Sasietak bi milioi hondakin kilo jaso ditu martxoan, iaz baino %10 gehiago
Sasieta Mankomunitateak iazko martxoan baino 174.904 kilo gehiago bildu ditu. «Bada zerbait», dio Iñaki Erauskin zerbitzuburuak. Birziklapen tasak mantendu egin dira
Sasieta Mankomunitateak 1.933.317 hondakin kilo bildu ditu martxoan zehar Goierriko 23 herrietan. Iazko martxoarekin alderatuz gero, bildutako kopurua %10 hazi da. Zehazki, 174.904 kilo gehiago. «Gure kontsumo ohiturak zaborretan islatzen dira. Hondakinekin gertatzen den guztiak, edozer gauzak, gure gizartearekin lotura zuzena du», azaldu du Iñaki Erauskin mankomunitateko zerbitzuburuak. Hala, etxeetan denbora gehiago igarotzen denez zabor gehiago pilatzen dela ondorioztatu daiteke.
Industrialdeetan egiten diren bilketen bolumena jaitsi egin da baina etxeetan sortzen diren hondakin mota guztiak ugaritu egin dira. Ontzi arinek izan dute igoerarik agerikoena: iazko martxoan baino %15 gehiago jaso da aurten, ia 300.000 kilo. «Igoera nabarmena da», azpimarratu du Erauskinek. «Honek esan nahi du etxean egon garela. Etxerako erosten ditugun produktu gehienak ontziratuta datoz eta normala da igotzea». Errefusa, papera eta organikoa %10 inguru hazi da. «Igoera orekatua izan da. Proportzioak mantentzen dira», gaineratu du.
Beiraren kasuan jasotako kopuruak mantendu egin dira. 1.447 kilo gehiago jaso dira, %1 inguru. Baliteke etxean beira gehiago kontsumitzea, baina kontuan izanik ostalariak hilabete erdia itxita direla, azken emaitzak berdintzera jo du.
Apirilean joerak jarraitu egingo du eta, baliteke, areagotzea itxialdiak hilabete osoa hartuko duelako. Gainera, industrien jarduna ia erabat eten zen tartean. «Apirilean ere igoera bat ikusiko dugu iazko datuekin alderatuta, eta ez harritu martxoan baino markatuagoa bada. Proportzioak antzekoak izango dira, baina kilotan aldea egongo da». Martxoko eta apirileko datuak elkarren artean kontu handiarekin alderatu behar dira, hil bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta: «Apirila urtero izaten da hilabete esanguratsua. Aste Santuko oporrak direla eta bariazioak izaten dira». GHKaren arabera lurralde osoan %6,7 hazi da hondakin kopurua itxialdia hasi zenetik eta apirilean 16.000 tona gainditzea espero dute.
Birziklapen tasak mantendu egiten dira zabor gehiago pilatu arren. «Zabor gehiago sortu dugu, baina gauzak ongi egiten jarraitu dugu. Sasietaren proportzioa 25-75 da. Hau da, errefusa, birziklatu ez dena, bildutakoaren laurden bat izaten da, eta martxoan ere hala izan da». Erauskinek uste du goierritarrek «txukun» egin dutela birziklapena. «Errefusa igo egin da, baina proportzio berean igo dira papera, ontzi arinak, organikoa… birziklatzeko ohitura ez dugu galdu. Espero dut egoera hau asko ez luzatzea, posible delako jendeak beste kezka batzuk izatea edo erlaxatzea eta birziklapena murriztea», ohartarazi du.
Trasteak eta arropak, zain
Garbiguneak itxita daude herritarrentzat alarma egoera indarrean dagoen bitartean. «Ahalik eta gutxien irten behar badugu etxetik ez du zentzurik partikular bat guregana etortzea. Zerbait behar badu etorriko da geroago». Egoera bere onera etortzean baliteke hondakin berezien gorakada bat egotea. «Normala da. Itxialdia aprobetxatu badugu etxean garbiketa egiteko, traste zaharrak erriratazeko edo pintatzeko posible da hondakinak pilatzea eta gero denak batera etortzea». Halere, ez du kezkatzen.
Arropa zaharrak biltzeko edukiontziak ere itxita daude. «Eskuz bereizten dira eta egoera dagoen bezala egonda, arriskutsua da ezezagunen arropak eskuekin manipulatzea», azaldu du. «Gainera, banaketa bideak ere etenda daude eta ezin diegu irtenbiderik eman».