Okinarena, eguneko bisita
Aramako kaleetan jende gutxi ageri da. Herritarren ohiko topalekua, Toki-Alai, itxita dago. Dendarik ez dute herrian, baina bai etxez etxe ari diren ekoizle ugari.
Aramara iritsi eta lasaitasuna da nagusi. Hala zen Alarma Egoera indarrean sartu aurretik ere. Hori dauka Goierriko landa inguruko herri txikienetako bat izateak. Etxe handiak eta baserriak dira gehienak, lorategi edo kanpoan lasai asko egoteko espazioa dutenak. Dena den, ez da ohiko lasaitasunik.
Luis Garmendia herriko alkateak esan du «egoera arraro honetan aurrera egitea tokatzen» dela. Gehitu du «herritarrak etxealdia ederki betetzen ari» direla.
Araman, beste herri guztietan bezala, koronabirusaren krisiari aurre egiteko hainbat neurri hartu dituzte, eta hala kontatu du Garmendiak. Batetik, «hondakinen bilketari eragin dio, orain arte, atez ateko sistemaren bidez egin izan da hondakinen bilketa, orain berriz edukiontziekin». Alkateak berak esan duenez, «Koronabirusaren hedatzea ekiditeko neurria da».
Bestalde, «udal langilea, aste honetan bueltatu da lanera eta derrigorrezko segurtasun neurriak hartuta ari da bere jardunean».
Dendarik ez, ekoizle ugari
Araman dendarik ez dago, baina produktu desberdinak saltzen dituzten ekoizle batzuk-batzuk badaude. Alkatea, haiekin gogoratu da, egoera honetan «bultzada txiki bat» eman nahian. Interesa dutenentzat esan du, etxez etxeko zerbitzua ematen ari direla eta haiekin harremanetan jarrita salgai dituzten produktuak behar den tokira gerturatzen dituztela.
Hori da Urretabizkaia Loretxearen kasua. Bertatik bertarako salmenta egin izan dute beti. Orain telefonoz egin daiteke eskaera. Antzeko egoeran daude azoketan barazkiak saltzen aritzen diren Arantxa Zurutuza eta Patxi Arizmendi. Ordiziako azokara joaten jarraitzen dute, eta horrez gain etxera zerbitzua ere eskeintzen dute.
Modu berean ari da Mendizabal abeltzain familia ere. Haragi loteak eta hanburgesak dituzte aukeran. Haien webgunean sartuta, beharrezko informazio guztia dago eskuragarri.
Okinaren zain
Herrigunean bueltatxo bat egin eta udaletxe inguruan norbait ageri da. Txomin Gorostizu da, «Gaintzakoa berez, baina aspaldi Araman bizi» dena. Furgoneta txuri baten ondoan dago, zain, zertan ari den galdetu eta «okina orain dator» esan du. Konfinamendua zer moduz daraman eta «etxetik ogia erostera eta ganadua zaintzera ateratzen» dela kontatu du. Bitartean, Luis Migel Aldasoro okina gerturatu da. Pagosa enpresako langilea da eta aurretik ere banaketan lan egiten zuen. «Goizean, lan egitearekin batera, haize pixkat hartzeko aukera dut behintzat» esan du, «arratsaldeak berriz, etxean sartuta» egiten ditu. Laneko martxa «dexente aldatu» zaiela ere esan du. Antza, eskoletan ere egiten zituen banaketak baina orain guztiak itxita daude.
Handik gertu, herritarrentzat elkargunea den Toki-Alai taberna dago, bezeroentzat itxita. Barruko lanak egiten ari da tabernako arduraduna. Eramateko janaria prestatzen ari dira. Interesa dutenek telefonoz dei dezakete informazio eske.