Idatzizkoak, beharrezkoak
Egunkari saltzaileek ez dute etenik izan. Salmenta puntuak beharrezkotzat jo zituen Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zenean. Covid-19ak salmentan eraginik izan badu ere, antzeko moduan ari dira lanean.
Alarma egoera ezarri zenean, hainbat establezimenduk lanean jarraitzeko baimena izan zuten. Izan ere, Espainiako Gobernuak zenbait jarduera izendatu zituen beharrezko gisa: farmaziak, elikagai dendak, garraiogintza… eta baita kioskoak ere. Koronabirusak eragindako egoera honetan lanean jarraitu dute komunikabideek, eta baita egunkari eta aldizkarien herriko salmenta puntuek ere.
Batzuek etxean jasotzen dute egunkaria, eta beste batzuek herriko kioskoan erosten dute. Saltzaileen arabera, lehenengo egunetan salmentek gora egin zuten, baina lantegiak lanera itzultzearekin baretu da egoera. Maria Jesus Elgarrestak Zumarragan dauka salmenta postua. Egunkariak eta aldizkariak saltzen ditu. Azaldu du alarma egoera ezarri zenean beltz ikusi zuela etorkizuna: «Ireki genezakeen, baina kezka zen jendea etorriko zen ala ez».
Normaltasunez
Azkenean ez du arazorik izan, eta esan du «normaltasunez» aritu dela lanean. Elgarrestak etxez etxe banatzen ditu egunkariak: «Ohitura da, urte asko daramatzagu etxeko banaketa egiten». Alde horretatik eraginik ez du nabari, baina ostalaritzako banaketa asko bertan behera geratu dira: «Tabernetan banatzen genituen egunkariak ez dituztela nahi erabaki dute tabernari askok, gutxik gorde dituzte haientzat», agertu du.
Bestalde, Elgarrestak adierazi du irakurleen adinak ere ezinegona eragin ziola hasiera batean. Izan ere, haren bezeroak 50 urtetik gorakoak dira: «Uste nuen, adinagatik, etxean geratuko zirela».
Kontrakoa jaso du, ordea: «Egunkaria erosten ikusi ez dudan jendea ere etorri da erostera». Haren arabera, lanagatik denborarik ez zuten herritarrek orain, etxean egonda, egunkaria erosten dute. Gehitu du lehen baino kirol egunkari gehiago saldu dituela egunotan: «Jende askok bigarren egunkari bat erosten du, eta kirolarekin erlazionaturikoak izaten dira salduenak».
Bestalde, Zumarragakoak jakinarazi du aldizkarien eskaerak nabarmen egin zuela gora konfinamenduaren lehenenengo asteetan: «Ez ditugu lehen bezainbeste saltzen, gutxiago saltzen ditugu, baina hasieran aldizkariak eta entretenitzeko produktuak eskatzen zituzten erosleek, etxean egonda zerbait egiteko». Berak aldaketarik ia izan ez duen Egunkari saltzaileek ez dute etenik izan. Salmenta puntuak beharrezkotzat jo zituen Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zenean. Covid-19ak salmentan eraginik izan badu ere, antzeko moduan ari dira lanean.
Lanera buelta
Beasainen du kioskoa Jon Aranburuk. Bertan, prentsaz gain, loteria, primitiba, kinilela administrazioa ere bada. Orain, halere, ezin du zerbitzu hori eman: «Ezin dugu loteriarik saldu, aktibitate hori bertan behera geratuta dago». Prentsari dagokionez, Aranburuk azaldu du nabaria dela Aste Santuaren ondoren lanera itzuli direla herritar asko: «Lehenengo astean gehiago saltzen zen, baina orain salmenta baretu da». Aranburuk jakitera eman du hasieran jende guztia etxean zegoela eta erosteko zein irakurtzeko denbora bazuela, baina lanera itzulita betiko martxa hartu duela kioskoan ere.
Liburu gutxi dituen arren, batzuk saldu ditu. Banaketa aldetik azaldu du ez duela arazorik izan eta betiko moduan jaso duela. Oraingoz maiatzaren 9ra arte ezarri du Espainiako Gobernuak alarma egoera. Kioskoek lanean jarraituko dute ordura arte eta baita aurrerantzean ere. Luzapenik balego ere, bertan izango dira egunkari saltzaileak.
Egoera kontuan izanda eta egunkari salmentaren garapenari erreparatuta, irakurketa eta informazioa jasotzea beharrezkotzat jotzen dute herritarrek. Papera lehenesten dute askok oraindik ere.