Lanera itzulita eta denda beteta
Ezkioko ostatua itxita dago. Irekita dago, ordea, Topa tabernako denda. Aste honetan lanera itzuli dira Santa Lutzi industrialdeko enpresa gehienak.
Aste Santuko eta Pazko asteko oporrak, konfinamenduan izan badira ere, amaitu ziren igandean. Astelehenean lantegi gehienek berrekin zioten produkzioari. Ezkion nabaria da mugimendua Santa Lutziko industrialdean, eta auto ilarak lanean daudenaren seinale dira. Bestelakoa da, aldiz, Ezkio herriak, goialdeak, duen irudia. Herri lasaia da, baina are eta hutsagoa dirudi ostatua itxita egonda. Frontoian udaleko zerbitzuko langileak konponketa eta mantentze lanetan dabiltza.
Martin Iparragirre Ezkioko Udaleko idazkariak azaldutakoaren arabera, udal zerbitzuetako langileak «normaltasunez» ari dira lanean astelehenetik. Dena den, herritarrentzako arreta telematikoa eskaintzen dute oraindik: «Udalean bertan gaude, baina herritarren premiazko beharrei erantzuteko eta kudeaketak egiteko telefono bidezko arreta daukagu».
Batzuk lanera
Aste honetan hainbat lantokitan lanera itzuli dira: «Industrialdeko enpresa ia guztiak lanean ari dira astelehenetik», esan du Iparragirrek. Margari Arruti Topa tabernako arduradunak azaldu du lan gehiago izatea espero zuela aste honetan langile asko lanera itzuli direlako. Santa Lutzin du taberna, industrialde ondoan. Menuak prestazen ditu eramateko: «Industrialdean lanean hasi direnarekin menuren bat saldu dut, baina bakarren bat edo beste». Tabernan bertan du denda Arrutik, baina taberna zerbitzurik ez du eskaintzen egunotan, legez itxita baitaude establezimendu horiek. «Aste Santuaren ondoren hasi naiz sare sozialetan eramateko menuak jartzen», azaldu du. Oraingoz ez ditu eskaerak etxez etxe eraman, baina ez du aukera hori baztertzen: «Norbaitek eskatuko balit eramango nioke». Prestatutako kafea ere saltzen du dendan alarma egoera ezarri zenetik, eramateko hori ere.
Eskaintza zabalagoa
Menuez eta kafeaz gain, denetariko produktuak saltzen ditu Arrutik Topan. Azaldu du udaletxeak eskatu ziola denda zerbitzu hori egiteko, eta egunero 10:00etatik 13:00ak inguruetara izaten du irekita. Izan ere, tabernako denda zerbitzua ez da egunotakoa bezalakoa izaten: «Normalean ez dut hori edukitzen, bakarrik esnea, jogurtak, arrautzak eta apal batean kontserbak, azukrea, irina, makarroiak, arroza…oinarrizko produktuak».
Bezeroek eskatzen dutenaren arabera eskatzen ditu produktuak: «Orain frutak eta barazkiak ere ekarri ditut, kontserba aukera zabalagoa da, oilasko iztarrak, txerri saiheskia, bakailaoa, denetarik dut», jakinarazi du Arrutik.
Espero zuena baino erantzun positiboagoa izan du dendan: «Egunero ogia ere badugu, eta aitzakia horrekin jendeak ondo erantzun dit, behin dendan egonda gauza gehiago erosten dituztelako izan daiteke».
Premiazko produktuak
Konfinamendua erosketan ere nabari da. Garagardoa eta irina inoiz ez bezala saldu dituela adierazi du Topa tabernako arduradunak: «Nabari da jendeak bizkotxoak, gailetak edota ogia egiten duela; nik bi legamia desberdin dauzkat, eta saltzen dira». Gehitu du herritar gehienak egoeraz oso konsziente direla: «Neurriak zorrotz betetzen dituzte, askotan nik esaten diet binaka ere sartu daitezkeela, ilara arintze aldera».