Prudentziaren festak Lazkaon
Ezohiko egoeran egin du pregoia Lazkaon Drindotsek, plaza hutsik dela. Jendea balkoietatik ospatzeko gogoz dago, ordea: mozorrotuta, txistua joz edo topa eginez.
Euskaldunok langile sona dugu munduan zehar, baina jai egiteko orduan ere ez gara atzean geratzen diren horietakoak; hortik etorriko da, seguru asko, ‘ezer ez eta festa’ esamoldea. Aurten, ordea, ezer ez zen birus bat iritsi, eta ‘festak eta ezer ez’ egoeran jarri gaitu». Horrela hasi zuen Drindots musika taldeak herenegun udaletxeko balkoitik bozgorailuz zabaldu zen pregoia. Ezohiko egoeran egin da San Prudentzioen izeneko pregoia: festarik gabe, plaza huts-hutsik, eta pregoilariak etxetik, grabatutako audio-mezu baten bitartez.
Festak bertan behera utzi arren, ordezko ekitaldi batzuk garatzen ari dira; urrutitik eta jende pilaketarik gabe. Konfinamendua ez hausteko deiadarka ari da udala autotik megafoniaz. Koronabirusak behartuta, Drindotsek ezin izan du balkoitik bertatik sutu suziria. Haien partez, Iñaki Belamendia udaltzaina arduratu da txapligua botatzeaz. Plaza hutsean, sekula baino oihartzun handiagoa egin du.
Drindotsek abenduan jakinarazi zuen musika-eszena utziko zuela, 40 urteren ondoren. Osasungintzako eta kultura-sorkuntzako langileetan izan zuten gogoa eskerrak ematerakoan, «eta, nola ez, Lazkaoko herriari, berotasuna eta maitasuna helarazi dizkigulako, eta, jakina, plazan dantzan aritu zareten guztioi, zuek gabe festa ere ez litzatekeelako ezer», irakurri zuen Jon Urdangarinek.
Festa, etxetik
Ondo pasatzeko beharra eta gogoa sekula baino gehiago daukate lazkaotarrek. Larunbatean, mozorro eguna behar zukeenean, iragarri gabeko parranda etxekoia egin zen, balkoietan. Mozorrotu ziren asko, eta balkoiak dantzaleku bihurtu ziren.
Zaindari egunean, atzo, Segurako Alborada etxetik jo zuten txistulariek. Hutsik egin gabe, Antzolategi etxetik jardun zen Martin Mari Aranburu ere: «14 urterekin hasi nintzen txistua jotzen, eta 74 dauzkat. Halako egoerarik ez dut sekula ezagutu, eta tristura ematen dit. Festetan, goizeko diana polita izaten da, asko gustatzen zait. Aurten ezin da, baina izango dira beste urte batzuk», zioen Aranburuk.
Gaur umeek balkoia apaintzeko deialdia dute, eta bihar kuadrillek, eurena zen egunean.