tik, nahiz eta CAFen atzerriko eskariei erantzuteko irekitako baimena tarteko langile gutxi batzuk aritu diren, baita bulegoetakoak ere.
CAFeko tailerretako langileak atzo itzuli ziren. Ez denak, hala ere. Muntaiako lau sailetan aste honetan zehar berreskuratuko dute ohiko erritmoa, langileak mailakatuta itzulitakoan.
Sarrera-irteeretan kontrol eta desinfekzio zerbitzuak ezarri zituen atzo CAFek, aterpe desmuntagarriak altxatuta. Maskarak ipinita eta eskularruekin ikusten ziren haien inguruan langileak. Bukatutako trenak kamioietan ateratzen ere lehen goizetik hasi dira.
Ormaiztegiko Irizar autobusgilea, bere aldetik, ekoizpena berrezartzen ari da, pixkana. Lehengo astean ekoizpen-lerro bat jarri zuten martxan, eta atzo bigarrena. «Osasun egoeraren eta gure bezeroen beharren arabera egokituko dira erritmoak ondoren», azaldu zuen Kontseilu Errektoreak martxoaren bukaeran, etenaldia iragarri zuenean.
Erreleboak ezarri dituzte, tailerretan jende gutxiago egoteko.
Aberri Eguna, bat eta balkoietan
Aberri Eguna ere baldintzatu du aurten koronabirusak, eta apirilaren 12ko ekitaldiak kalean edo plazetan ospatu beharrean, balkoietara eraman zituzten.
Berezitasun bat gehiago izan zuen, gainera, Aberri Egunak, Euskal Herria Batera ekimenak deialdi bateratua egin zuelako «euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko»; gaitzaren ondorioz hildakoak gogoratzeko ere baliatu nahi zuten eguna. Deialdiak, besteak beste, EH Bildu, EH Bai eta Euskal Herria Podemos alderdien atxikimendua jaso zuen; EAJk, berriz, ospakizuna bere aldetik egitea erabaki zuen.
Batzuen edo besteen deialdiari erantzunda, aurtengo Aberri Egunaren adierazlerik nagusiena ikurrina eta Nafarroako bandera izan ziren. Goierrin ere balkoiak bi ikurrinekin bete ziren.
Baita musikaz ere, Euskal Herria Bateraren deialdiak 12:30ean hildakoen omenezko minutu bateko ixilunea, eta irratien laguntzaz, Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak abesteko gonbitea ere jasotzen baitzuen.
Bestetik, Euskal Herria Batera ekimenarekin bat egindako herritarren argazkiekin mosaiko erraldoi bat ere osatu zuten.
Lehen Aberri Egun bateratuaren balorazioa egiterakoan, «Euskal Herrian ere posible da bateratasuna. Aski izan da herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek batera keinu bat egiteko», adierazi zuen EuskalHerrian Batera plataformak.
Azokak egiteko debekua, indarge
Alarma egoera hastearekin bat, Beasaingo, Legazpiko, Urretxuko eta Lazkaoko asteroko azokak bertan behera utzi zituzten, horretarako debekurik egon ez arren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hala gomendatua. Ordiziakoa eta Zumarragagoa, aldiz, egin dira, lehena etenik gabe asteazkenero, eta bigarrena, bi larunbatetan izan ezik (martxoaren 21ean eta apirilaren 11n).
Goierriko ferien panorama horrela zegoela, apirilaren 8an Eusko Jaurilaritzako Osasun Sailaren agindua iritsi zen, asteroko azokak debekatzen zituena. Handik hiru egun eskasetara, eta gizartean sortutako mugimenduaren eraginez hein handi batean, debekua altxatu egin zuten.
Debekurik ezean, aurretik bertan behera utzitako azokak egiten hasi dira poliki-poliki. Lehenik, Zumarragan apirilaren 11n egin ezin zena, asteartean, hilaren 14an egin zuten. Legazpin ostiralean, hilak 17an berrekin zioten asteroko azokari eta atzo astelehena, Lazkaokoari, bi kasu horietan alarma egoera ezarri aurretik egin gabe egon eta gero. Urretxun ere ostegun honetan, hilak 23, egingo dute berriz. Herri guztietan neurri zorrotzak hartu dira, jendearen pilaketak eta kutsatzeak ekiditeko.
Beasaingo Udalak, berriz, astearteko azoka ez egitea erabaki du, koronabirusa hedatzeko arriskua dagoela iritzita, eta jende pilaketak saihestu nahian.
Adinekoen egoitzak, larri
Koronabirusak gogor jo ditu adinduen egoitzak, eta egoliar eta langile ugari kutsatu dira. Heriotzak ere asko izan dira eta Goierrin, Zumarragako Argixaon, Beasaingo Arangoitin eta Ordiziako San Josen, 25 hildako zenbatu dira.
Zaharren egoitzetako langileen egoera zailari erreparatu diete sindikatuek, eta ELA-k salaketak jarri eta auzitara eraman ditu apirilaren 14an Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Tolosako Iurramendi zentroak kudeatzen dituzten enpresak eta titularra den Foru Aldundia, «langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea» urratu dituztela argudiatuz. Besteak beste, langile guztiei norbera babesteko ekipamenduak ematea eta testak egitea eskatu dute.
ELAren salaketak erantzuna izan du Argixaoko 30 langileren aldetik, eta «planto egiten dugu» esaten zuen gutuna helarazi zioten komunikabideei. «Salaketa jarri duten horiek ez dute inongo momentutan ez kritika konstruktiborik egin ezta egoeraren inguruan informazioa edo eman den formakuntza baino gehiago jasotzeko ahaleginik egin ere», adierazi zuten, Matia Fundazioko farmazia eta medikuntza alorreko arduradunek krisiari aurre egiteko egindako lana defendatzearekin batera. ELA-k, berriz, sinatzaileak 30 zirela eta Argixaon 115 langile dihardutela erantzun zieten, eta salaketaren helburua «langileei zerbitzu eta osasun hobea bermatzea» dela berretsi zuten, baita «erabiltzaileen heriotza gutxiago eta kutsatze gutxiago» ere.
LAB sindikatuak, azkenik, egoitzetan kutsatzen ari diren pertsonen erantzukizuna norbaitek hartzea eskatu du azken egunontan, eta egoiliarren eta langileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditzatela eskatu diete erakundeei.