Drindotsen ahotsez eta soinuz aireratu da Lazkaon jaien suziria
Ezohiko irudia izan da San Prudentzio festen txupinazoan: plaza huts-hutsik. Drindots musika taldeak egin du pregoia, "Ezer ez eta festa" testua aurrez grabatuta megafoniatik jarrita. Udaltzain batek bota du suziria.
Drindotsen kalejira ospetsua bozgorailuetatik entzuten zen bitartean jo dute iluntzeko zazpiek Lazkaoko plazan. San Prudentzio jai ezeztatuen ordezko gisa, txupinazoaren garaia da. Baina ez dago festarako osagairik: plazan inor ez kalejiran dantzatzeko, enparantza eta kaleak huts-hutsik; pregoilaria ere falta, eta inoizko festa tristeenak ezin ospatuaren ezintasun sentsazioa.
Grabatutako pregoia egin dute Drindots musika taldekoek, Jon Urdangarinen ahotsean. Udaletxeko balkoia ikurrina luzearekin eta herriko bandera horiarekin apainduta, bozgorailuak jartzeko soilik izan da gaur. Handik aireratu dute audioa.
“Ezer ez zen birus bat iritsi, eta ‘festak eta ezer ez’ egoeran jarri gaitu”, azaldu du Urdangarinen ahotsak, lehenago ‘Ezer ez eta festa’ esaerarekin hasitako pregoiari zukua ateraz. “Horri buelta emateko proposamena da txupin hau: gure balkoiak bihur daitezela herriko plaza, eta gure alderik alai, solidario eta goxoena plazaratu dezagula etxetik bertatik”.
Herritar gutxi ikusten ziren Elosegi kaleko etxeetan plaza aldera begira. Kalean, azken erosketak egin eta presaka antzean etxeetara jendea, lotsaz bezala. Prudentzia bihurtu da San Prudentzio.
Osasungintzako eta kulturako langileei aipamena
Drindotsek iazko abenduan utzi zuen musika-eszena, 40 urtean Euskal Herriko plazak eta dantzaldiak alaitzen jardun ondoren. Lazkaoko jaietan urteroko gonbidatua izan ohi zen. Aurten, lehenengo hutsaldian, jaiek ere huts egin dute. Drindots gabe, festarik ez. “Nork esango zigun suziria botatzean bakarrik egongo ginela plazan?”.
Osasungintzan koronabirusaren izurriteari aurre egiten ari diren langileei eskaini die Drindotsek aipamena, biata kultura-eragile eta sortzaileei ere. Baita Lazkaoko herriari ere, “berotasuna eta maitasuna helarazi dizkigulako, eta, jakina, plazan dantzan aritu zareten guztioi, zuek gabe festa ere ez litzatekeelako ezer”.
Usadiozko ‘Gora Lazkao, gora San Prudentzio’ eta “biba zuek” oihukatu ondoren, udaltzain bat atera da balkoira, Iñaki Belamendia, eta hark su emanda aireratu da txapligua. Sekula baino ozenago entzun da durunda, baina inoiz baino isilago geratu da herria. Ondoren, ‘Ebamirentxu’ mitikoa zabaldu da bozgorailuetatik. Drindotsek ehunka aldiz jo duen plazan, lehenengo aldiz festazalerik gabe.
Bihar, San Prudentzio eguna, honako egitarauordea prestatu dute Festa Batzordean:
- 10:00. ‘Segurako Alborada’ txistuz balkoietatik jotzeko deia egiten zaie herritarrei (partitura www.lazkao.eus web orrialdean).
- Ondoren, txistu doinuak megafoniaz herrian zehar.
- 12:00. Herriguneko lau elizetatik kanpai joaldia.
- 13:00. Balkoietan topa egitea.
- 19:00. Txaranga eta euskal taldeen musika megafoniaz, herrian zehar.