Libururik ez paperik gabe
Liburu denda asko itxita daude, besteak beste, irekitzeko baimenik ez dutelako. Irekita daudenak paper denda edo estanko gisa ari dira. Salmentek sektore honetan ere behera egin dutela azaldu dute hainbat dendarik.
Espainiako Gobernuak ez ditu liburudendak beharrezkotzat jo. Alarma egoera dela eta, sektore horretako dendek ez dute irekitzeko baimenik. Zabaldu dezakete, ordea, paperdenda gisa edo beste premiazko produkturen bat saltzen badute.
Beasaingo Mirentxu liburudendako arduraduna den Izaskun Izagirrek azaldu du hasiera batean lanean jarraitu bazuten ere, bigarren luzapena eta gero itxi egin zutela. Berriro ireki zuten Aste Santuak pasata: «Paperdenda bezala». Liburuak ere badituzte salgai. Salmentek behera egin dute nabarmen, baina herritar batzuentzat ezinbestekoa da: «Askorentzat liburua beharrezkoa da, eta asko ari dira irakurtzen egunotan».
Ikastetxeetako materiala
Izagirrek azaldu du eskulanetarako materiala eta ikastetxeek ikasleei gomendatutako liburuak saltzen dituztela: «Liburu batzuk lehendik emanda zeuden ikastetxeetan eta jendeak pixkanaka erosten du».
Ordiziako Mujika liburudenda ere irekita dago. Ez dute itxi, estankoa ere badutelako dendan. Ekain Mendizabal arduradunak azaldu du nabari dela ez ohiko egoera bat dela: «Salmentan beherakada nabaria da, eskolak ere minimoan ari dira eta jendea etxetik ari da lanean ordenagailuan, ez paperean».
Itxialdia hasi zenean eskulanetarako materiala erosi zuten herritar askok, batik bat etxean haurrak dituztenek, baina hori ere baretu da: «Hasieran haur guztiak etxean zeuden eta materiala erosten zuten».
Interneteko salmentek ere gora egin dute konfinamendua dela eta. Herritar askok etxetik mugitu gabe erosketak egiteko ohitura hartu dute. Mendizabalek azaldutakoaren arabera, horrek ere eragina izan du liburudenden sektorean: «Aste Santuen ondoren ere irakurtzeko liburuak bidali dituzte ikastetxeetan, baina pentsatzen dut jende askok internetez hartuko dituela», eman du aditzera.
Banaketa atzeratuta
Koronabirusagatik hartu beharreko neurriek liburuen banaketan ere eragin dute. Mendizabalek azaldu du hasieran banaketa murriztu zutela argitaletxeek: «Gero mundu guztia etxera bidali zuten eta biltegiak itxi zituztenez banaketarik gabe geratu ginen». Aste Santuak pasata, apirilaren 14an hasi ziren berriz ere banaketarekin: «Ordutik kaos bat da, normalean egun batetik bestera iristen zena orain hiru egunetan iritsiko den ere ezin dugu ziurtatu».
Kulturgintza, pattal
Liburudenda batzuek, bestalde, ixteko erabakia hartu dute, nahiz eta paperdenda bezala irekitzeko baimena izan. Hala erabaki zuten Lazkaoko Gerriko liburudendako arduradunek: «Hasieran erabaki genuen egokiena ixtea zela, eta orain egoera lasaitu ahala irekitzeko baldintzak aztertzen ari gara», azaldu du Joxepa Madariaga Gerriko kultur elkarteko kideak.
Kulturgintzan aritzen direnek egoera kaskarra dutela azpimarratu du, eta gehitu du berak «beharrezkotzat» jotzen duela sektorea. Halere, lehentasuna osasuna da Madariagarentzat: «Horregatik erabaki genuen kultur elkarteko jarduna etxetik egitea eta liburudenda ixtea».