Aurten denak pregoilari moduan
Lazkaon San Prudentzio jaiak gaur hasiko ziratekeen, baina itxialdiagatik ezeztatu dira. Ordez, egitarau birtuala antolatu dute, balkoietatik jarraitzeko. Drindots taldeak botako du txupina.
Birtuosotik birtualera aldatu dira Lazkaoko San Prudentzio jaiak, kolpe batean. Koronabirus izurritearen konfinamenduagatik, ez dira ospatuko aurten. Herriko zaharrenek ere ez dute gogoratzen festak egin gabeko urterik. «Behin ere ez dira Lazkaoko festak ezeztatu. Aurreneko aldia da, nire akorduan. Gerra garaien ere festa egiten genuen. Beti egin dira. Historikoa da oraingoa», esan du telefonoz beste aldetik Jose Luis Garmendia Untxundei-k. Maiatzean 90 urte beteko ditu.
Baina 2020koek kale egingo dute. Hobeto esanda, kalean ezingo dira ospatu. Eta festa herrikoien esentzia guztia kolektibotasunean eta kalean dagoenez, ukituarekin soilik beharko dute aurten sanprudentzioek. Itxialdia ezingo da hautsi.
Festa-ukitua eman nahian, ordezko egitarau bat prestatu du Festa Batzordeak. Balkoi-leihoetan eta sare sozialetan garatu beharko dira ekitaldiak: topa egiteak, musika megafoniaren bidez, etxe apainketak…
Kalejira egingo duen bakarra udal autoa izango da. Megafoniatik musika eta txistu soinuak jaulkiz ibiliko da, kalea alaitzen. «Egoera berrira egokitutako programazioa antolatu da. Alaitasuna, giroa eta dibertsioa dira herriko jaien ezaugarri nagusiak, eta aurten lazkaotarrek ahal duten guztia egingo dute espiritu hori mantentzen jarraitzeko», azaldu du udalak. «Balkoietara eta sare sozialetara» bideratuko da, eta konfinamendua ez urratzeko eskatu du.
Drindots pregoilari
Berez, gaur arratsean behar zukeen San Prudentzio jaien hasierak, udaletxeko balkoitik txapligua jaurtita eta pregoia irakurrita. Drindots musika taldeari esleitu diote aurten aitortza hori. 40 urtean plaza-talde gisara Euskal Herriko jaiak alaitzen ibili ondoren, musikagintza utzi zuen 2019aren bukaeran.
«Asmoa suziria guk botatzea zen. Festak ezeztatu zirenean, uste nuen bertan behera utziko zela, baina berriro deitu zidaten Internetez egiteko eskatuz. Arraroa izango da, baina tira», dio Drindotseko Jon Urdangarinek.
Astelehenean 19:00etan da pregoia, lazkao.eus webgunetik zuzenean. Drindotsen grabazio bat jarriko dute, pregoi gisara. «Gu ez gara bertan egongo»
Zer esango duen erabat zehaztu gabe daukala aurreratu du Urdangarinek. Baina egoerak jokoa emango dio, zalantzarik gabe. «Ezer ez eta festa esaera etorri zait burura, baina kasu honetan festak eta ezer ez beharko luke. Berrogei urte egin ditugunez eta berrogeialdian gaudenez, hortik ere ideiaren bat joango da».
Drindotsek, bere aldetik, azken kontzertu bat egingo duen ere zehazteko dago. Festetarako proposatu zieten, baina ezin izango dela bistakoa da. Geroago zerbait egiteko atea ez dute itxi.
Balkoiak festaleku
Topa egiten gaurtik hasiko dira lazkaotarrak, Txosna Batzordeak deialdia zabaldu baitu, bertso batekin: «Zapiak lepoan jarri, etxen eonda’re dotore; kalera atera gabe, baina poza ezin gorde. Festa eitteko aukera, izango degu gero’re. Txosnako musika, trago eta pegatina more. San Prudentziok etxetik, batez baino askoz hobe. Balkoitik balkoira zenbat irripar eta umore (bis), eman diezaioun herriai ahal bezainbeste kolore».
Ezohiko egoeran, ezohiko festak datoz Lazkaon. Balkoietatik, denak pregoilari bailiran.