Arrautza gosea ase ezinda
Itxialdian arrautzen kontsumoak gora egin du eta Zaldibiako Euskaber eta Idiazabalgo San Blas ekoizleak lanez gainezka ibili dira. «Oiloek arrautza gehiago ezin dutelako jarri ez dugu gehiago saldu». Barealdia espero dute orain.
Soilik funtsezko produktuak kontsumitu daitekeen honetan argi ikusten da arrautzak oinarri-oinarrizko jakia direla. Gordinik jan daitezke, egosita, frijituta, irabiatuta… eta beste jaki askoren osagaietako bat ere bada. Hala, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioaren arabera hazi egin da arrautzen kontsumoa, eta ekoizleek nabaritu dute igoera hori. «Oiloek arrautza gehiago ezin dituztelako jarri ez dugu gehiago saldu. Eskaria oso handia zen», dio Esteban Atxa Euskaber ekoiztetxeko arduradunak. «Egunean 5.000 bat dozena arrautza jasotzen ditugu gutxi gorabehera, eta dena saldu dugu», gaineratu du Julia Aramendi San Blas ekoiztetxeko arduradunak.
Euskal Autonomi Erkidegoan jakien salerosketa %60 hazi da iazko datuekin alderatuta Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailaren arabera. Zehazki, jatorri desberdinen arrautza kontsumoa %57 hazi da. Halere, pasa den asteko datuekin alderatuta %7 jaitsi egin da. «Martxoko azken asteak zoramena izan ziren. Egun batetik bestera hornitu behar izaten genituen dendak arrautzak agortu egiten zirelako. Orain ari da egoera baretzen», azaldu du Julia Aramendi San Blas ekoiztetxeko arduradunak. Jaitsiera, ordea, ez da galera izango: «Txarrenera, gure aurreikuspenetara itzuliko gara».
Bi ekoizleek, nagusiki, arrautzak supermerkatuetara eta denda txikietara bideratzen dituzte. «Gure ekoizpena etxeetara dago bideratuta. Itxialdia hasi zenetik eguneko jatordu guztiak etxean egiten ditugu eta, ondorioz, lan asko izan dugu», dio Atxak. Aramendik bat egiten du: «Goierrin barrena saltzen ditugu arrautzak, eta baita ere Oñatin, Tolosan, Irunen… eta plataforma baten bidez supermerkatuetara ere saltzen dugu. Hauen eskaria oso handia izan da eta hornidura burutzeko presaka ibili gara».
Ostalaritzara eta eskoletara bideratzen ziren eskariak desagertu egin dira: «Alde batetik izan dugun igoera, bestetik jaitsi da. Adibidez, inguruko sagardotegietara ere saltzen ditugu arrautzak eta bide hori amaitu egin da», nabarmendu du Aramendik. «Salmenta kopurua mantendu egin dela esan dezakegu».
Ezinbesteko sektorea izanik eta horrenbesteko eskaria izanda, atsedenik gabe egin dute lan. Eta «etenik gabe», gaineratu du Euskaberreko kudeatzaileak. «Itxialdiak ez gaitu geldiarazi, baina segurtasun neurriak zorroztu behar izan ditugu. Higiene neurriak are gehiago zorroztu ditugu eta langileek musukoarekin eta pantaila bidez egiten dute lan», azpimarratu du Atxak. Neurriek eragina izan dute eta bi ekoiztetxeetan ez da langilerik gaixotu.
Banaketarako garaian ere ez dute arazorik izan. «Hasieran urduritasuna nabarmena zen, ezjakintasuna baitzegoen. Ez genekien bezeroen eta banatzaileen arteko harremana nolakoa izan behar zen eta errepidean ere ez genekielako ibili ahalko zen. Baina hori ere ikasi dugu», dio Aramendik.
«Guk ere izan genituen zalantzak. Ez genekien ongi zer egin genezakeen eta zer ez, baina Ertzaintzarengana jo genuen eta haiek argi esan ziguten gurea oinarrizko jarduera zenez ez genuela inolako oztoporik. Are gehiago, errepidean ibiltzeko erraztasunak ere izan ditugu trafikoa inoiz baino lasaiago egon baita», aipatu du txantxetan Atxak.