Betiko patxadan dago Gaintza
Lasaitasun ia erabatekoa izan ohi da Gaintzan urtearen gainontzean ere, baina mugimendu apur hori ere desagerrarazi du itxialdiak. Begi-bista luzea da aringarri.
Haize fina dabil Gaintzako plazan, asteazken goizean, udaberria aurreratua dagoen arren. Kalean inoren hitzotsik ez, haizearen firrindarena ez bada. Dozena erdi bat auto aparkatuta, jendea etxean dagoen seinale. Errepidean, ohi baino joan-etorri gutxiago: ordubetean bi auto igaro dira harrizko zoruan traka-traka.
Egiari zor, ez da edozein lanegun arruntetatik oso bestelakoa patxada hori, Gaintza lasaia baita berez. Baina koronabirusaren izurria iritsi da Goierriko herri garaienaren 448 metroetaraino ere, eta aldatu ditu ohiturak.
Tabernak eta jatetxeak itxita daude. Kaletxikiko leiho eta ate, kontraleihoak botata. Oteñen, berdin. On-Bide elkarteko ate-pertsianan, itxieraren agindua orri handi batean ondo bistan dago itsatsita; «momentuz martxoaren 29ra arte». Lekutan da. Jolas parkea zintaz zigilatua, frontoia ere isilik, goiko merendalekuan mahai pare soila.
Barberotegi etxe aurreko lorategian sumatzen da mugimendua. Aitzurrarekin ari da Ricardo Iruarriz: «Normalean mugimendu handirik ez da egoten hemen, eta orain gutxiago. Denak etxean sartuta egongo dira. Lana ere etxetik egiten du askok. Pareko etxekoak bezala; komertziala da, baina etxetik ari da», dio, «txapuza batzuk egin bitartean».
Behean bizi da Iruarriz, baina Gaintzara igotzeko ohitura egunero zeukanez lehen ere, eutsi dio. «Iloba etortzekoa zait orain, laguntzera». Lanak eta mantenimendu beharrek ez dute barkatzen etxe handi horietan.
Gaintzar bat hil du birusak
Udalerri txikia izanagatik 120 biztanle, koronabirusaren estatistiketan krisialdiaren oso hasieratik agertu zen Gaintzan kutsatu bat zegoela. Ordiziako San Jose egoitzan bizi zen emakumezko bat zen, eta zoritxarrez birusak eraman du mundu honetatik. Herrian bertan ez da kasu positiborik atzeman.
Bien bitartean, inoiz iritsiko den normaltasunean begirada jarrita, bakoitza bere zereginetan ari da. Udala ere lanean ari da. «Herria lasai dago. Haur eskola itxita dago, udaletxean lanean ari gara baina ateak itxita. Zerbait denean kasu egin behar zaio herritarrari. Ea laster jartzen den egoera konpontze bidean», azaldu du Inaxio Elosegi administrariak, udaletxeko leihotik.
Herriko aguazila, traktore handi batekin, lur lanetarako prestatuta badoa nora-hara. Ardiak bakeoso daude hausnarrean beheraxeago, artile luzatua haizeak laztantzen dien bitartean. Egur lanetan ere bai basomutilak, pinudi bat ateratzen. Bertan geratzeko gogoarekin agurtu du bisitari bakana Gaintzak.