Aurretik baino zorrotzago
Koronabirusagatik alarma egoera ezarri eta Hortz Klinikei ere eragin zien erabakian. Egoera oso berezian daude, larrialdiak baino ezin dituztelako artatu. Haien jarduerara itzulera, neurri oso zorrotzekin izango da.
Azken asteotan lan jarduera desberdinetan lan egiten duten pertsonen artean, enpresa txikietako arduradunen artean batez ere, «ez dakit noiz eta nola bueltatuko garen lanera» esaldia da gehien errepikatzen dena. Berdin-berdin da ostalaritzaritzan, nekazalturismoetan, ileapaindegietan, saltokietan orokorrean, eta baita hortz kliniketan ere. Hortz kliniken kasuan, osasunari lotuta badaude ere, Eusko Jaurlaritzaren lege-oharrari jarraiki, larrialdi kasuak artatu ditzakete bakarrik. Hala ari dira, Alai Hortz klinikan, Zumarragan eta Lazkaon, eta Iñausti Hortz Klinikan, Beasainen.
Maribi Castrillok urte asko daramatza sektorean lanean eta bizi dugun egoeraren aurrean «kezka» agertu du. Eguneroko martxa «guztiz aldatu» da. Orain, «asteko zazpi egunetan 24 orduz larrialdiren bat bada, telefonoa ondoan» duela dago.
Hortz-kliniketan, segurtasun eta garbitasun protokoloak «beti izan dira gogorrak, baina orain, Covid-19az kutsatzeko arriskua oso handia denez, zuzenean ahoan ari garelako lanean, eta distantziak ere ezin direnez guztiz bete, babes metodo berri guztiak daramatzagu,hala behartu gaituztelako, eta gainera, klinikara datozenak ere seguru senti daitezen nahi dugu, momentu oro».
Orain koronabirusa da baina hau guztia baino lehenago ere, «segurtasun neurriak hartuta geunden, hala nola, eskuak hidro alkoholikoekin garbitzea».
Covid-19ak eragingo duenarekin, «nahiz eta pixka bat kostatu, guztiok ohitu beharko dugu», eta hori esaten duenean «lanean hartu beharreko neurri bereziez» ari da, besteak beste. Eguneroko agendan «eragina» izango duela ere uste du. «Orain arteko paziente kopurua ezingo dugu artatu, polikiago egin beharko dugu lan». Garbitasunari dagokionez, «beti kontu handiz lan egin dugu, baina kontu handiagoz ibili beharko dugu hemendik aurrera».
Dena den, «gurera datozen pertsonen osasuna aurretik jarri eta gure esku dagoen guztia egingo dugu» bukatu du esaten.
Beasaingo Iñausti Hortz Klinikako langilea da Ixiar Juarez. Etxean dago, ERTEa aplikatu dietelako langileei, baina klinikako martxaren berri ondo daki, haren ahizpa baita enpresaren arduraduna.
Lan jardueraren eteteak, «ekonomikoki zein ondorio izango duen kezkatzen» du, baina hala izanda ere, aurrera jarraitu behar da eta lanera itzulera prestatzen ari direla esan du: «Covid-19ak laneko protokoloak gogortuko ditu; maskara bereziak, betaurrekoak, eskuzorroak, orain artekoak baino zorrotzagoak izango dira neurriak, eta ondo prestatu behar dugu, hala behartzen gaituztelako eta pazienteen osasunagatik ere».
Garbitasunari dagokionez ere, gauzak zorroztu egin dituzte: «Pazientetik pazientera garbiketa sakonagoa egin beharko da».
Materiala lortzeko arazoa
Komunikabideetan ikusi ahal izan da, azken asteetan, segurtasun neurriak zaintzeko beharrezko materialak, maskarak batez ere, lortzea odisea bat bihurtu dela. Juarezek hala esan du: «Otsaila erdialdean, maskara kirurgikoak eskuratzeko arazoak izan genituen jada, nahi beste lortzea ezinezkoa izan zitzaigun». Dena den, momentuz, materiala ziurtatuta dutela ere esan du, «gordailutik eskuratzen» dutelako.