Biharko egun handiari begira, hainbat aholku
Sei aste eta gero, kalera atera ahal izango dira 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoak bihar goizeko 09:00etatik aurrera. Irteerak, ordea, ez dira libreak izango eta hainbat neurri bete beharko dituzte txikiek eta haiekin derrigorrez joan behar duten helduek, tartean etxetik kilometro bat baino gehiago ez urruntzea. Gaindegiak mapa interaktibo bat kaleratu du distantzia hori kalkulatzeko. Hona hemen biharko egunerako eta egoera honek irauten duen bitarterako aholku batzuk.
Etxe askotan iraultza modukoa ariko dira bizitzen azken ordu hauetan biharko eguna dela eta: konfinamenduan sei aste egin eta gero, 14 urtetik beherako haurrek eta gaztetxoek kalera atera ahal izango dute biharko 09:00etatik aurrera. Gaur bertan argitaratutako Estatuko Aldizkari Ofizialak irteera horiek arautzen dituzten puntuak jasotzen ditu.
Lehenik eta behin, adin tartea mugatzen da: 0 eta 14 urte bitartekoei zuzendutako dago konfinamenduaren arintze keinu hau. Irteera nolakoa izango den zehazten da ondoren: eguneko paseo bat eman ahalko dute, ordu betekoa gehienez, eta etxetik kilometro batera bakarrik, 09:00ak eta 21:00ak bitartean. Distantzia horren barruan, edozein eremu publikotan ibili ahal izango dira, baita gune natural eta berdeetan ere, baina ez haurrentzako parkeetan. Beti gorde beharko dute bi metroko distantzia kalean topatutako edozein pertsonakin.
Haurrak, hiru batera gehienez, etxeko heldu batez lagunduta joan beharko dira, eta zaintzaile batek ateratzen baditu, dagokion baimena eraman beharko du horrek.
Ezingo dira kalera atera gaixotasunaren sintomaren bat badute.
Gaindegiaren mapa interaktiboa
Haurrak kalera irteteko baimenaren harira, Gaindegia erakundeak mapa interaktibo bat prestatu du, jendeak jakiteko noraino irten ahal izango den. Erabiltzaileak bere udalerria bilatu behar du bilatzailearen mapan, eta etxebizitzaren gainean klikatuta, kilometro bateko eremua bistaratuko da.
Argibide batzuk
Arauak argiak eta zuzenak dira, baina zalantza ugari sor daitezke haurren irteera hauen aurrean. Hona hemen argibide batzuk:-Jostailuak eraman ditzakete?
Bai. Jostailuak, bizikletak, patineteak… eraman ditzakete, baina ezingo dute beste haurrekin jolastu.-Etxerakoan, zer egin behar da bizikleta edo patineteekin?
Ahal bada, kanpoan uztea komeni da, eta beti garbitu egin beharko dira, uretan disolbatutako lixibarekin edo 70 graduko alkoholarekin. Baita haurren orgak edo karroak ere.– Eta pelutxeekin, baloiekin eta beste jostailuekin?
Pelutxeak eta baloiak ez eramatea hobe. Gainerako jostailuak, uretan disolbatutako lixibarekin edo 70 graduko alkoholarekin garbitu.– Maskara eraman behar dute?
Ez da derrigorrezkoa, baina bai gomendagarria.-Eta eskularruak?
Janzten badituzte, hobe. Etxera iristean, kendu eta eskuak ur beroarekin eta xaboiarekin garbitu, are gehiago eskularruak ez badituzte eraman.-Desinfektatzailea erabili dezakete?
Hobe da xaboia eta ura, edo gel hidroalkoholikoa.-Eskutik eraman behar dira haurrak?
Oso txikiak badira bai, eta handiagoak helduaren inguruan mantendu behar dira.– Txakurrak eta bestelako maskotak ukitu ditzakete?
Hobe ez ukitzea.– Kaleko banku publikoetan eseri daitezke?
Hobe ez esertzea.– Etxerakoan, dutxatu egin behar dira? Eta arropa garbitu behar zaie?
Eskuak beti garbitu beharko zaizkie, ur beroarekin eta xaboiarekin, bainua ez da beharrezkoa. Kaleko arropa ere kendu behar zaizkie eta garbitu, eta oinetakoak etxeko sarreran utzi.