Arangoiti, Argixao eta San Jose egoitzetan 25 egoiliar hil dira, gutxienez
Egoiliarrei testak eginda, egoera egonkortzen ari dela dirudi. Aldundiaren datuen arabera, Gipuzkoa osoan 259 egoiliar daude koronabirusak jota. Datuak ez ditu egoitzaka sailkatzen
Gipuzkoan 2.392ri erasan die covid-19 gaitzak herenegungo datuen arabera. Horietatik 686 lurraldeko zahar etxeren bateko egoiliarrak ziren. Hau da, lurraldeko kasu guztien %28,7a. Kezkatzeko moduko datua da, izan ere, Gipuzkoako 65 zahar etxeetan dauden 5.425 egoiliarrek biztanleria osoaren %1a baina gutxiago osatzen dute.
Erresidentzien ezaugarriengatik birusa azkar hedatzen da, eta horregatik garrantzitsua zen adinekoak garaiz isolatzea. Ez zen lortu. Berandu atzeman ziren lehen kasuak, birusa jada egoitzetara sartuta zegoenean. Zehazki, martxoaren 19an agertu ziren lehen positiboak, alarma egoera ezarri eta sei egunetara. Kosta egin da gaitzari aurre hartzea, baina jada badira asteak egoiliar guztiei testak egin zaizkiela eta arduradunek egoeraren argazki errealago bat dute. «Egun, egoera egonkortuta dago», dio Malu Valles Beasaingo Udaleko ongizate saileko zinegotziak. GOIERRIKO HITZA Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearekin harremanaten jarri da egoera bertatik bertara ezagutzeko baina ez du erantzunik jaso.
127 egoiliarrek sendagiria jaso dute dagoeneko. Hala eta guztiz ere, 259 lagunek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. Horietako 37 Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude ingresatuta eta 33 ospitaleratuta. Zoritxarrez, 148k bizia galdu dute koronabirusaren erruz. Gipuzkoan koronabirusagatik hil diren hamar lagunetatik zazpi zahar etxeetako egoiliarrak dira. Orotara, covid-19 gaitzak erasanda 220 lagun hil dira lurralde osoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak datuak ez ditu egoitzaka banatzen. Halere, emandako datuen interpretazio bat eginda ondorioztatu daiteke Beasaingo Arangoiti, Zumarragako Argixao eta Ordiziako San Jose egoitzen artean 25 lagun hil direla, gutxienez. Nabarmentzekoa da Legazpiko Santakutz egoitzan foru aldundiak ez duela sekula hildakorik aipatu.
Langileak segurtasun eske
Gaixotutakoen artean langileak ere badaude. Ezin da jakin zehatz-mehatz zenbat diren kutsatutako beharginak, baina ELAk salatu zuenez «kutsatuta edo bajan dauden langileak plantillaren heren bat dira». Sindikatuaren arabera Ordiziako San Jose eta Zumarragako Argixao egoitzetan ez dira segurtasun baldintzak betetzen. Donostiako Gizarte arloko 1. epaitegiak tramiterako onartu zuen ELAren salaketa aurreko astean eta langile guztiak arrisku esposizioko langile gisa sailkatzera eta langileak birusetatik babesteko babes jantzi homologatuez hornitzera behartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitutako Kabia enpresa kudeatzailea.
Koronabirusak zahar etxeen inguruko aspaldiko arazoak areagotu besterik ez ditu egin. Izan ere, langileen eta kudeatzaileen arteko tirabirak aspaldikoak dira. Iazko uztailean greba mugagabeari ekin zioten pairatzen dituzten lan baldintza kaxkarrak salatzeko. 200 egun baina gehiago egin dituzte mobilizazioekin.
EHUren ikerketa baten arabera, adinekoen artean areagotu egin da bakardade sentimendua. Egoera egonkortzen ari den arren, oraindik goizegi da segurtasun neurriak arintzen hasteko. «Zuhurrak izan behar gara. Argi dago adinekoak direla kolektiborik ahulena, eta neurriak zorrotz betetzea dagokigu inor arriskuan ez jartzeko», adierazi du Valles zinegotziak.