«Eskertza bi noranzkoetan izan behar da, zuek guri eta guk zuei»
Anbulantzian egiten du lan Ordizian bizi den Alberto Ibarzabalek. Beasaingo Igartza Oleta kalean dute basea, eta bertan jasotzen dituzte pazienteak artatzeko abisuak.
Zenbat denbora daramazu anbulantzietan lanean? Zein da zure lana zehazki?
Aurreko mendean hasi nintzen, 1998an. Arlo desberdinetan aritzen naiz, anbulantzia desberdinetan. Osasun larrialdietako teknikaria naiz. Batetik, errehabilitazio kontuak eta interkonsultak egin ditzaket. Eta bestetik, oinarrizko bizi euskarriko eta bizi euskarri aurreratuko anbulantzietan egiten dut lan.
Nola eragin dizue Covid-19ak lan arloan? Lan metodoa aldatu behar izan duzue?
Guztiok egokitu behar izan dugu egoerara. Dena antzeko martxan dabil, baina Covid19-arekin protokoloa, neurriak eta ardurak intentsifikatu dira. Gure eguneroko lanean sartu behar izan dugu protokolo hori. Egoerak eragin duen ezinegonagatik batzuk erori egin dira, eta erori ez garenok ahal dugun heinean tinko jarraituko dugu.
Ezinegona aipatu duzu. Pertsonalki eta animikoki nola daramazue alarma egoera?
Hori pertsonaren araberakoa da. Niretzako oso garrantzitsua da higiene mentala izatea. Gauzak ondo doazenean karga psikologikoa txikiagoa da, eta horregatik niri goardia aldaketetan higiene mental hori egitea gustatzen zait. Arazoak edo kezkak bota, eta horrela etxera joatean nolabait bideratuta dago. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zait elkartasuna nagusitu dela aipatzea. Elkarri gertuagotik begiratu diogu, ez figurak bezala, baizik eta pertsonak bezala. Benetan espero dut hau guztia pasatzean herritarrok hori ere gogoratzea.
Sintomak dituzten pazienteentzako etxebizitza batzuk egokitu dituzte. Zuentzako?
Hori ere bideratuta dago. Prebentiboki, ez. Baina norbait kutsatzen bada eta etxean ezin badu bizitza normala egin, orduan bai. Adibidez, etxean komun bakarra badago eta ezin badute komun bera erabili, kasu horretan bai. Bestetik, Bilboko edo Gasteizko lankide batek hemen egunetik egunera goardia egin beharko balu, badaude lekuak proposatuta.
Zuek ere lehen lerroan zaudete eta egunero egin behar diozue aurre egoerari.
Egoera honen hasieran EPI eta material faltarekin ikaratuta egon ginen, baina gure enpresak behintzat nahiko arin argitu du.
Zeinek darama anbulantzien kudeaketa? Zein da anbulantzien enpresa arduraduna?
Osakidetzak zerbitzuak eskaintzen ditu, baina zerbitzu horiek eskaintza publikoaren bidez ematen ditu. Lehiaketa publiko hori irabazten duenak epe baterako izango du zerbitzua kudeatzeko eskumena. Kasu honetan Ambulancias Gipuzkoa S. Kooperatiba da enpresa.
Koronabirus kasuak atzemateko testik egin dizute?
Osakidetzak bere pertsonalari egiten dio, baina gu beste enpresa bat gara eta, hortaz, mutuara bideratzen dute. Bertan irizpidea da soilik sintomak dituenari edo baja hartu duenari egitea testa. Hasieran informazio asko zegoen; materiala, testak, protokoloak… kaotikogoa zen. Baina orain bideratuago dago.
Anbulantziak kalez kale joaten dira 20:00ak aldera egunero. Nola hasi zen ekimen hau?
Goierri mailan, herritarrek txaloak jotzen dituzte ordu horretan osasun langileak eskertzeko, egin beharreko esfortzu hori eta hartu beharreko arrisku horiek. Lehenengo aldian anbulantzia bakarrarekin atera ginen, baina abisua zortziretan jaso genuen eta azkenean ez genuen egin. Hurrengoan bi anbulantzia atera ginen, eta ordutik lankide gehiago animatu dira.
Jendeak nola eskertzen duen ikustean… lankide batzuk emozionatuta ere ikusi ditut. Eskertza bi noranzkoetan izan behar da, zuek guri eta guk zuei ere. Guztiok batera hobeto aterako gara honetatik.