Ileapaindegiak, bai ala ez?
Alarma egoerarekin itxi ziren establezimendu guztiak, tartean ileapaindegiak, nahiz eta hasiera batean, zerbitzua eman zezaketala esaten zuen errege dekretuak. Baina orain, etxez etxe lan egin dezakete bakarrik.
Alarma egoera arautzen duen errege dekretuak zehaztu zuen lehen mailako beharrak asetzeko dendak bakarrik egon ahalko direla zabalik. Tartean ileapaindegiak. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen. Sektorean lan egiten dutenak, eguneroko jarduera segurtasun neurri guztiek betez egin ahalko zuten, horrek kezkatzen zituen. Martxoaren 15ean, errege dekretua indarrean sartu eta egun gutxira, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazi zuen «ile apaindegiek etxez etxeko zerbitzua soilik eskaini ahalko» zutela.
Sektore horretan jarduten dute Josune Regil ordiziarrak eta Marijo Alustiza gabiriarrak. Haien lanerako hilabete onak beharko lirateke gainera, koronabirusak, ezkontza eta jaurnatzeen denboraldi bete-betean harrapatu ditu. Krisiak haien egunerokoan nola eragin dien kontatu dute.
Josune & Klaude ileapaindegiko arduraduna da Josune Regil eta errege dekretua indarrean sartu zenetik, «eromena» izaten ari dela esan du: «Hasieran baietz, ireki genezakeela, ondoren ezetz, baina zenbait egoeretan bai». Ileapaindegietako arduradunak eta bezeroak, guztiak nahasteko modukoa.
Gauzak horrela, «itxita» dute eta berriz noiz irekiko duten ez daki. Egun hori iritsi aurretik, buruari bueltak emateko ordu asko eta «kezkatuta» dago etorriko denarekin: «Ez dakigu nola hasiko garen».
Aurretik ere, beste krisi batzuk ezagutu ditu Regilek, «azaroan 24 urte» egingo ditu negozioaren gidaritzan, «baina hau desberdina da». Onartzen du «bertigo» pixkat ematen diola egoerak.
Bezeroak mimatzeko gogoa
Hala ere, momentu honetan nahiago du pentsatzea ibilbide luzea egin dutela orain arte, eta bide horretan, asko eta asko izan direla bere eskuetan jarri direnak: «Bezeroak mimatzen jarraitu nahi dut». Eta haiek ere akordatuko dira: «Erosketa egitera joan eta bezeroekin topo egitean, segituan gogoratzen dira nirekin». Bat baino gehiago ilea mozten edo tintatzen ere animatuko zen seguru, «ondoren, guk konpondu beharko ditugu horiek ere!».
Eta antza, azkeneko egunetan, ilea tintatzeko produktuen eta ilea mozteko makinen salmentak nabarmen egin du gora, eta horrek ez dio hainbesteko graziarik egiten: «Guk saltzen ez duguna, beste norbaitek egin, eta hark eraman etekina».
Itxita dago baita ere Jos-Bel ileapaindegia, Ordizian. Marijo Alustiza arduradunak esan du «aspertuta eta amorrarazita» dagoela. Baina sentipen horiek alde batera utzi, eta denbora ondo baino hobeto aprobetxatzen ari da: «Lanean nagoen bitartean formakuntza saioetara joateko denboraz larri ibiltzen naiz, eta orain, horretan ari naiz, Internet bidez». Zuzeneko ikastaroak dira eta gai konkretuak lantzeaz gain, sektorean lan egiten duten beste profesional batzuekin hitz egin eta iritziak partekatzeko aukera ere ematen dio. «Oso gustura nabil».
Baina hortik ateratzean, berriz ere kezkak nagusitzen dira: «Zenbatetan esan dut nik, hiru hilabete sabatiko hartuko nituela, eta orain, derrigorrean iritsi eta ileapaindegia noiz ireki, hori dut buruan».
Salbuespen egoerak
Oraindik jende asko dudatan dago ileapaindegien kasuan zer eta nola ari diren, ari badira behintzat: «Etxez etxeko zerbitzua eman daiteke, bakarrik salbuespen egoeratan». Hau da, «pertsonaren batek gure zerbitzua behar izango balu, gizarte zerbitzuetara deitu beharko luke, eta handik, zerbitzua ematera joateko agindua emango ligukete guri».
Salbuespen egoera horiek adin nagusiko pertsonen kasuan izan daiteke: «Edadean aurrera doazen emakumeak adibidez. Batzuk, etxean bakarrik bizi dira eta ezin dute ilea garbitu».
Kasuak kasu, lanera bueltatzen denerako «guztia planifikatzen» ari da, «protokoloak ezagutzen», lanera itzulera «nolakoa» izango den kezkatzen baitu. Izan ere, deskofinamendua mailakatua izango da, eta segurtasun neurri zorrotzak ere bete beharko dira denbora batean, agintariek aurrikusi dutenez.