Denborak agortu ez duen emaria
Larunbatean beteko da Joxan Ormazabal joan zeneko 10. urtemuga, eta hark egindako lanak webgune batean bildu ditu Elkar argitaletxeak.
Umeen eta euskararen mundura ur freskoa ekarri zuen iturria izan zen Joxan Ormazabal (Zegama, 1948-2010). Larunbatean beteko da hil zeneko hamargarren urtemuga, baina denborak ez du iturri haren emaria agortu. Haur literaturan eta euskarazko kantagintzan lan zabala egin zuen; haren lanak eta biografia sarean bildu ditu Elkar argitaletxeak.
Joxantonio Ormazabal Berasategi 1948ko uztailaren 21ean jaio zen Zegaman. Apaizgaitegian egin zituen aurreneko ikasketak, baina gaztetan, hura utzi eta maisu-ikasketak egin zituen. Magisteritza bukatu eta urte batzuetan irakasle aritu zen, Zarauzko eta Beasaingo ikastoletan. Artean hasi gabea zen bere lanak argitaratzen, baina ikasleentzako kantak eta ipuinak asmatzen zituen. Joseba Jaka herrikideak editore lanetan hasteko gonbitea egin zion 1981. urtean, Elkar argitaletxean. Autore, itzultzaile eta editore gisa aritu izan zen lanean, eta euskarazko haur literatura modernoaren zutabeetako bat bihurtu zen.
Idazten egin zituen hogeita hamar urteetan, literatur lan oparoa utzi zuen, 50 bat titulurekin. Horietako batzuk dira Kaskarintxo (1982) eta Margolin (1983) bezalako irakurgaiak. Teo pertsonaiaren abenturak ere itzuli zituzen, baita beste ipuin asko ere. Pernando Amezketarraren gertaerak (1981) eta Lazkao Txikirenak (1995) ere jaso zituen. Hainbat euskal ipuin tradizional ere egokitu eta eguneratu zituen, oso ezagunak egin ziren Makilakixki edo Patxi Errementaria tartean. Azken urteetan, lan sakonagoetan ere murgildu zen, Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) poema sorta eta Ehun ipuin hitz gutxitan (2010) bezalako lanekin.
Ormazabalen emaria ez da hor gelditzen, ordea. Hark idatzi eta Imanol Urbietak musikatutako kantak haur belaunaldi oso baten poz-iturri bihurtu baitziren. Horietako batzuk dira Astoa ikusi nuen, Txoria nintzela edo Mila kilo zorion.