Koronabirusak okertu egin ditu presoen baldintzak
Presoek hilabete baino gehiago daramate ingurukoen bisitarik jaso gabe. Koronabirusa kartzeletara sartzea ekiditeko hartutako neurria da, baina senitartekoak kexu dira zigorra areagotu egiten duelako.
Presoen senitartekoak haserre daude atxilotuen baldintzak okerrera egin dutelako alarma egoera ezarri zenetik. Gatibuek ezin dute bisitarik jaso martxoaren 14az geroztik, ez aurrez aurrekorik ez eta kristalaren bitartez, eta alternatiba gisa telefono deiak ugaritu eta luzatu egin dizkiete. Senideek uste dute ez dela nahikoa: «Xabierrek astebururo izaten zuen bisitaren bat. Martxoaren 14an ni nintzen joatekoa, baina bisita guztiak bertan behera gelditu zirela jakin genuenean bidaia ere eten egin genuen», dio Dorleta Zabalo Xabier Zabalo presoaren arrebak. «Hasieran ez zegoen argi aurrez aurreko bisitak bakarrik galaraziko zituzten edo denak. Pentsatzen genuen, agian, kristalaren bitartez utziko zigutela. Azkenean, telefonoz bakarrik hitz egin dezakegu», gaineratu du Esti Amenabarro Lierni Armendariz presoaren bikotekideak.
«Picassenteko (Valentzia) kartzelako telefonoak izorratuta daude eta arazoak izaten ditugu», salatu du Ekain Mendizabal Idoia Mendizabal presoaren nebak. «Aurreko astean, ezustean, bideo dei bat izan genuen Idoiarekin. Ez genekien ezer, bat-bateko gauza izan zen. Orain badakigu beste bideo dei bat eskatu duela, baina ez dakigu aukera emango dioten eta noiz», osatu du. Bideo deien aukera mahai gainean dago baina errealitatean ezohikoak izaten dira. Zabalok gaur izango du lehen bideo deia hilabetean eta Armendarizek ez du aukerarik izan.
Neurriokin jendearen sartu-irtena mugatu nahi dute. Kartzelaren ezaugarriak direla eta, koronabirusa bertara sartuz geroz oso azkar hedatu daiteke eta gatibuen osasun egoera kasu askotan larria denez, hilkorra izan daiteke. Egoera larriena Pica ssenteko (Valentzia) kartzelan dute, preso batzuk positibo eman dutelako. «Idoia kezkatuta eta urduri dago. Modulu batzuk bakartu egin dituzte eta, ondorioz, nire koinatuak ezin ditu emaztea eta haurra ikusi». Pontevedrako (Galizia) eta Puerto 1eko (Andaluzia) kartzeletan ez da positiborik agertu eta hartu dituzten segurtasun neurri bakarrak langileen artean musukoa eta eskularruak banatzea izan da. «Alde horretatik Lierni indartsu eta lasai sumatzen dut baina egoera larria da. Ez da dramatikoa izateagatik, baina guri itxialdia gogorra egiten ari bazaigu erosotasun guztiekin zer esanik ez kartzelaren bakardadea eta kanpoaldearekin inongo harremanik gabe», aipatu du Amenabarrok. Zabalo ere uste berekoa da: «Gu ere bakartuta gaude, baina ez isolatuta. Erosotasun guztiak ditugu eta kanpoaldearekin harremana dugu. Mugatuta bada ere, kalera ere irten gaitezke une batzuetan. Kartzelak ez du zerikusirik».
Senitartekoek presoak hurbiltzea eta kasu larrienak aske uztea eskatzen dute. «Inoiz baino beharrezkoagoa da», aldarrikatu du Amenabarrok. «Egoera hau jasangaitza da eta ezin da luzatu. Gutxienik, presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzen dugu. Dispertsioak mendekua eta zigorra areagotzea beste helbururik ez du. Eta, gainera, beste herrialde batzuetan presoak aske uzten ari dira. Espainian zergatik ez da posible zigorrak arintzea?». Eta Zabalok gaineratu du «hurbiltzea beti eskatu dugu, arauak hori diolako. Eskariak ez dira berriak».
Egoera amaitzeko, txistu
Etxeratek Frantziako eta Espainiako gobernuei pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak eskatu dizkiote. «Preso guztien osasuna babesteko helburua duten premiazko neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekoa dela da. Giza eskubideak eta gizatasuna ardatz, gobernuek pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak ezarri beharko dituzte preso politikoentzat ere».
Sarek protesta deialdia egin du etzirako. 19:30ean, Etxetik Etxera saioaren ostean, balkoira atera eta hiru bider txistu egiteko eskatu dute euskal presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak amaitzeko. Ekintza grabatu eta EtxeanNahiDitugu traolarekin sare sozialetan zabaltzeko eskatu dute. 678 13 74 05 telefonoan ere jasoko dituzte grabaketak bideo bat egiteko.