«Adinekoak ezer egiteko aukerarik eduki gabe joaten ari zaizkigu»
Koronabirusak gogor jo du Ordiziako San Jose adinekoen egoitza. Sandra Lopez (Zumarraga, 1972) gaitzak kutsatuta dagoen bertako langileetako bat da.
Zenbat urte daramatzazu adinekoen egoitzetan lanean?
24 urte daramatzat. Hasieran Zumarragan lan egin nuen eta azken 21 urteak Ordizian eman ditut. Nire lana oso gustukoa dut eta inoiz ez dut aldatzea pentsatu.
Zergatik gustatzen zaizu zure lana?
Adinekoekin harremana oso aberasgarria da. Ospitaleetako pazienteak etxera itzultzen dira, baina adinekoen egoitzetara etortzen direnak betirako etortzen dira. Beraien bizitza kontatzen dizute. Eta lankideok urte asko daramatzagu elkarrekin. Gure arteko harremana oso ona da. Adinekoek eta langileok familia bat osatzen dugu.
Ospitaleko paziente gehienak sendatu egiten dira, baina adinekoak azken urteak bizitzera joaten dira egoitza batera.
Denak hil egingo zaizkigula jakitea gogorra da, baina beraien azken urteak ahalik eta onenak izan daitezen lan egitea oso erronka polita da. Bizitzako azken egunetan babesa ematea gogorra eta esker onekoa da, aldi berean. Baina egunotan gertatzen ari dena oso gogorra da. Ezer egiteko aukerarik gabe joaten ari zaizkigu. Ez dut inoiz hain egoera gogorrik bizi. Egoera arrunt batean, ingresatu egingo lituzkete eta asko sendatu egingo lirateke. Gainera, ezin izan ditugu nahi bezala lagundu. Ezin izan ditugu laztandu eta besarkatu. Dena oso hotza izan da. Lankideak ez besarkatzea eta senitartekoei heriotzaren berri emateko deitzea ere oso gogorra da. Markatuta utziko gaitu.
Nolakoak dira lan baldintzak?
Babes neurriak izan bagenitu sikiera… Urtarrilean bagenekien etortzear zena nahiko gogorra zela eta babesa beharko genuela. 243 egun generamatzan greban eta martxoa hasieran greba uztea erabaki genuen, adinekoek gure beharra zutelako. Nola ez ziren horretaz guztiaz jabetu arduradunak? Maskarak hiru egunetan jarraian erabiltzen genituen, etxera heltzen nintzenean arropa garbigailuan sartzen nuen eta dutxa hartzen nuen…
Koronabirusak zuen egoitza gogor jo du.
30 adineko hil zaizkigu. Horietatik 24 koronabirusak jota. Besteak ez dakigu, ez baitzieten proba egin. Bestalde, 20 lankide gaude kutsatuta. Horietatik zazpi ospitalean daude. Lankideok dena eman dugu.
Zu noiz jarri zinen gaixo?
Aste Santuko igande goizaldean ospitalera joan nintzen sukarra nuelako. Proba egin zidaten eta koronabirusa nuela esan zidaten. Ordura arte inork ez zidan proba bat egin. Aldundiak testak egiten ari dela dio, baina adinekoei apirilaren 6tik aurrera egin zizkieten eta langileoi 13-14an. Jainkoaren eskuetan utzi gaituzte. Beharbada nik neuk norbait kutsatu dut. Hori da nire kezka. Koronabirusa gogorra da, baina etxean ari naiz pasatzen. Aldundiak eta Kabiak erabakiak berandu eta gaizki hartu dituzte. Errua ez da zuzendaritzarena.
ELAk hainbat egoitzen aurkako salaketa jarri du, babes materialik izan ez duzuelako.
Norbere Babeserako Ekipoak maskarek, zabor poltsek eta sekulako izerdia eragiten zuten eskularru batzuek osatzen zituzten. Salaketak jarri ondoren, ekipo hobeak ditugu. Ordura arte, hainbat udalek eta herritarrek emandako materiala ere erabili dugu. Egoitzetan material hori beharrezkoa da. Ez orain bakarrik. Beti. Izan ere, gripea, pneumonia… duen jendearekin lan egiten dugu. Langileok egoiliarrak kutsatzen ditugu, behar den babes materiala ez dugulako.
Zuen lanak ez du inoiz merezi duen aitortza jaso. Koronabirusa heldu aurretik inork gutxik txalo egiten zizuen. Zer esango zenioke gizarteari?
Arratsalderoko txaloak eskertzekoak dira eta hor garbitzaileak ere sartuko nituzke. Hau guztia kate bat da eta garbitzaileekin hasten da. Gure egoitza ondo garbitzen ez badute, gu alperrik ari gara: adinekoak gaixotu egingo dira. Adinekoen egoitza batean denok garrantzi bera dugu. Egunotan txalo egiten diguten askok ipurdi garbitzailetzat gintuzten. Eta adinekoen egoitzetako langileak zeregin asko ditugun profesionalak gara: jaten eman, maitasuna eman (nahi baino gutxiago, langile gabezia baitugu), lagundu… Hau guztia pasatzen denean, arratsaldero txalo egiten diguten horiek guztiek gure aldarrikapenekin bat egitea nahi dut. Gure kontzentrazioetara etor daitezela.
Zeintzuk dira zuen eskaerak?
Soldata duinak eta langile gehiago eskatzen ari gara, zerbitzu hobea eskaintzeko. Ordizian, gauetan, bi pertsona gaude 72 adinekorentzat. Gainera, arropa garbitzeaz arduratu behar dira. Orain ikusten ari da gure greba ez zela kasketa bat. Bi urte eman ditugu negoziatu nahian eta alperrik izan da. Aiton-amonentzat zerbitzu hobea nahi dugu. Toki guztietara korrika joaten gara eta horrela ezin da zerbitzu ona eskaini.Gizarte honek agure horiei esker lortu du egun duen ongizate maila. Beraiekin zorretan gaude eta zerbitzu hobea merezi dute.