«Kanta atera nuenean 'euskaldunak gera' zioen; artean ez nuen Ordizia ezagutzen»
'Ordiziarrak gera' abestiaren konposatzailea da Bernardo Alberro. Hamabost bat urterekin sortu zuen gaur egun ordiziarren kanta bilakatu dena. Erregistratzerakoan letra aldatu zion.
1927ko apirilaren 17an jaio zen Bernardo Alberro, «Pazko Egunean», Astigarragan. Joan den ostiralean 93 urte bete zituen, eta berak konposatutako Ordiziarrak Gera abestia jotzera atera zen balkoira eskusoinuarekin.
Nolatan konposatu zenuen ‘Ordiziarrak Gera’ abestia astigarragarra izanda?
Oso gaztetan atera nuen, baina ez zen ‘ordiziarrak gera’, nik artean Ordizia ez nuen ezagutzen. Orduan ‘euskaldunak gera’ zioen abestiak, euskaldunak gera, euskaldunak gera gu. Hamabost bat urte izango nituen.
Euskaldunak gera izatetik, ordiziarrak gera izatera.
Nik hori nuen jarrita, baina ez zegoen erregistratuta, eta Ordiziara etorri nintzenean Madrilen erregistratu nuen ordiziarrak gera bezala, Ordizian bizi nintzelako. Gero hemen erregistratzeko baimena eman zuten eta Donostian egin nuen.
Noiz hasi zinen eskusoinua jotzen? Besterik jotzen duzu?
Hamabost urte inguru nituela ezkontzetan hasi nintzen jotzen. Aurretik armonika jotzen nuen, txikitatik, baina hura utzi egin nuen. Soinuarekin hasi nintzenean ere trikitixako taldekoekin aritzen nintzen.
Astigarragatik Ordiziara etorri zinen bizitzera. Zer dela eta?
Astigarragan jaio eta bizi izan nintzen ezkondu arte. Oñatira ezkondu nintzen eta zazpi hilabete eman genituen han. Hamasei urterekin itsututa geratu nintzen eta ONCEn zenbakiak saltzen hasi nintzen. Donostian egon nintzen urte batzuz, eta azkenean Ordizian eman zidaten lanpostua. Hemen jubilatu eta geroztik hemen nago.
Ordizian behintzat ereserki bat bilakatu da Ordiziarrak Gera.
Leku askotan jotzen dute. Nafarroan badakit baietz. Han, halere, ez dute Ordiziarrak Gera abesten, kalejiran jotzen dute letrarik gabe. Gero gertatzen da leku askotan izena aldatzen dutela, letra herrira egokituta. Niri galdetu didate ea haien herriaren izena kantatu dezaketen, eta nik baietz. Hori bai, autorea ni naiz.
Hainbat omenaldi egin dizkizute hainbat herritan, baita Euskal Herritik kanpo ere.
Asko egin dizkidate. Azkenekoa Madrilen izan zen, duela pare bat urte, SGAE Espainiako Autore eta Argitaratzaileen Elkartean. Giltza bat eman zidaten sinbolo gisa, eta konpositore bezala omentzen zuten lehenengo euskalduna izan nintzen. Valentzian ere egin zidaten. Karroza txapelketa bat egon zen eta nik musika arloan irabazi nuen. Villajoyosan izan zen. Guztira 16 bat udaletan egin dizkidate.
Balkoira jotzera berriro ateratzeko asmorik baduzu?
Bai, atzo ere atera nintzen, 18:00ak aldera. Bizilagunak ere ateratzen dira, eta aukera ona da Ordiziarrak G0era jotzeko.