Erretiroa eta proiektu berriak
Altzagarrak ondo betetzen ari dira etxealdia Maite Garmendia alkateak esan duenez. Altzagarate jatetxeko arduradun Lurdes Erauskinek erretiroa hartu du.
Maite Garmendia Altzagako alkateak altzagarrak etxealdia nola bizitzen ari diren kontatu du. «Pozik» agertu da, «herritarrak etxealdia ederki betetzen ari» direlako, baina «kezkatuta krisiak ekar dezakenarekin, eta penaz, herriko hainbat ekitaldi bertan behera geldituko direlako», maiatzaren 24ko Altzagarateko festa, besteak beste.
Udaletxearen egunerokoan, «aldaketekin», egoera berrira egokitu dira, herri guztietan bezala, hainbat neurri hartuz. «Administraria goizetan egoten da udaletxean, eta ni berriz arratsaldeetan, horrela ordutegi berean ez elkartzeko».
Jendaurreko arreta zerbitzua telefonoz ematen ari dira, 08:30etatik 13:30era bitartean, 943 88 37 37 eta 943 88 11 79 telefono zenbakietara deituta, eta administrazioa@altzaga.eus epostara idatzita. Ezinbestean zuzeneko arreta zerbitzua behar duenak, aurrez agertutako telefono zenbakira deituta, ordua hartzea gomendatzen du.
Behar bereziak dituzten herritarren kasuan, berrogeialdia betetzen ari diren pertsonen kasuan adibidez, Gurutze Gorria ari da arduratzen.
Gainera, arrisku taldeetan dauden pertsonei telefono bidezko jarraipena egiten ari zaie udala, herritar guztien ongizatea bermatze aldera.
Alarma egoera indarrean sartu aurretik abian zituzten proiektuei dagokienez, etenda daudela esan du Garmendiak: «Herri-bideak eta inbentarioa egiten ari ginen, Altzagatik Altzagaratera doan errepidea zabaltzeko lanak ere hasita zeuden, baina orain, etenda dago guztia».
Erretiroa
Zaldibian jaioa, duela 53 urte Altzagaraten bizi da Lurdes Erauskin. Bere ahotik iritsi da primizia. 77 urte beteak ditu, eta «erretiroa hartzeko garaia iritsi» zaiola esan du. Lanean eman du bizitza, «baserrian lehenengo». Baserrian bertan jatetxea ireki zuten ondoren, eta «hantxe, sukaldean» egin du lan gaztetatik.
Maiatzaren 24ean, Azintzio egunarekin batera, itxiera festa egiteko asmoa zuen. «Bezero eta lagunekin, giro onean amaitu nahi nuen, baina ez da posible izango, alarma egoeran, ezinezkoa baita». Hori dela eta, «penaz», baina aurrerantzean etorriko zaionarekin «pozik» dago, bizimodu «lasaiagoa» egin ahalko baitu. Aspertzeko denborarik, ordea, ez du izango: «Bilobei eta, otordua jarri, etxekoei lagundu, paseotxo batzuk egin, telebista ikustea ere gustatzen zait…baina batez ere, lorategia zaintzen, hortan pasako dut denbora gehien».
Esanezin taldea
Koronabirusak eragindako salbuespen egoera hontan erretiroa hartuko dute batzuk, eta bizitzaren lasterketan lekukoa hartuz, proiektu berriak sortuko dituzte beste batzuk. Esanezin taldearen sortzailea da Janire Aranzabe gaztea: «Taldea ezagutzera emateko ingurukoei eskatu nien laguntza. Etxealdian daudela, ‘esan ezin’ hitzek haientzat duen esanahia zein den galdetu nien. Erantzun pila jaso nituen, denetarikoak. Ideia horiekin, letra bat idatzi eta taldearen aurkezpen bideoa grabatu nuen». Proiektuaren aurrerapen modura, taldearen izen berbera duen abestia ere entzungai dago jada.